Ablitas

Ablitas
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Ablitasko herrigunea.

Bandera

Ablitasko armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Tutera
EskualdeaErribera
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Ablitas
AlkateaKarmelo Arriazu(Na+)
Posta kodea31523
INE kodea31006
Herritarraablitastar[1]
Geografia
Koordenatuak41°58′25″N 1°38′19″W / 41.973611111111°N 1.6386111111111°W / 41.973611111111; -1.6386111111111
Azalera77,48 km²
Garaiera387 metro
Distantzia104 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria2.610 (2023:  53)
alt_left 1.229 (%47,1)(2019) (%48) 1.252 alt_right
Dentsitatea34,41 bizt/km²
Zahartzea[2]% 22,42
Ugalkortasuna[2]‰ 38,73
Ekonomia
Jarduera[2]% 77,38 (2011)
Desberdintasuna[2]% 0 (2011)
Langabezia[2]% 16,84 (2013)
Euskara
Euskaldunak[3][4]% 0,60 (2018:  %-0,31)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://ablitas.es/


Ablitas[5] Nafarroa Garaiko hegoaldeko muturrean dagoen udalerria da, Euskal Herriko hegoaldekoena. Nafarroako hiriburu Iruñetik 104 kilometro hegoaldera dago, Tuterako merindadean. 2014. urtean 2.549 biztanle zituen.

Izena

Izenaren ahoskera [aβlitas̺] da.

Geografia

Ingurune naturala eta klima

Herriak Ebro ibaiaren sakonuneko udalerri guztien klima bera du, mediterranear epela. Urteko batez besteko tenperatura 14 gradu da, eta prezipitazioak 500 mm inguru. Urteko egun euritsuak 60-70 bitarte dira. Prezipitazioak udaberri eta udazkenean izaten dira ugarien.

Herrigunearen kanpoaldean, itsas mailatik 332 metro gorago, Espainiako Nekazaritza Ministerioaren estazio meteorologikoa dago.[6]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikusi edo aldatu grafifa honetako datuak prozesatu gabe.

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Lor aintzira

Sakontzeko, irakurri: «Lor aintzira»

Lor aintzira Ablitasko ipar-mendebaldean dago. Ahate eta hegazti espezie ugariren bizileku da.

Lor aintzira.

Historia

Ablitasen Antzinako Erromako galtzada bat dago.

Ablitas Tuterako errekonkistaren ondorengo herria da, Alfontso I.a Bataiatzaileak emaniko foruaren ondorioz. Erregeak berak Ablitasko meskita Tuterako Andre Maria elizaren eskumenean jarri zuen, baina dena den, Ablitasen, musulman ugari bizi izan zen XV. mendera arte. Musulmanez gain, judu batzuk ere bizi izan ziren kristauen artean.

Santa Maria Magdalena eliza.

1137. urtean Aragoiko Erresumak Nafarroakoari eraso zion, eta Antso VI.a Nafarroakoak, erasoari erantzuteko, Azagrako Gonzalo kontseilariaren laguntza izan zuen. Ablitas erregearen jabetza bihurtu zen, eta erresumako hegoaldeko muturreko herria izateagatik, defentsarako gune estrategikoa izan zen 1350. eta 1352. urteetako erasoaldi aragoitarretan. 1405eko urtarrilaren 31n, Karlos III.a erregeak jaurerria berretsi zuen eta Lakarrako Martin Enriquezi eman zion udalerriaren jabetza. 1439an Joan II.ak berriro ere aldarrikatu zuen jaurerria eta inguruko lurren kontrola, herritarrak "lakarraterren" leinuari lotuz.

1652an jaurerria konderri bihurtu zen eta Lakarra familiak herriaren kudeaketa ez ezik, legedia kriminala ezartzeko boterea ere lortu zuten, 1638an. Lakarratarrek alkatea eta bi erregidore edo zinegotzi izendatzeko ahalmena zuten. XIV. mendearen amaieran, Ablitasek harzuri harrobia zeukan, eta bertatik ateratako harriekin Tuterako gazteluaren kapitelak eraiki ziren. Horrez gain, Erriberriko jauregiaren errege irudiak eta beste hainbat elizatako egitura egiteko erabili ziren.

Udalerriak ordaindu beharreko zerga edo petxen kontura Tulebrasko mojen monasterioaren zerbitzua ordaintzen zen, baina Ablitasko jaurerria Lakarra familiari dohaintza moduan emateak arriskuan jarri zuen monasterioaren etorkizuna. Azkenik, Leonor printzesak monasterioak urtero jasoko zuen zuzkidura (hornidura) edo dirua berretsi zuen. XVIII. mendearen amaieran, herria Montijoko kondesak izendaturiko alkateak eta bi zinegotzik zuzentzen zuten.

XIX. mendearen hasieran, garia, garagarra, mahatsa eta oliboa landatzen ziren Ablitasko lurretan. Horrez gain, abeltzaintza eta harzuri eta igeltsu harrobiak zeuden. XIX. mendearen amaieran, Ablitasek 7.000 erregutako landatze lurrak zeuzkan, mende hasieran baino gutxiago.

1936an aerodromo bat eraiki zuten herrian, 1967an Espainiako Aireko Armadak bereganatu zuena.[7]

Demografia

XX. mendearen lehen erdialdean zehar berezko hazkunde txikia izan zuen Ablitasek. Ondoren, populazioa 2.300 biztanleen inguruan egonkortu zen mende amaierara arte. XXI. mendearen lehen hamarkadan hazkunde esanguratsua izan zuen eta 300 biztanle irabazi zituen herriak.

Ablitaseko biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 240 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %9,76 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).

Politika

Udal hauteskundeak

Ablitasko alkate Luis Maria Sada atera zen 2007ko hauteskundeez geroztik, UPN bere alderdiak udaleko hamaika zinegotzietatik sei lortu zituen eta hortaz gehiengo osoa udalean. Baliogabeko botoak 30 izan ziren (erroldaren %1,94) eta boto zuriak 34 (erroldaren %2,25). Abstentzioa %21,50ekoa izan zen.

2011n Cecilio Antón Ruiz aukeratu zuten alkate; PSNtik aldendutakoek[8] sortutako Ablitaseko Sozialista Independenteak (SIA) zerrendako burua zen. Sei zinegotzi lortu zituen, eta Nafar Herriaren Batasunak bost izan zituen.

2015ean ere Ablitaseko Sozialista Independenteak taldeak gehiengoa eskuratu zuen, zortzi zinegotzirekin. Nafar Herriaren Batasunak hiru lortu zituen. 2019an, berriz, Carmelo Arriazuk (NA+) lortu zuen alkatetza.

Ablitasko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

Zinegotziak Boto kopurua
Ablitaseko Sozialista Independenteak (SIA)
8 / 11
927 (% 64,69)
Nafar Herriaren Batasuna (UPN)
3 / 11
459 (% 32,03)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean

Udaletxea

Udaletxea 1606an eraiki zen, Torrazako dorretik ekarritako harlanduekin. Gaur egungo egitura 1887an egindako berreraikitze baten ondorio da. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: Kale Nagusia, 78

Azpiegitura eta garraioak

Alberto Elcarte autobus konpainiak Ablitas Tuterarekin batzen du. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:

Kultura

Euskara

Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Ablitas eremu ez-euskalduneko udalerria da. Horrenbestez, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldan, herritarren % 0,5 ziren euskaldunak.

Jaiak eta ospakizunak

Herriko jaiak irailaren 7tik irailaren 14ra ospatzen dira Arrosarioko Andre Mariaren omenez. Horrez gain, uztailaren 22an Andre Maria Madalenaren jaiak antolatzen dira, udaletxe zaharraren balkoitik jaurtitako madariekin.

Erriberako beste herri batzuetan bezala, paloteado makil-dantzak dira tipikoak Ablitasen. 20. mendean galdu egin ziren dantza hauek, baina 1996an herritarrek berreskuratu egin zituzten. Besteak beste Paseo eta Baile de Palos izeneko dantzak dira Monteagudoko paloteado batzuk[9].

Ondasun nabarmenak

Ablitasko Ospitalea

Ablitasko ospitalea 1300. urtean sortu zen, Udalaren erabakiz. Eraikina mantentzeko, herritarrek emaniko limosnez baliatzen ziren. 1767an diru-bilketa herriko bi zinegotzik egiten zuten, jaiegunetan. 1896. urtean ospitalea udalaren eskuetan geratu zen, eta 1910etik aurrera Kontsolazioko mojen zaintzapean utzi zuten.

Ablitasko gaztelua

Sakontzeko, irakurri: «Ablitasko gaztelua»
Ablitasko gazteluaren barnealdea.

Alfontso I.a Bataiatzailearen konkistaren ondorioz Ablitasko gaztelua eraiki zela uste da. 1276an Oibarko Martin Ruizek Juana erreginari omenaldia egin zion Ablitasko gazteluan eta erreinuko beste bost gotorlekuetan. Lau urte geroago, kanpoko horma berreraikitzeko lanak egin ziren, behera erorita baitzegoen. 1320an Juan Le Chat zen gotorlekuko alkaidea, eta bere karguan 10 liberako soldata jasotzen zuen. 1357an berriro ere, zaharberritze lanari ekin zitzaion, Ribaforadako Beltran gotorlekuko alkaide zelarik.

XVI. mendearen hasieran, Gaztelako erresumaren inbasioaren ondoren, Nafarroako Erresuma zaharreko gazteluen eraistea agindu bazen ere, Ablitasko gaztelua zutik mantendu zen, bai 1516an, bai 1521ean. Gaur egun zilindro itxurako dorrearen hondarrak, harlanduzko hainbat egitura, eta iraganbidearen zati batzuk kontserbatzen dira.

Santa Maria Magdalena eliza

Sakontzeko, irakurri: «Santa Maria Magdalena eliza (Ablitas)»

Santa Maria Magdalena eliza eraikin gotiko-errenazentista da. Aipagarriak dira harlanduzko dorrea eta gaztelubegiak. Jatorrizko egitura Erdi Arokoa den arren, elizaren gaur egungo egitura, XVI. mendetik aurrera egindako handitze eta berrikuntza lanen ondorio da.

XVI. mendearen amaieran, bi zatiko hiru nabe berri gehitu zitzaizkion jatorrizko nabe bakarrari, poligono itxurako aurrealdea eta sakristiarekin batera. Lan hauetan, berriro ere, izardun harlanduak erabili ziren.

Ablistasko kondeen jauregia

Ablistako kondearen jauregia, XVII. mendean eraiki zen. 1788an, kondearen titulua Montijoko kondearen eskuetara igaro zen. Armagintza liburuan, Ablitasko jaunaren armarria ageri da, sable eta zilarrezko hogeita bat bezanterekin. Konderriko antzinako etxea, Foruen Plazan kontserbatzen da, harrizko dinteldun atea dauka, adreiluzko fatxada, eta arkudun iraganbidea. Fatxadan, koarteldun armarria ageri da.

Baselizak

Jatorriz Ablitasen hiru baseliza izan ziren, San Migel, Sortzez Garbiaren baseliza, eta San Juan Pedrizena. Gaur egun, San Migel baseliza berria, eta Sortzez Garbiaren baseliza berria gordetzen dira, antzinako eraikinen hondarren gainean eraikiak.

Pedrizko eremua

Gaur egungo Pedriz eremua, Ablitasen mendean dagoena, Alfontso Batailatzaileak menderatu zuen 1118. urtean, eta 1164.ean Antso Jakintsuak Jerusalemgo Ospitaleari dohaintzan eman zion. Gaur egun, zenbait aztarna ikus daitezke.

Arkeologia

1925. urtean, arkeologia aztarnategi bat aurkitu zen. Bertan, zenbait txanpon aurkitu ziren Calatayud, Zaragoza, Calahorra, Tarazona eta Huescakoak, iberiar ale batzuk eta erromatar zenbait ere bai, errepublikarrak, eta, batez ere, Augustoren garaikoak

Ablitastar ospetsuak

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa


Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!