Eskualde natural hau osatzen duten herri guztietatik bik baino ez dute berezko udalerria. 1857ko fusio handian parte hartu bazuen ere, 1951nLezaun Deierritik atera eta bere udalerria osatu egin zuen. Abartzuzak gauza bera egina zuen lehenago, XIX. mendean.
Ingurune naturala
Iparraldean Urbasa eta mendebaldean Lokiz mendilerroak ditu kokatuta. Ekialdean, bestela, Allozko urtegia dago.
Deierri izena "Deio" eta "herri" hitzen batura da, DeioVillamayor de Monjardín hiriaren izen zaharra izanik. Deierri izena erdi aroan gaur egungo Lizarraldea eskualdea izendatzeko erabiltzen zen, Lizarrako hiria sortu baino lehen eskualde honetako hiri nagusia Villamayor de Monjardín baitzen. XI. mendetik aitzinera Lizarrak garrantzia eta botere gehiago hartu zuen eta Deierri terminoa eskualdeko ipar-ekialdeko zonaldea izendatzeko erabiltzen hasi zen, gaur egungo Goñerri, Gesalatz eta Deierri hain zuzen ere, gerora Goñerri eta beranduago Gesalatz bananduz.
Gaztelerazko izena Valle de Yerri da. Hau euskaratik gaztelerarako gaizki egindako itzulpen baten ondorio izan zen, eskribau anonimo batek Deierri edo Deyerri-ren hasierako "De-" preposiziotzat hartu eta hitza bitan banatu baitzuen.
Demografia
XX. mendearen lehen erdialdean populazio nahiko egonkorra mantendu ondoren, 1950eko hamarkadatik aurrera despopulazio larria jasan zuen Deierrik, XXI. mendearen lehen hamarkadan jarraitu zuenak. Gaur egun 1.500 biztanle inguruan egonkortu da populazioa (1900. urtean 4.000 inguru ziren udalerrian bizi zirenak).
Deierriko biztanleria
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 77 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %4,94 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
2007an Deierriko alkate kargurako Nafarroako Herriaren Batasuna alderdi politikoko Carlos Remírez de Ganuza Ros aukeratu zuten. Udaletxeko bederatzi zinegotzietatik lau lortu zituen, eta gehiengo absolutoa lortu ez arren PSNren botoen laguntza izan zuen. Baliogabeko botoak hamabost izan ziren (emandako guztien %1,57) eta boto zuriak hamazazpi (botoen %1,80). Abstentzioa %29,94koa izan zen.
2011ko udal hauteskundeetan ere bozkatuena UPN izan zen baina Iranzuk (izen osoa: Candidatura Popular Iranzu Herri kandidatura, CPIHK) bi botora geratu zen. Hala ere, UPN eta PSNren arteko akordioa itxi egin zen eta alkatetza bien artean (PSN lehen urtean, UPN beste hiruretan) banatzea erabaki zuten; 2011n PSNko Francisco Javier Carmona Ollo hasi zen alkate eta espero da 2012an UPNko Luis Albenizek hartzea[7].