Hiru auzo ditu: Alde Zaharra, Auzo Berria eta Zortziko.
Ingurune naturala eta klima
Iruñerriko eskualde osoak bezala, Berriozarrek ere klima mediterraneoaren eta atlantikoaren arteko trantsizioko klima dauka. Udak bero eta lehorrak izaten dira, eta neguak hotzak eta euritsuak. Urteko batez besteko tenperatura 12,1 °C da, eta batez besteko prezipitazioa 907 mm. Hilabeterik beroena uztaila da, (20,6 °C), eta hotzena urtarrila, (4,8 °C). Euriari dagokionez, hilabeterik euritsuena abendua da (106,2 mm) eta idorrena uztaila (41,8 mm). Urteko hezetasunaren batezbestekoa % 70 da.
XX. mendean hasitako hiritartze handiaren ondorioz, jatorrizko landarediaren gehiena erabat galdu da. Herriaren inguruetako basoetan arteak ikus zitezkeen, eta gaur egun, ordea, Ezkaba mendira mugatzen dira. Horrez gain, zuhaixkak eta birlandaturiko espezieak eta degradaturiko baso hektareak daude.
Historia
Berriozar herriari buruzko lehen aipamena 1268. urteko liburu batean agertzen da. Bertan, herriak zortzi etxe dituela esaten da. Dena den, litekeena da garai horren aurretik ere, Berriozarren etxeren bat izatea, eta bertan jendea bizitzea, gerrarik ez zegoen garaietan; bestela, Iruñeko hiribildu babestuaren babesera jotzen zuten.
1389. urteko uzta txarrek eraginda, herriko nekazariek ez zuten Karlos II.a erregeari zergak ordaintzeko ondasun nahikorik lortu eta urte hartatik aurrera, herria Ezpeletako Beltranen (Ezpeletako Baroia) jabetza bihurtu zen. Ondoren, baroiaren jabetza Ablitasko etxearen eskuetara igaro zen, hark izendaturiko alkate batek herrian agintzen zuela. Ablitasko etxearen eskubide hori 1815 arte gorde zen, Fernando VII.a Espainiakoak boterea bereganatu zuen arte.
XIX. mendean hainbat gerrate eta izurriteri egin behar izan zieten aurre Berriozarko biztanleek. Izurri eta gaixotasunekin batera biztanleria jaitsi, eta aurreko mendeetako hazkunde motela eten egin zen. XX. mendearen erdialdetik hasita, herrira ehunka etorkin iritsi ziren Nafarroa Garaiko herrietatik aurrena, eta Espainiako hainbat probintziatatik ondoren. Biztanleri hazkunde handiarekin batera, herriaren hirigintza erabat aldatu zen, Auzo Berria eta Zortziko auzoa eraiki zirela. Auzo horiek Iruñerriko gune lauan daude, Iruñetik gertu. Hazkunde demografikoarekin batera, herriaren izaera aldatu egin zen, nekazarien herria izatetik, Iruñerriko bizigune izatera.
Berriozarko armarria bitan banatuta dago. Ezkerreko aldean, kolore urdinean, belardi baten gainean dagoen bildots zuri bat ageri da. Eskuineko aldean, berriz, kolore zuria eta zortzi mihi gorri dira, binaka jarriak. Bi aldeak inguratuz zerrenda gorri bat dago, eta horren inguruan baita urre koloreko Nafarroako Erresumaren kateak ere.
Ekonomia
Iruñearen inguruko herri gehienetan gertatu bezala, hainbat enpresa hiriaren kanpoaldera joan dira, eta industrialdeak eraiki dituzte bertan. Besteak beste, Eroskik eraikitako merkataritza-gunea eta Iruñeko barazki, fruta eta janarien merkatu handia, MerkaIruña, Berriozarren daude. Eroski-Iruña merkataritza-gunea gune-metropolitarraren mendebaldean dago, eta Eroskiren supermerkatua eta beste hainbat denda daude bertan, guztira 25.000 metro koadro inguruko azalera dauka.
Eroskik Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren baimena jaso zuen 2008. urtean zeukan azalera komertziala handitu eta merkataritza-gune txiki bat eraikitzeko, supermerkatuaren ondoan.
Industrialdeak
Berriaintz industrialdea
Demografia
1992. urtea baino lehenagoko daturik ez dago, Berriozar Antsoainen menpeko herria zelako.
Berriozarko biztanleria
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 1.330 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %15,40 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren gainetik).
Politika
Udaletxea
Berriozarko udaletxea Kaleberriko 12. zenbakian dago, baina XX. mendearen amaieran eraikin berria altxatzeko proiektua aurkeztu zen. Eraikin berria Euskal Herria Plazan egongo da. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.
HELBIDEA: Kaleberri, 7
Udal hauteskundeak
Berriozarko alkatea Nafarroa Bai taldeko Xabier Lasa da 2007ko maiatzeko hauteskundeez geroztik. Talderik bozkatuena Nafarroa Bai izan zen, guztira hiru zinegotzi eskuratuz, bigarrenik, UPNek ere hiru zinegotzi lortu zuen baina 135 boto gutxiago, hirugarrenik, Eusko Abertzale Ekintza ageri da hiru zinegotzirekin. Ondoren PSN dator bi zinegotzirekin, eta azkenik,CDN eta Nafarroako Ezker Batua zinegotzi banarekin. Alkatetza Nafarroa Baik eskuratu zuen, gehiengo osorik izan ez arren, alkatetzarako aurkeztutako taldeen artean botorik gehien lortu zuen alderdia izan zelako. UPNk zinegotzi bat galdu zuen PPra igarota. Baliogabeko botoak hamazortzi izan ziren (emandako guztien %0,46) eta boto zuriak 42 (%1,08). Abstentzioa, berriz, %34,87koa izan zen.
2011n hauek izan ziren aurkeztutako zerrendak: NaBai 2011 (4 zinegotzi eta Lasarentzat alkatetza), Bildu (3; gobernu akordioa sinatu zuen NaBairekin), PSN (2), UPN (2), I-E (1), PP (1) eta CDN (0).
2015eko udal hauteskundeetan, berriz, Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk eskuratu zuen boto eta zinegotzi gehien. Emaitzen ondoren, Euskal Herria Bilduko Raul Maiza hautatu zuten alkate.
Udalaren kultura etxeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urte osoan.
Musika
Berriozarren oinarrizko musika eskola bat dago. Horrez gain, udalerriko Musika Banda, 1985. urtean sortu zena, Jose German Villafranca zuzendari eta musikariaren eskutik. 2005. urtetik Zizur Nagusiko musika bandarekin anaiturik dago.
Doneztebe eliza zaharra: herrigune historikoan dago. Oinarri laukizuzeneko eliza, prisma itxurako dorre bat eta Ebanjelioaren ondoan kapera txiki bat eraikia dituena, azken hori eliza zaharberritu zenean erantsi zen. Erretaula nagusia eliza barruko jabetzarik garrantzitsuena da.
Ezpeleta jauregia: Herriko alde zaharrean kokatzen den XV. mendeko jauregia da. Ezpeletako baroiaren jabetzakoa izandako eraikin honek erabilera pribatua dauka gaur egun.
Garbilekua: Berriozarko alde zaharrean dagoen egitura da, 1745ean eraiki zen. Garbitzera joaten ziren herriko emakumeen topagunea zen.