Sunbilla Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean dago. Bi auzoz osatua dago, bakoitza Bidasoa ibaiaren alde batean. Bi auzoak antzinako harrizko zubi zaharrak batzen ditu 1562az geroztik. Zubi modernoa ondoren eraiki zen. Herriko kale handiena eta udalerria egituratzen duena Kale Nagusia da.
Mendaur mendi ospetsua hurbil dago, hegoaldera (1.131 m).[5][6]
Bisusta ur-jauzia herriko iparraldean dago. Mendaurko mendilerroko Urkidi (624 m) eta Abelu-Apausa (682 m) mendietako urak jasotzen dituen Burdinzelaieta errekan dago, azken zatian. Erreka Bidasoara heldu baino 30 metro lehenago 10-20 metroko jauzia egiten du urak antzinako trenaren ibilbidearen azpitik pasa baino lehenago.[1][2]
Ingurune naturala eta klima
Sunbillak klima atlantiko epela du, prezipitazioak ugariak dira urte osoan, eta Nafarroa Garaiko erdialdeko eta hegoaldeko udalerrietan ez bezala, udak ez dira batere lehorrak. Urtean batez beste prezipitazioak 1.800 eta 2.000 mm bitarte izaten dira, tenperatura 14 °C, eta egun euritsuak 180.
[8]2008ko erroldan jasota dagoenez, Espainiaz kanpoko lau etorkin bizi ziren herrian, biztanleen % 0,60 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
XX. mendearen erdialdean egon zen migrazio-prozesua nabarmentzekoa da; herritar askok alde egin zuten Frantzia eta Estatu Batuetara, batez ere. 1950ean sunbildarrak 1.090 ziren, 30 urte geroago 721 bakarrik, heren bat gutxiago. Hori dela eta, udaletxeko horma batean zubi zaharraren aldekoan, bertso hau irakur daiteke:
«
Hamaika gazte Amerikara
amestutako bidaian
Lanaren bidez bizimodua
betiko moldatu nahian
Sentimenduak ere borrokan
nahi eta ezina lehian
Urte batzutan ibili arren
geroarekin ez baian
Ametsak egi bihurtzen ziran
itzulitako garaian
»
Agustin, 2010-9-19
Politika
Udal hauteskundeak
2007an Sunbillako alkate kargurako Eusko Alkartasuneko José Francisco Errandonea Zubieta aukeratu zuten. Udaletxeko zazpi zinegotzietatik sei lortu zituen bere talde politikoak, gehiengo osoa udalean. Boto baliogabeak 85 izan ziren (emandako guztien % 17,60) eta boto zuriak zazpi (% 1,76). Abstentzioa % 27,37 izan zen.
2011ko udal hauteskundeetan zazpi zinegotziak lortu zituen zerrenda bakarra aurkeztu zen, Bildukoa.[9] Amets Inda aukeratu zuten alkate, eta Errandonea alkate ohia zinegotzi.[10]
Udaletxea
Udaletxea XIX. mendearen erdian eraiki zen eta inguruko eraikuntzen estilo bera dauka. Udal bulegoez gain, udaletxean, ostatua, taberna eta helduen irakaskuntza klaseak daude. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute.
Iruñetik Irunera doan N-121-A errepide nazionalean dago Sunbilla, 56. kilometroan. Garai batean errepide nazionala herriko Kale Nagusitik pasatzen zen, baina tunela eta herriko saihesbidea eraiki eta gero herria errepide nazionaletik kanpo geratu zen.
Garraioak
La Burundesa autobus konpainiaren Donostia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Maiztasunak aldakorrak dira, baina gutxienez bi zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean egunero. Lineak honako ibilbidea egiten du:
Bidasoako trenbidea, Tren Txikitoa izenez ezagunagoa, 1889. urtean sortu zuen Ingalaterrako Bidasoa Railway and Mines enpresak. Trenbidea Irun eta Endarlatsa lotzeko sortu zen. Trena bide estukoa zen, eta lurrunaren bitartez mugitzen zen. Hasiera batean minerala garraiatzen zuen Endarlatsako meategietatik Irunera. Baina gerora, Irun-Elizondo ibilbidea egiten hasi zen, bidaiariak eramaten.
Gaur egun, antzinako burdinbidetik Bidasoko bide berdea dago, eta Irungo Behobia auzotik Legasaraino joan daiteke (51 km). Bidea Sunbillatik pasatzen da, eta oinez edo bizikletaz egiteko aproposa da.[11]
Ramon Latasa (1930-1991), aizkolaria. 1959an apustu mitiko bat irabazi zuen Luxia azkoitiarren aurka. Urte berean Lekeition beste balentria handi bat egin zuen: 5 metro eta 15 zentimetroko zirkunferentzia zuen eukalipto enborra 3 ordu eta 17 segundotan ebaki zuen. 1966ko Espainiako binakako txapelduna izan zen Arria II.arekin. 1967an Espainiako banakakoa irabazi zuen, 1968an Espainiako zutikako txapelketa eta 1974an Espainiako binakakoa Usategietarekin.[22]
Unai Bertiz harrijasotzaile gaztea Nafarroako txapelduna izan zen: 2008, 2009, 2010, eta 2011n. Jasotako pisu totalaren errekorra du 6562.5 kilorekin (2011).[23][24]
Shu Otero (1995) idazle, ilustratzaile eta komikigilea.
Ane Petrirena 200 metro leunetan Nafarroako txapelduna eta Espainiako txapeldun ordea izan da. 2017an 23 urte azpikoetan Europa mailako txapelduna izan zen 4x100 proban.[25][26]