Arasek Ebro ibaiko depresiogunearen berezko klima mediterraneo-kontinentala dauka. Neguak hotzak, udak beroak, aldaketa termiko handiak, eta euriak nahiko eskasak eta irregularrak izaten dira (batez ere udaberrian eta udazkenean egiten du euria).
Aguilar Kodes eta Azuelo udalerrien artean, Las Llanas de Codés izeneko gunean, Nafarroako gobernuak eraikitako "Codés Azuelo" izeneko parke eolikoa dago. Instalaturiko potentzia 43,20 megawatteko da eta parkearen jabea Acciona Energia da gaur egun.
Aras "Kodes Mendizerrako Zerbitzuen Mankomunitateko" kidea da. Erakundeak Aguilar Kodeskoan du egoitza nagusia.
Kultura
Jaiak eta ospakizunak
Arasko herriko jaiak Gurutze Santuaren omenez ospatzen dira irailaren 14aren inguruan. Horrez gain, gainontzeko ospakizunen artean herriko patroi diren San Sebastianen eguna urtarrilaren 20an, San Isidro Nekazariaren eguna eta San Rokeren ospakizuna nabarmentzen dira.
Ondasun nabarmenak
Arasko Andre Mariaren eliza Erdi Aroko jatorria duen eraikina da, baina gaur egungo itxura XVI. mendean eginiko zaharberritze baten ondorioa da. Portada errenazentista eta erretaula nagusia daude ikusgai, erretaula 1594an egin zen estilo erromanistan eta Ama Birjinaren bizitzako atalak irudikatzen ditu. Horrez gain, elizaren barruan, San Sebastian, San Roke, Jesusen Bihotza eta Sortzez Garbiaren irudiak gordetzen dira.
Baselizen artean, Kristo Santuaren baseliza XVII. mendean egina eta San Isidro Nekazariaren baseliza nabarmentzen dira. Horrez gain, hegoaldean, Sortako San Joanen komentuaren arrastoak daude: eraikina 1440an eraiki zen eta mende batzuk geroago, XVII. mendean, Bertan behera utzi zuten han bizi ziren abadeek.