Asteasu ekialdera begira dagoen haran batean dago, Hernio (1.070 m) mendiaren magalean. Udalerriaren topografia oso malkartsua da, gorabehera askorekin. Punturik baxuena (70 metro inguru) ekialdeko muturrean dago, Asteasu Amasa-Villabonarekin lotzen duen errepidean; punturik altuena, berriz, hego-mendebaldeko muturrean dago (700 metro).
Hernion mendigunearen lepoetako batek erditik udalerria zeharkatzen du, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera garaiera galduz. 400-600 metro inguruko garaieraraino iristen den lepo horretako muino nagusiak Mañaka, Aranburuko gaina, Irumuno, Bulanomendi (550 m), Saskarate-aitza, Upazaingaña (300 m), Santa Maiña (400 m) eta Aitzondo dira. Bere garaian, Larrazkos eta Azkonobietako basoak famatuak izan ziren, bi baso-lur horiek luze-zabalean 5.000 area izateraino iritsi baitziren. Herria bera udalerriaren ekialdean dago.
Oriaren adar Asteasu erreka udalerriaren hegoaldetik igarotzen da. Usarrabi errekak (Oriaren beste adarra) eta beste Opin erreka eta Erreka Illunaren urek ere zeharkatzen dute.
GI-2631 errepidea —Tolosaldea Zarautzekin lotzen du— Asteasutik pasatzen da, Andazarrate gainetik barrena.
Erdi Aroan sortutako herria da, jatorria erabat argi ez badago ere. Diotenez Alfonso VIII.a, 1203an, izan omen zen Asteasuri armarria eman ziona. Mendearen hasierako testu batek honela dio: "Zilarrezko atzealdean hiru makila gorri daude; hauetan, suge gorri bat kiribiltzen da; goialdean, alde banatan, gora begira dauden giltza beltzekin eratutako bi ikoroski daude, eta hauen erdian pontifize tiara bat dago. Kanpoaldeko ertzean inskripzio hau ageri da: Asteasu, Aiztondoko Alkatetza Nagusiko buru". Aiztondoko Alkatetza Nagusia osatzen zuen Larraul eta Sorabillarekin, Gipuzkoako hiru alkatetza handienetakoa, eta bertako hiriburua zen. 1397an Probintziako Ermandadetako Ordenantzetan espresuki aipatzen da Aiztondoko Alkatetza. Asteasu 1386anTolosari itsatsi zitzaion Alkiza eta Adunarekin batera. Handik urte gutxira berriro bereizi zen. 1457anGipuzkoako lurraldean gertatu ziren Ahaide Nagusien kontrako borrokan, haiei babesa ematen zien Asteasuko etxe nagusia suntsitua izan zen. 1760an udaletxea inauguratu zen. 1813an bere artxibategia erre zen soldadu frantziarrek sortutako sute baten ondorioz. Bitxikeria gisa aipa daiteke bigarren karlistaldian Santa Kruz apaiza azken aldiz Asteasun ikusia izan zela, erbestera joan aurretik.
Ekonomia
Nekazaritzak munta izan bazuen ere, gaur egun industria nagusi da: hainbat lantegi ditu (lehen hirurok 50 langiletik gorakoak dituzte):
Bost Machine Tools Company
Gamesa
Urbar Ingenieros
Omicron
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: lehena, BEGaren % 1,6; bigarrena, % 70,7; eta hirugarrena, % 25,7.[6]
Kultura
Euskara
Asteasuko euskara gipuzkeraren[10] aldaera bat da, Tolosaldekoa[11], Gipuzkoako erdiguneko[12] euskararen barne dagoena, Beterrikoarekin batera. 2016an herritarren % 83,41 euskalduna zen.[13]
Muskerraren bidea
Bernardo Atxagaren mundu literarioa inspiratu zuten lekuetatik bi kilometroko ibilbidea, 2015ean sortua.[14]
Demografia
2019an herriak 1.550 biztanle zituen. Horietatik % 17,35ek 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak % 7,23 ziren.[6]
Asteasuko biztanleria
Politika
2003tik 2011ra Iñaki Amenabar izan zen alkatea.[15]
2015eko hauteskundeetan Asteasu Batuzek 468 boto eta 7 zinegotzi lortu zituen, Pili Legarra zuela zerrenda-buru, eta EAJk 184 boto eta 2 zinegotzi.[18] Pili Legarra izendatu zuten alkate beste behin.[19]
2019ko hauteskundeetan Asteasu Batuz-ek 499 boto lortu zituen. EAJk 158. Eta PSE-EEk 19.[18] Pili Legarra aukeratu zuten alkate hirugarrenez.[20][21]
Udaletxea, Jose Lizardi arkitektoak egina, herriko eraikuntza ikusgarrienetakoa da. Udaletxearen eraikuntza korapilatsua izan zen, izan ere, lurrak erosi eta 1752an, hiriko semea zen Jose Lizardiren traza baten arabera abiatu eraikin lanak abiatu zirenean, Jose Lizardi bera hil baitzen. Baina, Asteasun ez zen hargin‑maisu onik falta, eta zenbait enkanteren ondoren, Usandizaga maisuak eskuratu zuen egitekoa; baina lanen hasiera urte batzuetara atzeratu zen. Eraikin lanak 1754an hasita ere, zenbait alditan eten beharra gertatu zen, arazo batzuen kontsulta bideratzeko: aurreikusitako harlangaitzaren ordez mutxardaturiko harlandua hautatu zen, zenbait puntutako okerdurak zuzendu beharra izan zen eta abar. Bukatutzat eman zen eraikin lana 1760an, teilatuetako arotz‑lanak, eskailera eta zoladurakoak barne.[23]
Asteasuko Udaletxeak barroko kutsu handitxoagoa du Lizardik trazaturiko beste kontzeju eraikuntzek baino.[23]Frontoi triangeluarra du, profil berezia duena. Frontoi triangeluarreko beste udaletxetan ez bezala, eutsi egingo zaio Asteasun hiru arku besterik ez duen arkupeari, alboetan leiho soilak dituela, Legazpiko udaletxearen antzera.
Eskubanden batasuna deigarria gertatzen da, lehenengo solairuan erdiko hiru balkoiak eta goieneko solairuko bostak elkartzen dituena. Baoak uztaitzen dituzten plakak, zura taillatua duen teilatu‑hegal zabalaren azpiko erlaitz molduratuak eta hormapikoaren ardatz bertikala azpimarratzen duen armarriaren erliebe handiak alaitzen dute gainazala.[23]
Elizmendiko San Pedro eliza XVI. mendean eraikia da, gotiko euskaldun estilokoa; baina aurreko elizaren aztarnak ikusten dira. Balio berezikoak ditu ponte-harria eta jatorrian 1572 eta 1575 bitartean Juan Antxieta eskultoreak egindako errataulu nagusia, ondorengo urteetan Intxaurrandiagak eraldatua. Korua ere azken horrena da.
Etxe ederren ondarea ugaria da: Goikostatu, Zumargain, Etxeberritxo, Illobate, Elkeita, Saskarate, Irarretxe, Albistegi, Etxenagusia, Aginazpe, Ugarte, Matxine, Ugarte baserria eta Erreitzu baserriaXVI. mendekoa.
Zortzi errota omen ziren Asteasun, dokumentuek diotenez: Urmategi-errota, Karien-errota, Urniti-errota, Gorue-errota, Betezasti-errota, Beko-errota edo Soro-errota, eta Konporta-errota; azken hori ezaguna zen Goiko-errota izenaz ere, eta Pello Errota bertsolariaren jaiotetxea izan zen. Gehienak desagertuak daude.
Bernardo Atxaga (1951-), Joseba Irazu, euskal idazle oparoa, Asteasun oinarritua den Obaba alegiazko herriarekin XX. mendearen bigarren erdialdeko herri-giroa aski modu literarioan islatu duena.