Lapurretei aurre egin ezinik, eta inguruko beste herri asko bezala, Orexa Tolosa hiribilduari lotu zitzaion 1374. urtean, nahiz eta autonomia administratibo eta ekonomikoari eutsi zion. 1714. urtean, berriz, herria bereizteko ahaleginetan hasi zen baina ez zuen 1845. urtera arte lortu, udal legea indarrean sartzean, hain zuzen ere. Hala ere, Tolosak izan zuen handik aurrera ere herriaren ordezkaritza Gipuzkoako Batzarretan.[4]
Ekonomia
Duela urte batzuk abeltzaintza zen nagusi, baserri ugarik ziharduten horretan, baina dagoeneko ia ez da geratzen abeltzaintza bizibide duen baserririk. Egun, ekonomikoki pisu handia du herrian Oihan Txiki Kooperatibak: Orexako gazta eta mamia egiten ditu, besteak beste.
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea BEGaren %16,6, Bigarren sektorea %19,3. Hirugarren sektorea %64,1.[5]
Demografia
2019an Orexak 110 biztanle zituen. Horietatik %16,36k 65 urte edo gehiago zituen. Eta atzerrian jaiotakoak %0,91 ziren.[5]
Herriko festa nagusiak maiatzaren 3an izaten dira, Santa Kutz egunean[10]. 1987az geroztik, azaroaren hasieran, Orixeren omenez, kultura astea ospatzen da, hainbat hitzaldi eta ekitaldirekin.
Ondasun nabarmenak
Plazan eta inguruan udaletxea, Santa Kutz eliza (XVI. mendea) eta Errebote Atze pilotalekua daude. Herritik Gaztelurako bidea jarraituz gero, San Marko ermita dago.
Basabe zentrala ere aipagarria da, 1930eko zentral hidroelektrikoa.[11]
Euskara
Orexako euskara[12]gipuzkeraren[13] aldaera bat da, erdiguneko euskaran[14] kokatzen den Tolosaldeko euskara, hain zuzen. Datuen arabera, herriko euskaldunak %92 dira, eta euskararen erabilera %80.4. Eustaten arabera, euskaldunak %94,64 ziren 2016an.[5]