Abaltzis- zatia ez dago garbi nondik datorren; MitxelenakApellidos vascos liburuan dioenez, baliteke abaritz izenaren eratorria izatea, baina ziurtasunik gabe adierazten du hori.[5] Amaierako -keta, berriz, leku ugaritasunezko -eta atzizkiaren txistukari ondoko aldaera da, ondoko Amezketa herriaren izenean ageri den bera.[6]
1379an, Abaltzisketako bizilagunak Tolosaren menpe geratu ziren, eta jauntxoen eta foruen abantailaz gozatzen hasi ziren.
1615ean, jauntxoen arteko lehiak bukatuta zeudela, Abaltzisketako bizilagunek eskatuta, Filipe III.a Espainiakoarengandik hiribildu titulua jaso zuen herriak. Hartara, Tolosarekin bat egitean galdua zuen autonomia berreskuratu zuen. Horren ondoren, Abaltzisketak hiribilduen bilkuretan parte hartu zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza lortuta.
1983an udalerriak izen ofiziala aldatu zuen: Abalcisqueta zen ordu arte, eta Abaltzisketa da geroztik.
Ekonomia
Lehen sektorekoa izan da mende askoan ekonomia jarduera nagusia, eta gaur egun ere 65 nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi daude Abaltzisketan. Abaltzisketako babarrunek ospe handia dute Euskal Herri osoan.
Abaltzisketan, landako herria denez, XX. mendetik hona biztanleria ia % 50 jaitsi da: 1900ean 550 biztanle zituen; 2019an, berriz, 328.[8] Nahiz eta azken urte hauetan herritar kopurua handitu den, oraindik ere urrun dabil XIX. mendean zituen 800 bat biztanleetatik.
2019an, biztanleen % 17,07k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak % 1,83 ziren.[8]
Abaltzisketako euskara gipuzkeraren[16][17] aldaera bat da, erdiguneko azpieuskalkian[18] topa daitekeen Tolosaldeko euskara[19], hain zuzen. Herriko euskaldunak % 93,66 dira, eta euskararen erabilera % 84,2 da.
Jaiak
Erromeria bat antolatzen da Larraitzeko ermitara Pentekostes egunean.
Maiatzaren 15ean San Isidro eguna ospatzen da hamaiketako herrikoiarekin.
Ekainaren 24an San Juan Bautistaren festa ospatzen da eta bezperan soka-dantza dantzatzen da herriko plazan.
Azaroaren lehenengo egunean meza herrikoia ospatzen da Santa Cruz edo Txutxurrumendi ermitetan.
Kirolak
Herri txikia denez, bertan ez dago kirol azpiegitura handirik, pilotaleku bat izan ezik. Kirol elkarte bakarra dago herrian, ehizakoa: Larrunarri Elkartea.
Abaltzisketako festetan, honen eta Amezketaren arteko zaldi-lasterketak antolatzen dira.
Ondasun nabarmenak
Abaltzisketako alde zaharra euskal mendialdeko nekazaritza herrien eredu ona da. Bertan udaletxea nabarmentzen da, San Joan Bataiatzailearen elizaren ondoan kokatua. Eliza XVI. mendekoa da XIII. mendeko aurrealde erromanikoa mantentzen duen arren. Kanpandorrea ere aipagarria da, 1493. urtean Abaltzisketan egindako kanpai ikusgarria daukalako.
Oso interesgarria da Nahera-Haundi baserria, euskal eraikuntza zaharren eredu delako. Sasiain auzoan dago, eta herrira iritsi baino lehenago dagoen desbideraketa bat hartuz iritsi daiteke hara.
Udalerri honetan, zalantzarik gabe, ospe gehien daukana Larraitz baserri-auzoko paisaia da. Larrunarriren mangalean kokatuta dagoen auzoan, ermita bat dago, baserritar eta artzainen artean oso ospetsua den Andre Maria daukana. Udan eta aste bukaeretan oso bisitatua da, Larraitzen diren jatetxe eta askaltokiengatik. Izan ere, Larraitzeko aparkalekutik hasten da Larrunarri (1341 m), Ganboa (1451 m), Pardarri (1399 m) eta Ausa Gaztelu (899 m) mendien igoera ibilbidea.
↑Salaberri Zaratiegi, Patxi; Zaldua Etxabe, Luis Mari. (2020). Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia. in: Izenak. Euskaltzaindia, 23 or. ISBN978-84-120766-2-2..
↑Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua. «Abaltzisketa: Auzoak» Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura (Gipuzkoako Foru Aldundia).