Herrigune nagusia parrokia-elizaren, udaletxearen eta plazaren inguruan bilduta dago. Gaur egun, biztanle guztien %20, gutxi gorabehera, bertan bizi da.
Beste auzuneen artean, Lierni aipatzekoa da, izen bereko baselizaren inguruan osatua baitago. Mutiloarren %10 barne hartzen du.
Gainerako biztanleak (% 70) auzo hauetan banatzen dira:
Elbarrena: Herriko behealdean eta Mutiloa errekaren ibarrean kokatuta, Segurarako bidean.
Ergoena: Herriko goialdean eta Troia errekaren haranean.
1144. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mutiloako herria. Segurako herriaren mende egon zen Mutiloa 1384. urtetik 1615. urtera, Filipe III.a Espainiako erregearen eskutik hiri-gutuna jaso zuen arte.[3][4]
Ekonomia-jarduera nagusiak industria (eraikuntza, janari-industria; langileen % 58,4) eta nekazaritza (bazka-landareak, barazkiak, ardiak eta behiak; langileen % 25,75) dira. Langile askok inguruko herrietako industrietan lan egiten du, eta baserriko lanak bigarren lanbide ditu.
Honela banatzen ziren sektore ekonomikoak 2017an: lehen sektorea BEGaren %13,7; bigarren sektorea %2,3; hirugarren sektorea %77,3; eta eraikuntza %6,6.[9]
Aipagarri dira XVIII. mendean berritutako San Migel eliza[3][18], Ama Birjina Lierniakoaren ermita (XVI. mendekoa)[3][19] eta Apaolazatarren oinetxea.
Errotatxo errota eta baserria (XIX. mendekoa)[3][20]
Mutiloako Meatze Trenbidea. XIX. mende bukaerako burni-meatzearen trenbidea da. Gaur egunean oinez edo bizikletaz egin daitekeen bide berde hau Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak eraiki zuen. Barnaola baserretik Ormaiztegiko Danborreraino 4,5 kilometro egiten ditu, eta 40 metroko desnibela baino ez ditut. Bukaera Ormaiztegi parean dago baina goi-goian mendian (Danborreko instalazioak), bertan trenbide zaharra bitan banatzen zen batetik Compañía Minera de Mutiloa S.A. eta bestetik Cerain Iron Ore C. Ltd enpresek mea lantzeko zituzten instalazioak. Bidean zehar lubakiak drenajeak, zubi bat eta lokomotorak konpontzeko etxea (Makinetxe) ikus daitezke.[21][22]