AzpeitiaGipuzkoako erdialdeko udalerri bat da, Urola Erdia eskualdekoa. 69,39 km² ditu, eta 15 183 biztanle zituen 2023. urtean. Urola ibaiak zeharkatzen du eta Izarraitz mendilerroaren magalean dago.
Azpeitia izena, dirudienez, honela osatu zen: haitz + behe + ti. Hau da, jatorriz «haitzaren behealdean dagoen tokia» esan nahi du segur aski.[3]
Azpeitia izenaren bukaerako -a artikulua da. Hortaz, udalerriaren izen osoa erabiltzean, honela deklinatzen da: Azpeitia, Azpeitiarekin, Azpeitian... baina Azpeitiko, Azpeititik, Azpeitira... Era berean, izenak azken -a galtzen du, ondoan beste determinatzaile edo adjektibo bat daramanean: Azpeiti maitea, Azpeiti osoan, Gure Azpeiti hau...[4]
Herrian Ibai-Eder urtegia dago, eskualdeko ur horniduraren bide nagusia dena.
Ekonomia
Abeltzaintza (esnea eta haragia) eta industria (altzarigintza, zurgintza, metalurgia tailerrak) dira udalerriko ekonomi jarduera nagusiak.
2017an, sektore ekonomikoak honela banatzen ziren: lehen sektorea, BEGaren % 0,9; bigarren sektorea, % 34,7; hirugarren sektorea, % 55; eraikuntza, %,9,4.[6]
Demografia
2019an, herriak 15.055 biztanle zituen. Horietatik % 21,02k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak % 8,6 ziren.[6]
2015eko udal hauteskundeetan Bilduk zinegotzi bat galdu zuen eta EAJk bi irabazi, baina lehenak gehiengoa izateari eutsi zion. Horrela, Eneko Etxeberriak alkate izaten segitu zuen. 2018ko urtarrilean jakinarazi zuen ez zela 2019ko hauteskundeetara aurkeztuko eta urte horretako ekainean kalean utziko zuela, bi agintaldiren ostean.[7]
2019ko udal hauteskundeetan bi alderdiek zinegotzi kopuru bera mantendu zuten eta, beraz, EH Bilduk gehiengo osoa berretsi zuen. Emaitzak hauek izan ziren: EH Bilduk, 4.489 boto; EAJk, 3.025 boto; PSE-EEk, 252 boto.[8]Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea 2019-2022 agintaldian.[9] Azpeitiko lehen emakume alkatea da.[10]
Azpeitian gipuzkeraz hitz egiten da; eta, euskalki horren barruan, Urolaldeko hizkeran[24][25]. Goierriko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Urolaldekoak, baina mendebaleko euskararen eragina hizkera horretan sakonagoa da. Eremu lauagoa delako eta, batez ere, Eibar-Elgoibar aldeko industriak eraginda, estuagoa eta sarriagoa izan da hartu-emana. Lexikoan azaltzen da argien lotura, baina hor ez ezik, hizkuntzaren beste sail batzuetan ere mendebaleko euskarak Urolaldean duen eragina ere ageri da.
2016eko EUSTATen datuen arabera[6], azpeitiarren % 83,69 euskalduna da, % 6,77 ia euskalduna, eta % 9,54 erdalduna. Datu horiek nahiko egonkor mantendu dira 1986tik. Dena den, 2001az geroztik, erdaldunen igoera arina nabari da.[26] Kaleko erabilerari dagokionez, 2016ko neurketaren arabera, herritarren % 81,80 kalean euskaraz aritzen da. Zifra horrek ere beherakada izan du, 2006ko neurketan % 86 izan baitzen.
Azpeitia UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da, 2008az geroztik, elkarte hori osatzen duten beste 85 udalerrirekin batera. Egun, Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzia UEMAko lehendakaria da.