Lezok badian antzina zuen kokagune estrategikoak bide ematen digu hipotesi gisa seinalatzeko bere lurretan erromatarrek portu bat eduki zutela, gaur egun parrokia-eliza dagoen muinoaren babesean. Interesgarria da zenbait toponimo nabarmentzea, esaterako, "Port de Lazon" XIII. mendean eta "Portua" XVII. mendean, Zubitxoren inguruetan, gaur egun badiako uretatik lehorraldera urrun dauden guneetan.
Bestalde, inguruetako jatorrizko biztanleriak aldaketa handirik gabe segitu zuen bere artzain erako ekonomiari lotua, urtaroen arabera Jaizkibelgo larreetatik barne aldeko mendietara lekuz aldatzen.
Erdi Aroa
Lezoko herrialdean finkaturiko populazio-gune baten lehen aztarrenak X. mendetik datozkigu, Oiartzun ibaiaren bailara Nafarroako erregeren menpean zegoeneko garaietatik alegia. Historiako momentu hura, oro har, segurtasun faltak markatu zuen, are gehiago gure kasuan, pirata normandiarren harrapaketa-erasoak medio. Halere, XIII. mendean jadanik, Gipuzkoa Gaztelako Erresumak hartuz gero, Done Jakue Bidearen itsasaldeko pausalekuetariko bat bilakatutako hirigune txiki bat izaki, eta itsas lanetan gero eta gehiago saiatzen zen populazioa zuela, Lezoren lurralde-esparrua zedarriturik geratu zen.
Aro modernoa
XVI. mendean eta XVII.aren zati batean, nolabait ere oparotasun garaia, itsasoari lotutako jarduerek egundoko garapena izan zuten Lezon nekazaritzaren aldean. Horretan eragin handia izan zuen Pasaiako portuaren garrantzi estrategikoak, eta halaber, merkantzien karga eta deskargari dagokienez bertakoek eduki zituzten itsas pribilegioek.
Alabaina, XVII. mendeko krisiaz gero, ekonomia nekazaritzara itzuliz joan zen poliki-poliki, harik eta XVIII. mendearen bukaerarako Lezoko ekonomian garrantzirik zeukan itsas lanbide bakarra itsas bazterreko arrantza izan arte. Laborantza, aitzitik, aberasturik suertatu zen, neurri batean teknika berriak erabiltzeagatik eta kanpotik ekarritako laboreak sartu zirelako, esate baterako artoa eta patata.
Herria
Lezoko hirigunea garai hartan Gurutze Santuaren plazara biltzen ziren antzinako Kale Nagusiak eta San Joan kaleak, parrokia- elizatik hurbileko zenbait etxek (esaterako, Jauregia eta Lezoandia etxea) eta Bizkaia auzoak osatzen zuten. Etxeetan ugariak ziren baratzeak eta dolareak. Alabaina, bertako jendearen enpleguak gehienbat itsas bazterreko arrantza, balearen eta bakailaoaren arrantza, Andaluziarekin eta Amerikarekin merkataritza, itsasohointza, Erregeren Armada eta ontzigintza izan ziren. Interesgarria da nabarmentzea 1641 eta 1750. urteen artean parrokiako zenduen liburuan erregistraturikoen %18 baino gehiago itsasoan edota Euskal Herritik kanpo hil zela.
Nekazaritza arloan, eskualdean, baserria izan zen produkzioaren oinarrizko gunea. Horrelako jarduera nagusiak lan hauetara biltzen ziren: gari, arto eta barazkien laborantza, sagardogintza, eta behi, ardi eta zerrien hazkuntza.
Era berean, Lezok Pasaiako portuan duen kokaguneak bi ontziraleku eta ontziola batzuk edukitzeko bide eman zuen. Ontziraleku nagusiak, Lezoko kaikoak, Kale Nagusitik eta San Joan kaletik bidexka ugari zituen; arrantzontzi txiki eta txalupentzako babeslekua izan zen. Bestea, Portua izeneko ontziralekua, Bekoerrotako itsasadarrean kokatua pasaiarien ontziak abiatzen ziren tokia zen Herrera edo badiako edozein puntutara joateko.
Port de la Borda izenez ere ezagunak ziren Lezoko Erregeren Ontziolak. XVIII. mendetik aurrera Bordalaborda izena hartu zuten. Port de la Bordako itsasadarrean kokaturik zeuden, Bizkaia auzoan, eta bertan Lezoko arotz eta itsas-arotz ugari aritu zen lanean. Espainiar Inperioko garrantzitsuenetakoak izan ziren. 1597an hasi ziren eraikuntza lanak Antonio Urkiola jenerala, superintendentea, eta Onofre Isasti gaztea hornidura arduraduna zirela. Ontziolen alboan soka lantegi handi bat eta Maria Magdalenari eskainiriko ermita ere bazeuden.
Lezo Unibertsitate izenarekin, 1203tik XIX. mendearen lehen herenera arte, Hondarribiaren jurisdikziopean egon zen, XIX. mendean lortu zuen herri izaera bere udaletxe eta guzti. Lehen ere bitan saiatua zen izaera hori lortzen, 1615ean Hazienda Kontseiluaren aurrean eta 1754an Gaztelako Kontseiluaren aurrean, beti Irun eta Pasai Donibanerekin loturik egon baitzen.
Aro garaikidea
XVIII. mende amaieratik 1876 arte Lezok, probintzia osoak bezala, gerrate eta eskasia aro luzea bizitu zuen, XIX. mendea bukatu baino lehenago, ordea, industrializazioa, eta ondorioz, modernizazioa hasi ziren. XX. mendean zehar industria garapenak hazkunde demografiko handia eragin du.[4]
Independentziako gudaren ondotik baxurako arrantzak Lezoko ekonomian berebiziko garrantzia izaten jarraitu zuen, nahiz eta 1816 eta 1817ko hondoratzeetan bi txalupa galdu eta 16 arrantzale hil. Industriak eragin izugarria izan zuen gerora eta baxurako arrantza desegin zuen. Era berean, nekazaritzaren nagusitasunarekin ere bukatu zuen.
Lezoren industria garapenaren hasiera XIX. mendekoa da. Hala, 1857anErrenteriako "Sociedad de Tejidos de Lino"ren menpeko 8 ehundegi bakarrik baldin zeuden, bakoitzak lagun bati lan ematen ziola, eta mende bukaerarako zenbait lantegi zabaldu ziren. 1901ean hiru ziren: "La ocasión" teila eta adreilu fabrika, 34 langilerekin; "Sociedad Anónima Española de Productos Tárticos", 30 langilerekin; eta "Ustekabekoa" tapiz eta ehun fabrika, 6 langilerekin. Gainera, lezoar askok Errenteriako lantegietan egiten zuen lan.
1923 baino lehenago, lantegi berriak zabaldu ziren, "Unión Alcoholera Española" legami fabrika, "Unión Comercial Pakers" galleta fabrika, "Guittet y Cía. berniz eta sekante fabrika, "Fabrica Española de Papeles Químicos, S.L." eta "Castellanos y Cía." upel fabrika.
1950az geroztik, Francorendiktadura garaian, industrializazioa arrunt azkartu zen, immigrazio uhin handia eragin zuena. Horrek ekarri zuen hiritartzearen ondorioz, etxe asko egin ziren, karrika eta auzo berri ugari sortu eta baserri asko galdu ziren.
2019an zituen 6.122 biztanleetatik %17,91k 65 urte edo gehiago zituen eta atzerrian jaiotakoak %6,62 ziren.[13]
Lezoko biztanleria
Politika
2007komaiatzaren 25eko udal hauteskundeetan 2.852 hauteslek hartu zuten parte, hautes erroldaren % 57,93k. Alderdien botoak honela banatu ziren:[14]EAE-ANVk zortzi zinegotzi, EAJk hiru zinegotzi, PSE-EEk zinegotzi bat eta EB-Aralar koalizioak beste zinegotzi bat.
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko Ainhoa Zabalo hautatu zuten alkate. Hauteskunde horietan ezker abertzalearen ordezkari zen Bildu koalizioak bederatzi zinegotzirekin gehiengo osoa lortu zuen. EAJ alderdiak hiru zinegotziak mantendu zituen, eta PSE-EEk bat.
2015eko udal hauteskundeetan aldaketa nabarmena gertatu zen, EAJ izan baitzen boto gehien eskuratu zuen alderdia. Hiru zinegotzi gehiago lortu zituen, aurreko hauteskundeetan baino hiru gehiago. Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bildu koalizioak, berriz, hiru zinegotzi galdu zituen eta seirekin geratu zen. PSE-EEk lehendik zeukan zinegotzia mantendu zuen. Emaitza horien ondorioz, EAJ alderdiko Kepa Garbizu hautatu zuten alkate.
2016an, Atez atekoaren emaitzak ikusita, Pello Garbizu (EAJ) alkateak Atez atekoa mantentzeko akordioa egin zuen EHBildurekin. Gipuzkoa Buru batzar eta PSE-EEko zinegotziak ez zeuden ados eta ika-mika horien ondorioz dimisioak eman zituzten EAJko zinegotzi batek eta Pello Garbizuk berak. Jesus Maria Martiarena jarri zuten alkate eta akordioa hautsi zuten.
2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EH Bilduk 1.418 boto eta 6 zinegotzi. EAJ-PNVk 1.310 boto eta 6 zinegotzi. PSE-EEk 277 boto eta zinegotzi 1. PPk 32 boto eta zinegotzirik ez.[15] Jesús Mari Martiarena (EAJ) izendatu zuten alkate, PSE-EEren babesarekin.[16]
c Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu, Eusko Abertzale Ekintzaren hautagai bezala.
d 2016ko martxoan Kepa Garbizu alkateak dimisioa aurkeztu zuen.
Ekonomia
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,2. Bigarren sektorea %38,1. Hirugarren sektorea %53,3. Eraikuntza %8,4.[13]
Gipuzkera (erdialdeko euskara) egiten da Lezon. Aurreko mendeetan, ordea, Lezoko euskara iparraldeko goi nafarrera zen;[42]Irungo aldaerakoa, zehazki esanda. Halaxe sailkatu zuen orduko hartan Luis Luziano Bonapartek, eta geroztiko euskalariak bat etorri ziren. XX. mendearen bukaeratik, ordea, gipuzkeraren aldaera bat da Lezokoa; zehazki, Bidasoko euskara,[43]Koldo Zuazok eta beste hainbat euskalarik egindako dialektologia azterketetan agertu denez.
Bidasoko hizkera erdialdeko euskararen, nafar euskararen eta nafar-lapurtarraren tarteko hizkeratzat har daiteke. Hala ere, azkenaldian erdialdeko euskararen ezaugarriak eremu handiagoa hartzen ari dira, gehiago zabaltzen ari dira.
Tomas Garbizuk idatzi zuen Lezoko Herria:
Itsaso gainetik
Jaizkibel mendia. (Bis)
Mendi gibelean
Jaizkibel oinetan
Lezoko herria.
Hemen biltzen dira
euskaldun jendea, (Bis)
antzinetik baita
guztiz ezaguna
Gurutze Ahalduna.
Ezker eskubi
zelai baserri,
ondorengoen oinarri,
ohitura zaharrak,
agurgarriak,
herriko seme gizon argiak.(Bis)
Gora, gora Lezo
hain izen haundiko, (Bis)
gure aurrekoen
sorleku garbia
Euskaldun Herria. (Bis)
Lezoar ospetsuak
Jaimes de Zamora, XVI. mendea, pilotu nagusia, exploratzailea eta tratadista[68]