UrretxuUrola Garaian (Gipuzkoa), Irimo mendiaren magalean kokaturik dagoen udalerria da. 6.850 biztanle zituen
2016. urtean eta 7,9 km² ditu. Urola ibaiak banatzen ditu Urretxu eta Zumarraga.
1916ra arte, herriaren izen ofiziala Villarreal zen. 1916ko dekretuaren arabera, Villarreal de Urrechu edo Villarreal de Urrechua izena jarri zioten.[5]
1970eko hamarkadan, herriaren izena aldatzeko eskaera bat sortu zen. Ekimen hau, besteak beste, Koldo Mitxelena hizkuntzalariak sustatu zuen.[6]1989an, euskarazko izena ofizial bihurtu zen.[7]
Urretxuarrei, zumarragarrei eta ezkiotarrei bezala, otamotz deitzen zaie.[8]
1383. urtean sortu zuen Joan I.a erregeak Urretxua asentamenduaren lekuan, gaur egun oraindik mantentzen den hirigune historikoa, Villa Real izenarekin.[5][9] 1383ko urriaren 3an, erregeak hiri-gutuna sinatu zuen[10]. Herriak bi kale nagusi zituen, Goikokale eta Bekokale (gaur egun Jauregi eta Iparragirre, hurrenez hurren), hainbat kantoiek zeharkatuak. Era berean kale txikiago batzuk zituen herriaren gune desberdinak lotzeko, Kale Txiki esate baterako. Erdi Aroan herria harresiz inguratua egon zen, baina banderizoen gerrateen amaieraren ostean ezarri zen lasaitasunak, harresien kanpo eraikitzea opa zien urretxuarrei, harresiak eskaintzen zuen babesaren menpe egon gabe.
1383ko abenduaren 11n, hitzarmen bat sinatu zen Urretxu eta Zumarraga herrien artean, zeinaren arabera zumarragarrek eta urretxuarrek ordainketa berdinak eman behar zituzten eta ezin zituzten oloa eta abereak bi herri hauetatik kanpo saldu. Hitzarmen hau 1405eko uztailaren 15ean baliogabetu zen Burgosen, Zumarraga Segurako jurisdikziokoa zela zehaztu zenean.[11]
XVII. mendean Urretxuk hazten jarraitu zuen eta hainbat eraikin garrantzitsu altxatu ziren bertako jauntxoentzako, Corral Ipiñarrieta edo Jauregi jauntxoak kasu. Eraikin hauek harlanduzko harriz daude eraikiak eta interes arkitektoniko handikoak dira.
1717. urtean Santa Lutzi egunean feria antolatzeko eskubidea eman zion Felipe V.ak, ordura arte Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoan antolatzen zena.
1900. urtetik aurrera herria Legazpirantz hasi zen hazten, hazteko modurik naturalena zen eta lursail onak zeuden, kostaldea eta barnealdea lotzen zituen errepidearen ertzean etxebizitzak eta lantegiak sortu ziren.
1927an, Urretxu Zumarragarekin batzeko proiektua aurkeztu zen, baina ez zen gauzatu.[5] Herriak batzeko bigarren saiakera, gauzatu gabea ere, 1966an egin zen.[13]
1950, 1960 eta 1970. hamarkadetan beharrak eraginda asko eraiki zen Urretxun, burdin lantegietara lan egitera etorri zirenentzako eraiki zen, haientzako auzoak egin ziren Santa Barbara edo San Sebastian, esate baterako.
1973. urtean Urretxuko etxe orratza eraikitzen amaitu zuten, eraikin hau beharrak eraginda izan zen sortua, eta Urretxuko herriaren itxura guztiz aldatu zuen.
2008. urtean Mattin Osinalde Beristain legazpiarrak Urretxuren logotipoa diseinatu zuen.[14]
Ekonomia
Honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian 2017an: Lehen sektorea %0,3. Bigarren sektorea %25,7. Hirugarren sektorea %59,5. Eraikuntza %14,5.[15]
Merkataritza- eta zerbitzu-enpresak batez ere Labeaga eta Ipeñarrieta auzoetan daude, baita Zumarraga herrian ere. Esaterako, tren eta autobus geltokiak, ospitalea eta postetxea Zumarragan daude eta ez Urretxun.[17]
Demografia
XX. mendearen hasieratik jasan zuen populazio hazkundea Urretxuk, baina 1950eko hamarkadatik aurrera asko bizkortu zen hazkundea. 1970eko krisialdiaren ondoren, biztanle kopurua jaitsi egin zen hamar urtez, baina 1990eko hamarkadatik aurrera hazteari ekin zion berriro.
2019an 6.802 biztanle zituen eta horietatik %21,86k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %7,53 ziren.[15]
Urretxuko biztanleria
Politika
2011ko udal eta foru hauteskundeetanBildu koalizioak gehiengoa eskuratu zuen, hamahiru zinegotzitik sei eskuratu baitzituen. Hori horrela izanik, udalean gehiengo osoa lortu zuten eta Oihane Zabaleta alkate izendatu zuten.
2015eko udal hauteskundeetan, berriz, Euskal Herria Bilduk eta Eusko Alderdi Jeltzaleak berdindu egin zuten zinegotzi kopuruan, baina EAJk boto gehiago jaso zituen. Bigarren alderdi horretako Jon Luki hautatu zuten alkate[18], bere taldearen botoei esker. Euskal Herria Bilduk eta Irabazik bakoitzak bere hautagaiari eman zion botoa, eta PSE-EEko zinegotziek zuri bozkatu zuten. EAJ alderdiak alkatetza izan zuen azken alditik 32 urte igaro ondoren eskuratu zuen hura berriro.
2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 1.697 boto (7 zinegotzi). EH Bilduk 1.171 boto (4 zinegotzi). PSE-EEk 536 boto (2 zinegotzi). Podemos-IU-Equok 176 boto. PPk 56 boto. EB-AZk 10 boto.[19] Jon Luki (EAJ) aukeratu zuten berriro alkate.[20]
Goierriko euskaran[31][32] kokatzen da Urretxuko hizkera. Urolaldeko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Goierrikoak, baina Urolaldekoan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Nortasun beteko hizkera da Goierrikoa, batasun handikoa, nahiz eta gorabeherak badiren mendebaletik ekialdera, hau da, Segura, Zegama eta Legazpitik Zaldibia edo Legorretara. Ataungoa ere berezia da, ziurrenik, bakarti samar eta Nafarroako mugan dagoelako. Abaltzisketak eta Ikaztegietak Tolosaldearekin lotura egiten dute, eta Urretxuk eta Zumarragak[33], berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa.
1992an, Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskara elkartea sortu zen.[34]
Festak eta ospakizunak
Ekainaren 24a, San Joan: San Joan egunean Santa Barbara baselizan erromeria ospatzen da 1893. urteaz geroztik. Bezperan dantza egiten da Gernikako Arbola plazan, suaren inguruan.
Uztailaren 10a, San Kristobal: Geltokietako auzoko jaiak. Asto lasterketa egiten da, besteak beste. Herri kirolak eta bertso afaria ere izaten dira. Auzokideek antolatzen dituzte jai hauek.
Iraileko hirugarren asteburua, Santa Anastasia: San Martin Tourskoaren eliza nagusian daude santu honen hezurrak. Herriko jai nagusiak dira. Aipatzekoa da Euskal Jai eguna, bereziki koadrilek egiten duten karroza ibilaldia. Igandean izaten da beti Euskal Jai eguna, eta herritarrek baserritar jantziak janzten dituzte kalera ateratzeko.
Azaroaren 11, San Martin: Beste herri askotan bezala, odolkiak janez ospatzen da egun hau.
Abenduaren 13a, Santa Lutzi: Urretxu-Zumarragan antolatzen den urteko feriarik garrantzitsuena. Hainbat lehiaketa eta erakusketa antolatzen da, besteak beste, ganadua, errezil sagarrak, ardoa eta kapoiak.
Urretxuko Udalak Auzobusa zerbitzua jarri zuen martxan. Bederatzi geltokiz osatutako linea bat du.[53]
Ondasun nabarmenak
Aizpuru enea (XVII. mendekoa), Jauregi kalean dago, herriko ingurune historikoan. Lau solairuko eraikina da. Gaur egun kultur etxea da eta beheko solairuan Mineral eta Fosilen museoa dago. Aurretik Aguado - Goñi familiaren etxebizitza izan zen, gaur egunean etxe publikoa den arren.
Areizaga jauregia (Baroikoa) (XVII. mendekoa)[54]. XVII. mendean eraiki zen harriz eta egurrez egindako eraikin hau orduko hirigune historikotik kanpo, garai bateko errege bidean. Jauregiaren aurrealdean hiru armarri daude. Teilatuko azpialdea oso landua du. Sarrera nagusiaren goialdean honako hau azaltzen da gazteleraz idatzita: "La maldicion de la madre abrasa de raiz hijos y casa"[55]. Eraikina gaur egun etxebizitzak eta lokalak bezala erabiltzen da.
Corral-Ipeñarrieta jauregia (XVII. mendekoa)[56] Iparragirre kalean kokatua dago eta gaur egungo udaletxea da. 1892. urtekoa da. Apaindura gutxiko fatxada soila du. Bertan, aurrealdean, bi armarri daude nabari. Paretetan harriak kolore arrosak eta zainak hartzen ditu. Balkoiez apainduta dago eta zur landuzko hegal ederrak bukaera ematen dio.
Ipeñarrieta jauregia (XVII. mendekoa)[59]. 1605. urtean eraiki zuten eraikina. Jauregi hau Irimo mendiko magalean kokatua dago eta herriko txoko guztietatik ikusten da. Bi pisu dauzka eta errektangeluaren teilatua. Hasiera batean Ipeñarrieta familia bizi izan zen, hala ere, gaur egun, baserri bezala erabiltzen da.
Santa Barbara ermita (XV. mendekoa). Irimo mendiko magalean dago, zelaiez inguratuta. Eraikin hau harriz, egurrez eta zementuz eginda dago. 1983. urtean berritu zuten. Laukizuzen itxurako baseliza honek teilatuan kanpai handia eta gurutzea ditu. Baselizarekin batera eraikinean taberna bat dago.
San Martin Tourskoaren eliza (XVI. mendekoa), sortu zenetik eraldaketa ugari izan du. Hallenkirche edo areto-eliza motakoa da, hiru nabeek (erdikoak eta bi albokoek) garaiera berdinekoak baitira. Zutabeen goialdea eta kupulak zurezkoak dira, materiala agerian dutela.
Jose Vicente Labeaga Gurrutxategi (1798-1874),merkataritza konpainia baten jabe zen Cadizen. Nesken eskola bat sortzeko dirua eman zuen eta udalak, esker ona adierazteko, bere izena eman zion kale bati, oraindik ere Labeaga izena duena.