Aia[3]Gipuzkoako ipar-erdialdeko udalerri bat da, Urola Kosta eskualdekoa. Nekazari herri zabala da, 56 km² baititu, eta 2.022 biztanle zituen
2016. urtean. Donostiatik 25 km mendebaldera dago. Kostaldetik gertu dagoen landa-udalerri zabala da. Bere mugen barruan Pagoetako natura parkea dago.
Oriaren itsasadarraren inguruan daude Gipuzkoa osoko padura baliotsuenetarikoak. Itsasadar horrek, Usurbilen jaiota, Orion du bokalea. Natura 2000 sarean sartuta dago. Aia herriak alde gutxi batzuk ditu Oriaren ertzetan.
Aiak mugakide ditu iparraldean Orio eta Zarautz udalerriak; ekialdean, Usurbil, Zizurkil eta Asteasu; hego-mendebaldean, Errezil; eta mendebaldean, Zestoa. Bihotz itxurakoa da Aia, eta kostaldeari irekiune txiki batez lotzen zaio, Txurruka hondartzan.
Aiako lehen giza aztarnak Goi Paleolitikoak dira. Altxerri haitzuloko grabatu eta pinturak eta Giltza iturritik hurbil agertutako harrizko lanabesak garai hartakoak dira (duela 12.000 edo 13.000 urte).
1025ean aipatzen da lehen aldiz Aia dokumentu batean.
Erdi Aroan, gaur egungo Aia, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil udalerriek osatzen zuten Saiazko Alkatetza Nagusia. Erakunde horretako administratzailea erregeak aukeratzen zuen. 1563an herri bakoitzak alkate bat edukitzea lortu zuten.[5]
2019an Aiak 1.998 biztanle zituen. Horietatik % 16,47k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak % 7,11 ziren.[6]
Aiako biztanleria
Politika
Miren Nekane Arrizabalaga Manterola da Aiako alkatea, EAJ alderdikoa.
2011. urteko udal hauteskundeetan aiarrek 2 zinegotzi gehiago aukeratu zituzten, biztanleriaren hazkundeagatik. 2007ko hauteskundeekin alderatuz, EAJ-PNV alderdiak 3 boto gehiago lortu zituen, eta sei zinegotziak mantendu zituen. Bildu koalizioak 220 boto gehiago eskuratu zituen eta bost zinegotzi, 2007an aurkeztu zen ezker abertzaleko EAE-ANV alderdiak baino bi zinegotzi gehiago.
2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 549 boto; EH Bilduk 417 boto; PSE-EEk 23 boto.[7] Nekane Arrizabalaga Manterola izendatu zuten alkate.[8]
Kultura
Euskara
Aiako euskara[11]gipuzkeraren aldaera bat da, Sartaldeko euskaran[12] kokaturik dagoen Urolaldeko euskara[13] hain zuzen. Urolaldeko eta Beterriko hizkeraren artean zubilana egiten du honek. Hizkera honetan sakona da mendebaleko euskararen eragina. Eremu lauagoa delako eta, batez ere, Eibar-Elgoibar aldeko industriak eraginda, estuagoa eta sarriagoa izan da hartu-emana. Lexikoan azaltzen da argien lotura, baina lexikoan ez ezik, hizkuntzaren beste sail batzuetan ere ageri da mendebaleko euskararen eragina Urolaldean.
Juan Jose Alkain, Udarregi (1829 – Usurbil, 1895), bertsolaria. Aita Zavalak bildu eta gorde ditu haren bertso-paperak (Udarregi bertsolaria, 1966). Ingelesek Donostia erre zuteneko gertaerei jarritako bertsoak ospetsuak dira (1893).