OrdiziaGipuzkoako erdi-hegoaldeko udalerri bat da, Oria haranaren goialdean kokatua. Historikoki Goierri eskualdeko herri nagusia izan da zerbitzuen aldetik; gaur egun, Beasainekin batera du eskualdeko nagusitza hori. 10.699 biztanle zituen 2024 urtean.
Mugakide ditu iparraldean Itsasondo eta Beasain, ekialdean Itsasondo, Arama eta Zaldibia, mendebaldean Beasain eta hegoaldean Lazkao. XX. mendean Beasainek, Lazkaok eta Ordiziak izandako hiri eta industria garapenaren ondorioz, hiru udalerri horien arteko mugak lausotu dira, hiruren erdian CAF fabrika handia jarrita. Hala, bada, hiru herriak elkarren segidan daude, bereiziko dituen eraikuntzarik gabeko etenik gabe.
Herriaren fundazioaren 750. urteurrenean, ordiziarrak ORDIZIA ataria egiten hasi ziren Wikipedian.
Izena
Ordizia izenaren etimologia zehatza zein den gaur egun arte ez da jakina. 1268an, jatorriz Ordiçia izena zuen lekuan Alfontso X.a Gaztelakoak herrigunea eraikitzeko agindu zuen. 1268an gaztelar errege berak herriari udalerri titulua eta Gasteizko foruarenak bezalako pribilegioak eman zizkion. Horrekin batera, Ordiçia izeneko lekuan Villafranca izeneko hiribildua sortu zen, ondoren eta XIX. mendera arte Villafranca de Ordicia (Ordiziako Villafranca) edota Villafranca de Guipúzcoa izenez ezagutu eta idatziko dena.
Villafranca gaztelaniazko izenak zerga gabeko hiribildua esan nahi du, beraz, garrantzi handia izango du hiribilduaren sorrerak Ordiçiako lekuaren populatzean eta indartzean, Gipuzkoako gainontzeko hiribildu historikoekin batera probintziaren gobernu lanetara batuko baita. Horrexegatik, Beasain, Legorreta, Itsasondo, Zaldibia, Altzaga, Arama, Gaintza, Ataungo herrixkak eta Lazkaoko etxe batzuk Ordiziako Villafrancara batzea eskatuko dute 1399etik hasi eta 1615. urteraino, Ordiziako Villafrancako jurisdikzioa handituz.
Geroztik, zazpi mendez, bi izenak erabili dira: Villafranca ofizialki eta gaztelaniaz eta modu ez ofizialean, Ordizia (bertakoen gaur egungo herri hizkeran, Ordizi), oso zabaldua eta erabilia. 20. mendera arte, ohikoa izan da Billafranka deitzea euskaraz ere herriari, bertakoen eta ingurukoen artean.[4]
1916an udalerriak bere izen ofiziala Villafranca de Oria izendapenera aldatu zuen, garaiko espainiar legediak erresuman zeuden izen bereko udalerriak ezberdintzeko bigarren izen bat gehitzera behartzen baitzuen. Bigarren izen hori, maiz, bertako elementu geografiko batekin lotua zen; kasu honetan, Oria ibaia. Baina Villafranca de Oria izena ez zen herritarren artean gehiegi sustraitu, eta 1970ean aurreko Villafranca de Ordicia izena berreskuratu zen.
Azkenean, 1982kourtarrilaren 4an ofizialki jatorrizko Ordizia izena berrezartzea onartu zen. Bertakoen hizkeran, Ordizi da.
Geografia
Gipuzkoako biztanle dentsitaterik handienetarikoa du eta Oria ibaiak zeharkatzen du. 1000 metro ere ez duten mendiz inguratua dago, Murumendi (848 m), Odeta-Goeña (784 m) eta Paola (734 m).
Herrigunea eta alde zaharra udalerriaren erdialdean daude, Oria ibaiaren ezkerraldeko lautadan, 155 metroko garaieran. Udalerria bera ere Oria ibaiaren haranean kokatuta dago, eta bere lursailak ibaiaren bi ertzetan gorantz hedatzen dira. Udalerri osoko garaiera handiena ipar-mendebaldean dagoen Odetagoena (729 m.) da, (Murumendiko mendilerroan), aldiz, udalerriko garaiera txikiena Itsasondo udalerriarekin muga egiten duen ipar-mendebadeko San Joan auzoan dago (130 m.). Bestalde, hegoaldeko Etxazpi-Putzuaran (Oiangu) 328 m garai da.
Lehen aipatu bezala, Oria ibaiak udalerria hego-mendebaldetik ipar-mendebalderako norabidean zeharkatzen du. Udalerri honetan Oria ibaiarekin bat egiten duten zenbait erreka ere badaude: Mariarats mendebaldeko mugan, Beasaingo mugan) eta San Joan erreka ekialdekoan (San Joan auzoan, Itsasondoko mugan). Arama eta Lazkao udalerrietako mugetan, Amundarain ibaia eta Senpere-berri errekek ere euren urak Oria ibaian isurtzen dituzte.
Herrigune nagusia alde zaharraren inguruan dago, haren itxura eliptikoa da eta Behe Erdi Aro inguruan hedatu zen. Karlistaldien ondoren, herriko harresiak eraitsi eta herria garai bateko errepide nazionalari jarraituz, alde zaharraren inguruan zabaldu zen, gaur egungo Filipinak eta Urdaneta kaleetaraino.
Udalerriaren hedatze edo zabalkunde handiena 1960 eta 1970eko hamarkadetan gauzatu zen, alegia, udalerriko ekialdean eta Oria ibaiaren eskuinaldeko ertzean Otegi Enea, Altamira eta Bustuntza auzoak sortu zirenean, Euskal Herriko industri eremuetako udalerri askotan bezala, auzo hauetan Andaluzia, Extremadura, Galizia eta Gaztela-Leondik etorritako etorkin ugari bizitzen jarri ziren.
Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta "Ordizia" zuen izena. Aurreraxeago, aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena eta Villafranca ipini, Sevillan1268koekainaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez. Horrez gain, Gasteizek zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a Gaztelakoa, Ausarta, izan zen Alfontsoren ondorengoa, emandako eskubide berezia berretsi eta zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituena Valladoliden sinatutako beste agiri bat zela medio.
Badakigu 1397anGetariako Batzarretan parte hartu zuela Ordiziak, hala baitio gorde den partaide zerrendarik zaharrenak.
1467an, beste lege berezi bat jaso zuen, Madrilen urtarrilaren 14an emandakoa; bertan, Henrike IV.a Gaztelakoak urteko bi mila marai eta bestelako zerga batzuk ordaintzetik libre utzi zuen herria, herriak erregeri ematen zizkion zerbitzuen ordainetan. Inguruko herrixkek, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, eta Lazkaoko zenbait etxek, gaizkile eta herriko jauntxoen ondorioz beren lurretan zegoen ziurtasun falta zela eta, Ordiziarekin bat egiteko eskaera egin zuten, babesa lortu eta herriak zituen abantailak eskuratzeko.
1399ko apirilaren 8an Villafrancak auzolagun moduan onartu zituen. Adiskidetasun Idatzi bat sinatu zuten guztiek, Henrike III.a Gaztelakoak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean, gero Errege-erregina KatolikoekKordoban1492ko maiatzaren 27an berretsi zutena. Inguruko herriak auzolaguntzat hartuz, Ordiziako alkateak eskumen bereziak jaso zituen, bai auzibide arlokoak, bai zibilak eta baita kriminalak ere; herri horietan lehen zeuden alkateak auzo-alkate bihurtu ziren. Hala ere, herri horiek beren udalei eta batzar irekiei eutsi zieten, beren lurraldea zedarrituta, beren mendi eta jabegoak eta beren ekonomia administrazioa gorde zuten.
Batasun horrek berrehun urte baino gehiago iraun zuen, baina batasun-behar horren arrazoiak desagertu zirenean, beren udal askatasuna lortzeko irrikan, herri-amak irainak egin zizkiola eta, banaketa eskatu zuten. Filipe III.ak eman zuen ontzat eskaera, errege kutxek dirua behar zutelako eta, herrien arteko banaketen ondorioz, zerga ederrak jasotzen zituztelako. Lazkaoko etxeek, berriz, Ordiziarekin bat eginik jarraitu zuten 1648ko otsaila arte, urte horretan izan baitzuten berriz beren udala.
Villafranca bakarrik geldituta, Probintziako Batzarretan prokuradorearen gastuak oso handiak zirela eta, Beasainekin bat egin zuen, eta Villafrancako Batasuna izena ezarri. Batasuna, 1644an sinatu zen eta 1687ko maiatzaren 4an, Arama eta Zaldibia ere batasunean sartu ziren. Arrazoiak berak izan ziren, ordezkapen gastuak beste herri batzuekin banatzea. 1710eko apirilaren 10ean Ataun ere sartu zen batasunean, baina Batzar Nagusiek ez zuten 1712 arte onartu. 1741ean tirabirak hasi ziren Zaldibiarekin, 1768an Aramarekin eta 1818an Ataun eta Beasainekin. Ordutik aurrera, Villafranca bakarrik egon zen. Ordizian 27 sukalde-zerga ordaintzen ziren; eta Probintziako Batzarretan, Korrejidore-Lehendakariaren ondoan hamabosgarren jarlekuan esertzen zen Ordiziako ordezkaria.
XVIII. mendean, sute ugari izan ziren. (1738, 1751 eta 1794an), baina ez ziren garrantzi handikoak izan, horietatik batek ere ez baitzuen izan 1512ko martxoaren 18an gertatutako suteak adinako larritasuna; sute hark, erabat suntsitu zuen herria. 1859an beste sute bat izan zen eta herriaren zati bat hondatuta gelditu zen haren ondorioz.
Herria liberalen alde jarri zenez gero, Lehen Gerra KarlistanZumalakarregik eraso egin zion, 1835ean, hain zuzen ere. Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra arte iraun zuen erasoak, orduan eman baitzuen amore herriak, irabazteko aukera gutxi zituela konturatu zenean. On Karlos erregegaiak -Karlos VII.a izan nahi zuenak- Ordizia aukeratu zuen, zenbait urte geroago, 1875ean, euskal foruak zin egiteko.
Antzina-antzinatik herria Bozue Txiki edo Villafranca izeneko Komunitateko partaide izan zen. Komunitate hori lehenengoz 1027. urteko Nafarroako Antxo Handiaren agiri batean agertu zen. Aralar eta Enirioko mendien etekinen hogeita zortziren bat jasotzen zuen herriak, 1409an "Komenio eta Ajusteagatik" ezarritako diruaren zatia, hain zuzen ere. Komunitateak oraindik ere bizirik dirau eta Ordiziako alkatea da lehendakari.
1970eko apirilaren 17an aldatu zen izen ofiziala, "Villafranca de Oria" izatetik "Villafranca de Ordizia" izatera igaro zen. 1982ko urtarrilaren 4an behin betiko eta ofizialki izena jarri zitzaion: Ordizia.
XXI. mendearen hasieratik, Euskal Herrian orokorrean jazo den bezala, herrialde ugaritako etorkinak etorri dira, nagusiki Errumania, Hego Amerika, Afrika eta abarrekoak, horrek gaur egun Ordiziak bere historia guztiko biztanleri kopuru handiena izatea ekarri du, ordurarteko 1981eko 9.781 biztanleriaren kopuruaren errekorra gaindituz, 2018an 10.150 biztanle izatera iritsi baitzen.
Ordiziako armarria
1989ko urtarrilean erabaki zuen Ordiziako Udal Osoko Bilkurak herriko armarria zein zen zehazteko espedienteari ekitea, udalaren sinboloa behin betiko zein izango zen arautzeko.
Udalerrian hainbat armarri zeudenez, horri buruzko xehetasunak emateko eta txostena egiteko agindu zitzaion aditu bati. Hari horretatik, Borja de Aginagalde, Eusko Jaurlaritzako Agiri Ondarearen arduradunak gutun bat bidali zuen Udaletxera, eta honako hau adierazi zuen: "Lurralde osoan salbuespen osoko posizioa du Ordiziak: herriko armak datatuta ditu, 1568an hain zuzen ere, monumentu izaera duen testigantzaz, gainera, hau da, parrokiako eskulturan...". Parrokiako agiritegian dauden armarriak dira, aldaretik sakristiara sartzeko ate gainean daudenak zehazki.
Eusko Ikaskuntzak ere egin zuen txostena, eta udal armarria aldatzea onartu zen (1989ko maiatzaren 2ko Osoko Bilkuran), eta honelaxe idatzi zen armarri horren itxura:
"Hondo urdin batean urrezko almenaz apainduriko urrezko gaztelu bat, lauki urre koloredun eta beltzen gainean. Ingurua, Erdi Aroko eredu espainiarra mako erpinez amaiturik".
Ekonomia
Herriko jarduera nagusiak industria eta merkataritza dira: trenbide-materialak, metalurgia, elikagai-industria, ehungintza, zurgintza, dendak, tabernak eta ostalaritza.
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,2. Bigarren sektorea %27,8. Hirugarren sektorea %62,8. Eta eraikuntza %9,2.[21]
Demografia
2024an 10.699 biztanle zituen Ordiziak. 2020an zituen 10.503 biztanleetatik %19,16k 65 urte edo gehiago zituen, eta atzerrian jaiotakoak %17,43 ziren.[21]
Ordiziako biztanleria
Politika
2011ko udal hauteskundeak
2011ko udal eta foru hauteskundeak Ordizia udalerrian Bildu koalizioak gehiengo osoz irabazi zituen, hamahiru zinegotzitik zazpi eskuratu baitzituen. Hori horrela izanik, udalean gehiengo osoa lortu zuten eta Igor Eguren alkate izendatu zuten.[22]
2015eko udal hauteskundeak
2015eko udal hauteskundeetan, berriz, bi zinegotzi galdu zituen Euskal Herria Bilduk, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen zinegotzi kopuru bera lortuta (bosna), azken alderdi horrek boto kopurutan irabazi zuen. Emaitza horiekin, EAJ alderdiko Jose Miguel Santamaria hautatu zuten alkate, bere alderdiaren bost botoekin eta PSE-EE alderdiaren zinegotzi bakarraren botoarekin.[23]
Bestalde, 2018an udalerriak bere historian lehenbiziko aldiz 10.000 biztanleen langa igaro eta populazio hazkunde hori Udalaren zinegotzi ordezkaritzaren handiagotzean islatu zen, 2019ko hauteskundeen ondoren 13 zinegotzitik 17ra osatua egotera igaro baitzen.[27]
Ordiziako Alde Zaharra eta bere hiri-morfologia suteen, gerren eta herriaren beraren aurrerapenaren ondorioz, eraldakuntza handia jasan du. Halere, ordea, oraindik ere Erdi Aroko tipologia gordetzen du neurri handi batean, bide-trazadurari eta lurzatiketari dagokienez.
Herriaren oinplanoa erregularra da, forma obala eta itxia du. Kale nagusiak hiru dira eta ekialdetik mendebalderako orientazioa dute. Erdikoa —Kale Nagusia— zuzena da, eta bertatik igarotzen zen Behobiako Errege-bidea. Honek, gainera, harresiaren ateetako bi lotzen zituen. Alboetako kaleek, alegia Santa Maria kaleak eta gaur egun Goenkalek eta Elkano kaleak osatzen dutenak, harresiaren trazadura eliptikoa itxuratzen zuten; eta honen hegoaldean eliza —parroki gotorlekua— zegoen kokatuta. Hirigunearen zati honetan Etxezarreta kaleak markatzen du hesiaren kanpoko lerroa. Zeharkako arteria batek —egungo Goitia kaleak eta Kale Nagusiak okupatzen dutenak— herriko beste bi ateak lotzen zituen.
Hirigunearen barruan, Kale Nagusiaren, Goenkaleren eta Elkano kalearen artean Ordiziako plaza nagusia erdiko espazio handia irekitzen da, eta honen aurrean Udaletxea dago. Beste espazio publiko aipagarri bat Barrena jauregiaren aurreko lorategiak dira, antzinako barrutiaren muturrean aurkitzen direnak. Lurzatiketak Erdi Aroko zenbait ezaugarri gordetzen ditu: esate baterako, fatxada estuko oin sakon tipikoak, herriaren barneko etxadi bikoitzak, eta herriaren muturretako etxadi bakunak.
Eraikuntzak tipologia askotarikoa du, eta XIX. eta XX. mendeetako jarduketak nagusitzen dira.
Ordiziako euskara[34]gipuzkeraren[35] barnean kokatzen da. Zehazki, sartaldeko azpieuskalkiari dagokion Goierriko hizkera[36] da bertan hitz egiten dena.
XX. mendera arte euskara Ordiziako biztanleen lehen hizkuntza izan zen. Ordiziari buruz datu zehatzik ez badugu ere, Gipuzkoako eta Ordiziako egoera soziolinguistikoak antzeko samarrak zirela emanda, esan daiteke XIX. mendearen erdialdean ordiziarren %96k euskaraz zekiela. Garai horretan oso gutxi izango ziren gaztelaniaz bakarrik zekiten ordiziarrak. Handik ehun urtera, hainbat faktoreren eraginez, Ordiziako euskaldunen portzentajea erdira etorrita zegoen.
Uztailaren 27a, Kuadrilla eguna, herriko kuadrillak egun osoz herrigunean parrandan ibili ohi dira. Bestalde, egun honetan ere santaneroen tradizioa nabarmentzen da, tradizio honetan ospakizun ospetsu bat egiten da, bertan azken urtean zehar ezkondu diren bikoteak (santaneroak) udaletxetik eskutik helduta (zapiz) irteten dira (emakumeek zetazko xala daramate) eta Ordiziako plaza nagusian dantza egiteen dute, ondoren herriaren kaleak zeharkatzen dituztelarik.
Abenduan, eguberri ondorengo asteazkenean ere Azoka Berezia edo Neguko Azoka ospatu ohi da.[37]
Jai hauen artean ospe berezia du Santa Ana egunean, uztailaren 27an, egiten den Santaneroen kofradiakoen esku-dantza, 1509. urtetik ospatzen den tradizioa. Egun honetan aurreko jaitik izandako urtebetean ezkondutako bikoteak Udaletxean elkartzen dira, emakumeak Manilako Mantoia daramatelarik, eta alkatea aurrean jarrita taldea Parrokiara hurbiltzen da. Elizkizunaren ondoren, Udaletxera itzultzen dira eta hamaiketako baten hondoren akten liburu zaharrean sinatzen dute alkateak eta maiordomoak, Santaneroak du izena liburu horrek eta 1792koa da. Momentua iristen denean alkatea enparantzara jaitsi eta Santanazaleak diren senar gazteei eskua eman ostean ohiturazko Santanazaleen Aurreskuari ekiten zaio.[38]
Ordiziak badu bere ereserkia, gehienbat uztaileko jai nagusietan edota ordiziarrek jai egiten dutenean abestua, Bernardo Alberro musikagile eta akoodeoi-jotzaileak konposatua[39].
Ordiziarrak gera, ordiziarrak gera gu! Agur herriari, agur eiten diogu, alaitasuna guk, ordiziarrok badegu, okasio bat ta lan alde batera, utzi ta festa nahi degu![40]
Abesti horretaz gain Ordiziak martxa dotorea du. Gurrutxaga maisuaren obra bikaina Gipuzkoako martxa hoberenatzat jotzen da. Obrak 6 minutu inguru irauten du eta Ordiziako Danborradaren amaiaeran jotzen da urtero. Maisulanaren benetako izena "Marcha de Villafranca" da, baina Ordiziako martxa izenez ere ezagutzen da.
Andres Urdaneta (1508-1568), itsas gizona, kosmografoa, esploratzailea eta apaiza, FilipinetatikMexikorainoko itsasbidea aurkitu zuen, Itzulbidaia deritzona, alegia. Bide horretan ibili zen urteetan Manilako Galeoia, eta hortik sortu ziren Ordiziako zenbait ohitura, esaterako: Santanazaleen dantza (urteko ezkonberriak Manilako mantoiez estalita egiten duten dantza, Santa Ana egunean).
Bernardo Alberro (1927-), kantautorea eta akordeoi-jotzailea, jaiotzez Astigarragakoa, urtez luzez Ordizian bizi eta herriko "Ordiziarrak Gera" ereserkiaren konposatzailea.
Mikel Garmendia (1945-2005) aktorea. Zineman, antzerkian eta telebistan aritua, Goenkale telesailean Jose Mari Lasaren rola jokatzeagatik egin zen ospetsu, bereziki.
Nekane Balluerka (1966-), Portaera Zientzien Metodologiaren irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatean. 2017ko urtarriletik aurrera UPV/EHUko errektorea da.