Gipuzkera

██ Erdialdeko euskara
Erdialdeko euskararen hedadura, 2015ean.

Gipuzkera, giputz euskara edo erdialdeko euskara euskalki bat da, Gipuzkoako zatirik handienean (lurraldeko sartaldean salbu, hots, Debagoienean, Soraluzen eta Eibarren izan ezik) eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean (zehazki esanda, Araitzen, Basaburuan, Larraunen eta Imotzen) hitz egiten dena.

Euskalki historiko nagusietakoa izan da, eta literatur hizkuntza da XVIII. mendetik aurrera. Lapurtera eta goi-nafarrerarekin zerikusi nabaria du, nahiz eta bizkaieraren kutsua ere duen. Euskara batua neurri handi batean gipuzkeran oinarrituta eratu zen, haren prestigioagatik eta, erdialdeko euskalkia izanik, gainerako euskalkien hiztunentzat ulergarriena zelako.

Gipuzkeraren eremua

Gipuzkera ez da Gipuzkoa osoan hitz egiten: Deba ibaiaren arroan, Leintz-Gatzagatik Elgoibarreraino, bizkaieraz mintzatzen dira hango euskaldunak. Gipuzkoako gainerako lurretan eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean (zehatzago, Araitzen, Basaburuan, Larraunen eta Imotzen), gipuzkera da nagusi.

XVII. mendetik XX. mendearen bukaera arte, Gipuzkoako ipar-ekialdean —Oiartzun eta Bidaso ibaien arroetan— gehienbat goi-nafarreraz mintzo ziren (XVIII. mendearen hasieratik aurrera, gipuzkeraren eragin handiarekin), baina Beterriko gipuzkera nagusitua da han ere orduz geroztik, bereziki gazteen artean.[1]

Azpieuskalkiak

Hiru azpieuskalki eta sei hizkera egin daitezke haren barruan. Hauexek dira azpieuskalkiak: sartaldekoa, erdigunekoa eta sortaldekoa. Sartaldekotik erdigunekora gaur egun ez dago hainbesteko alderik; sortaldekoa bereziagoa da. Hizkera bi daude sartaldean: Urolaldekoa eta Goierrikoa. Erdigunean ere beste hizkera bi daude: Beterrikoa eta Tolosaldekoa. Sortaldean ere hizkera bi daude: Errenteria, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Aranokoa (Beterriko euskararen eragin handikoa), iparraldean, eta Araitz, Larraun, Basaburua eta Imotz ibarretakoa, hegoaldean.[2]

Ezaugarriak

Ezaugarri fonetiko eta morfologikoak:[3]

  • Bokal alternantziak:[4]
    • a / e: beste euskalkiek izan aditz laguntzailearen orainaldian «a» dute; gipuzkeraz, ordea, «e». Konparazio batera: gara > gera, zara > zera, zarete > zerate.[5] Alderantziz ere bai: zen > zan, nintzen > nintzan, ziren > ziran.
    • e / i: ageri > agiri, edeki > idigi / idegi / idoki.[5]
  • Hiato markatua, kontsonante bat edo erdikontsonante bat tartekatuz, iparraldeko gipuzkerako hizkeretan: buruba, ogidda / ogidxa / ogija / ogixa, Oriyo, zorixonak.
  • Goierrikoan eta Urolaldekoan, bokal harmonia egiten da: hitz bateko /i/ edo /u/ bokalen eraginez, /a/ daraman atzizki bat eranstean, /a/ > /e/. Adibidez, burue, ogie; sartute.
  • Bokalak batzea: zaharra > zarra.
  • Palatalizazioa. Euskara batuan aukerakoak diren palatalizazioak nahitaezkoak dira euskalki osoan (egina > e(g)iña, ilargi > illargi), bereziki hainbat azpieuskalkitan (ditu > dittu, egin > egiñ, dizkit > dixkit, mutil > mutill).
  • <j> gaztelaniaz bezala ahoskatzen da, hots /x/, gizajo hitzean egiten den eran, eta ez euskara batuan eta euskalki gehienetan bezala (jadanik hitzean egiten den eran).
  • h ez da ahoskatzen, mutua da.
  • Absolutibo plurala (euskara batuko -ak) eta ergatibo plurala (-ek) ez dira bereizten, bi-biak -ak baitira, azentua gorabehera.
  • Menpeko esaldi guztiak markatzen dira: etorri dan gizona nere aita da.
  • Nor-Nork laguntzailearn Indikatibozko orainaldiko erroan, objektua singularrezko 3. pertsona bada, forma guztietan /-e-/ bokala du, subjektuak 3. pertsonak direnean salbu: ikusi det, ikusi dek, ikusi den, ikusi degu, ikusi dezu, ikusi dezute. baina ikusi du, ikusi dute / ikusi due.

Egun, beste euskalkien antzera, euskara batura ari da lerratzen, hedabideek eta literaturak duten indarragatik. Gainera, euskara batua neurri handi batean gipuzkeran oinarritu zenez, hurbilen duen euskalkia da.

Erreferentziak

  1. Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.
  2. Koldo Zuazo: Euskalkiak.com.
  3. «Euskalkien egungo sailkapena», Hiru.com webgunean.
  4. Aurreko aipuko web orrian eta beste hainbatetan, hau aipatzen da: a/e (burua > burue). Hala ere, oker nabarmena da, Goierriko gipuzkeraren ezaugarria baita hori, eta ez gipuzkera osoarena.
  5. a b Txillardegi eta beste (1987): Euskal dialektologiaren hastapenak, Udako Euskal Unibertsitatea. ISBN 84-86644-00-3.

Kanpo loturak


Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!