Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra edo Altzaniakoa 24,07 kilometro koadroko lurraldea da, Gipuzkoako hegoaldearen zati gehiena hartzen duena. Bertan, Euskal Autonomi Erkidegoko mendirik garaienak daude; horietako zazpi, 1.500 metrotik gorakoak. Ez du berezko balio administratiborik, baina sei herri arduratzen dira lurraldearen administrazioaz: Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain Gipuzkoaren aldetik eta Asparrena eta Donemiliaga Arabaren aldetik.
Idazkian Segurako hiribildua besterik agertzen ez den arren, kontuan hartu behar da garai hartan Goierriko hainbat herri Segurari batuta zeudela. Beraz, eskualdeko hainbat herriren buru gisa erosi zituela esan daiteke. Horixe berresten du 1430eko dokumentu batek; izan ere, Legazpiko unibertsitateak zegokion zatia banandu eta mugarritu egin zuela adierazten du. Idazkian bertan, Segurako hiribilduak eta Idiazabal, Segura, Zegama eta Zeraineko unibertsitateek elkarrekin erosi zutela ere jartzen du. Legazpiko zatia banandurik, beste guztia beste lau herrien administraziopean geratu zen.
XV. mendean zehar, gipuzkoar herriek partzuergoaren hegoaldean ziren herriekin hitzarmenak egin zituzten, haiek ere partzuergoko baliabideak ustia zitzaten. Zalduondo, Araia, Donemiliaga eta Agurain herriez ari gara. Aguraingo herria 1916. urtean atera zen partzuergotik.
Partzuergo honen barnean, Urola eta Oria ibaien iturburuak daude iparraldean. Hegoaldean, aldiz, Altzania, Ametzaga eta Zirauntza errekek ekialderantz Arakil ibaia sortuko dute Sakana aldean. Mendebalderago, Barrundia ibaiak Zadorrako sistema osatzen laguntzen du.