ZerainGipuzkoako hegoaldean eta Goierri eskualdean dagoen udalerri euskalduna da. Herriak 258 biztanle zituen
2016. urtean.
Zerain nekazaritzari lotuta bizi izan den herria da. Naturan dauden lehengaiak, mea, egurra, ikatza etab. ere ustiatu izan dira bertan. Gaur egun, biztanleriari eusteko buru-belarri lanean ari da herri osoa. Biziraupeneko ekimen hau gaurkotutako auzolanean oinarritzen da. Azken urte hauetan, kontzientzia soziala indartzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizun ekonomikoa bermatzeko lan handia egin dute herritarrek.
Etorkizuneko proiektua Zerain Paisaia Kulturala da. Bertan natur eta giza paisaia lantzen dira, kalitatezko baserriko produktuak sustatuz eta ondare zabala (meategia, kartzela, museoa, etab.) berreskuratuz eta ikusgai jarriz.
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea, BEGaren %9,9. Bigarren sektorea %49,8. Hirugarren sektorea %39,7. Eraikuntza %0,6.[7]
Politika
2019ko udal hauteskundeak
2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EH Bilduk 105 boto. Zeraingo herri kandidaturak: 89 boto.[8] Amaia Junquera (EH Bildu) izendatu zuten alkate.[9][10][11]
1711ko kartzela: Euskal Herriko XVIII. mendeko kartzela bakarra. Kartzelaren berezitasun nagusia, lau paretak haritz-oholez estaliak dituela. Gaur egun, kartzela Ostatu tabernaren barruan dago.[13]
Aizpeko burdin meategia: Burdinaren Mendia izenez ezagutzen den Aizpeako meategiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Monumentu Multzo izendapena du eta Aizkorri Aratza Parke naturalaren barruan dago. Burdinaren Mendiak meagintzaren aztarna interesgarri ugari gordetzen ditu: lurrazpiko galeriak, lokomotoraren errailak... Historia hori guztia eta burdingintzaren prozesua ezin hobeki azaltzen dute Aizpittako Adieraztegiko aretoek, ikus-entzunezko eta erakusgela modernoen bitartez.[14]
Andre Mariaren Jasokundearen eliza: Herriguneko eraikin nagusia da Andra Mari Eliza, XV. mendearen lehen zatian eraikia. Zer ikusi asko eskaintzen du, baina aipatzekoa da harribitxiz apaindutako kobrezko gurutze erromaniko ederra: XII. mendekoa da, Gipuzkoako bakarra, Zegamako elizan dagoenaz gain.[15]
Diaporama: 1996. urtean museoaren osagarri moduan sortua, gaur egun nortasun propioa izatera heldu da. Musikaz lagunduriko diapositiba-emanaldi honetan, zeraindarrek beren iragan, orain eta etorkizunean zer izan nahi duten erakusten dute. 14 minutuko emanaldi honetan, herriari egindako 500 diapositiba ikusten dira euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez nahiz katalanez.
Herri museoa: Museo txiki honek Goierriko herri honen bizimodu eta ohituren bilakaera azaltzea du helburu. Zenbait ataletan herriaren prozesu historikoa adierazten duten tresna, altzari, lanabes, dokumentu, etab. biltzen dira, garai bateko nekazaritza eta artzaintzatik hasi eta, meagintza garaitik igarota, gaur egunera arte.[16]
Jauregia etxea: Zeraingo Jauntxoen bizileku izan zena. Jauregiaren zatirik deigarriena dorretxearen parte izan ziren hiru horma dira, harri landuz eginak. Gotiko erako arku ederra ere badago, arku honen gainean herriko armarririk zaharrena dago, eta alboan, zer adierazten duen inork ez dakien irudi bat: "Eguzki goibela, ilargi laurdenaz besarkatua eta zortzi puntako lau izarrez inguratua".[17]
Larraondoko zerrategia: 1890. urtearen inguruan eraiki zen. Zeraingo mendietan jaiotzen den Lasurtegi errekatxoko urez baliatzen da eta gaur egun ere eraiki zeneko ezaugarri eta berezitasunak gordetzen ditu.[18]
Liztormendi bolatokia: Euskal Herrian tradizio handia duen jokoa da bola-jokoa eta Zerainen ere oso zabalduta dago. Garai batean, bederatzi bolatoki zeuden herrian sakabanatuta, baina garrantzitsuena Herriko Plazakoa da.[19]
Zeraingo euskara[22]gipuzkeraren aldaera bat da, sartaldeko hizkeren[23] artean dagoen Goierriko euskara[24], hain zuzen. Urolaldeko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Goierrikoak, baina Urolaldekoan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Nortasun beteko hizkera da Goierrikoa, batasun handikoa, nahiz eta gorabeherak badiren mendebaletik ekialdera, hau da, Segura, Zegama eta Legazpitik Zaldibia edo Legorretara. Ataungoa ere berezia da, ziurrenik, bakarti samar eta Nafarroako mugan dagoelako. Abaltzisketak eta Ikaztegietak Tolosaldearekin lotura egiten dute, eta Urretxuk eta Zumarragak, berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa.