Jazinta Arruti (Asteasu, 1827ko abenduaren 27a - 1899ko martxoaren 11) bertsolari gipuzkoarra izan zen.[1]
Bizitza
Bertso kantuan aritzen zen Jose Inazio Etxaburua Garaiarrekin (Asteasu, 1840-1900). Jose Inaziori Asteasuko itsua[2] esaten zioten bere lehengusu Pedro Mariri bezala. Asteasuko etxaburuatarrei Itsutarrak esaten zieten, familiko kide ia guztiak itsuak zirelako.[3]
Jazinta Arruti bi aldiz ezkondu zen. Jose Inaziorekin 1864ko abenduaren 12an ezkondu zen, bigarren ezkontzan. Bi ume izan zituzten, bikiak, eta bat jaio-berritan hil zen.
71 urterekin hil zen, 1899ko martxoaren 11n. Bere ibileren berririk ez genuen izango, bertso-paperetan haren izenik azaldu izan ez balitz. Hark kantatzen zuen sail bat iritsi da gugana. Ezinbestean erreparatu diegu Jose Inazioren bi puntu hauei: «Nire andre Jazintak artu didan gala, bertso berriak para bear dizkidala».[3]
Obra
Plazan, jendaurrean, sekulakoak eta bi esaten zizkioten elkarri senar-emazteok, bertsotan. Eta ondoren, bertso horiek inprimatutako paperak saltzen zituzten. Bertso-paper horiek Antonio Zavalak bildu zituen Auspoa liburutegiko 68-70 zenbakietan. Altzoko Imaz bertsolariari eskaintzen dion liburuan, bukaeran, Asteasuko itxuen bertsoak atalean. [3]
Guztira hogeita lau bertso dira. Bertso batean, horrela esaten dio Jazintak Jose Inaziori.
Makillarekin baldin
ni jotzen banazu,
egun asko baño len
damutuko zazu;
itxu-aurreko beti
erabiltzen nazu,
zuloren batean or
gelditu beazu.
Erreferentziak