Muxika ia osoa Urdaibai Biosfera Erreserbaren barruan dago, salbu eta Mauma auzoa, hego-ekialdean, zeina ez dagoen Oka ibaiaren harroan (Urdaibai funtsean hori delarik): Durangaldera doaz Magumako errekak, hegoalderantz.
Oiz (ekialdean) eta Bizkargi (mendebaldean) mendiguneen artean dagoen eremu bat da, Oka ibaiak hegoaldetik iparralderantza zeharkatua.
Auzo eta azpi-auzo ugari ditu Muxikak, batere ez Muxika izen bera daukana. Auzoen zerrenda bat ofizialtzea zaila, gune populatu batzuk besteen partetzat har daitezkeelako (Undabeitia, Undaren azpimultzo bezala), eta izenei dagokienez ere, forma batzuk dira ofizialak, Euskaltzaindiak EODAn beste batzuk ematen ditu euskarazko arauzkotzat, eta are mapetan ere forma desberdinetan ager daitezke[4][5][6][7].
1966an egungo udalerria sortu zenean, aurreko hiru elizateak elkarturik, auzo hauek batu ziren elizate bakoitzetik. Ugartetik:
Gehien bat nekazaritzari lotutako udalerria izanik, Muxikak ez zuen gorabehera handirik izan biztanleen kopuruan XX. mendean zehar. 1966ko anexioen ondorioz populazioa handitu zen, baina XX. mendearen bigarren erdialdean beherakada txiki bat gertatu zen, herrietatik industriguneetara joandakoen ondorioz. XXI. mendearen hasieran hazkunde txiki bat gertatu zen biztanle kopuruan.
Bi garraiobidek transformatu zuten Muxikaren izaera 20. mendean. Trenbideak (21. mendean Euskotren-en E4 linea) eta Bi-635 errepideak ipar-hego ardatzean erdibitzen dute Muxika, gutxi gora-behera Oka ibaiak bezala, baina beste era bateko ondorioekin. Zornotza eta Gernika lotzen duten bideak dira, tarteko trafiko askorekin. Muxikako auzo batzuk guztiz erdibitzen ditu errepide horrek, eta 1970 eta 1980ko hamarkadetan, trafikoaren frekuentzia eta abiadura handitu zirenean, istripu askoren kausa ere izan zen[8][9].
Ardatz horrek aspaldiko beste bide batekin egiten du bat Kurtzero esaten zaion puntuan (gurutzebideagatik du izena auzoak), horik mendebalderantz Mungia eta Morgarako bidea. Oion-Bermeo ardoaren bidea da hori: garai batean Oion eta Bermeoardo eta arrainaren merkataritzak lotzen zituen. Arabatik ardoa ekartzen zen Bizkaiko kostara eta bueltan arraina eramaten zuten haruntza. Bide horrek leku estrategikoa zuen garai hartan Muxikan[9].
21. mendean, enpresa eta zerbitzu esparruak Bi-635 errepidearen ondoetan daude, eta gune urbanizatuena ere bai, Kurtzero. Hala ere, elizate originalak eta auzo gehienak aparte geratzen dira, ia ikusezin, Muxika errepidez edo trenez zeharkatzen duenarentzat[10].
Baserri esplotazio dexente dago 21. mendean oraindik Muxikan. Gernikako piperra etxe atarietan zintzilik udazken partean, herriko erretrato enblematikoena da.
Muxikan basoa beste kultibo bat dela esan liteke. 20. mendearen hasierako argazkiak daude non Muxika basoz askoz soilagoa ikusten den, baina gizaldian zehar hori aldatzen joan zen[11].
Pinu sail bat hazten zuenak 20. mendean, hark emango zionarekin etxe bat eros zezakeen Gernikan. Pinuak eta, ondoren, eukaliptoak, logika ekonomikoa izaten segitzen dute, lurrak dituen baserritarrak etekin bat ateratzeko modu bat gehiago du horrela, eta eukaliptoaren landaketa bakarrarekin, hiru bider jaso daiteke egurra. Etekinek ez dute jada etxeak erosteko adina emango, baina basogintza eredu honek logika ekonomiko lokala dauka. Enpresa handiak negozioan sartu direnean, baserritarraren ikuspegitik beste eremu batera eraman dute logika ekonomiko hori[9].
Artadi guneren bat edo beste ere geratuzen da, sasoi batean ugariagoak izango ziren. Haien arrastoa, Besangizen, non arte bikain solte batzuk dauden, eta tartean bat monumentala, Urkietako Artea.
Lantegiak
XX. mendearen bigarren erdi aldean egurra egiteko zerrategiak ireki ziren. Zugastietan bi egon ziren, Gorozikan, eta Muxikan hiru: Astelarran bat eta Kurtzeron bi. Ideia horrekin etorri omen zen FINSA izeneko enpresa Muxikara 1962an. Egun itxita dago lantegia eta herrian eztabaida handia sortu zuen haren hazkundeak eta gauzak egiteko moduak. Urte gogorrak izan ziren: lanpostuak eta ongizatea jarri ziren aurrez aurre. Orain egurra lantzen duen lantegi handi bat gelditzen da Ugarten: Ebaki.
Beste industria, dagoen apurra, Ugarte inguruan dago 21. mendearen lehen laurdenean: Arruti S.A., Chatarras Cifuentes eta Burnigai[9].
XXI. mendean Urretxindorra Herri Eskola da lehen mailako herriko ikastetxea, Kurtzero auzoan kokatua. XX. mendean, auzo-ikastola edo baserri auzoetako eskola txikiak sortu zitenean, zenbait izan ziren Muxikan: Ugarte, Kurtzero, Areatza; Ibarrurin, Mauma eta Elexalden; Gorozikan Elexalde eta Zugastieta auzoetan... Mende berean itxi ziren denak. Ugartekoa eta Ibarruri Elexaldekoak izan ziren funtzionatzen azkena[9].
Jaiak
Ugarten, Maietz Pazkoak, jai mugikorra Mendekosteri lotua; eta San Bizente urtarrilean.
Gorozikan, Andre Mari irailekoa (irailak 8).
Ibarrurin, San Pedro eta Andre Mari abuztukoa (abuztuaren 15ekoa)
Aiurian, San Joan jaiak.
Maguman, San Lorentzo.
Areatzan, Santakurtze, irailaren 14an.
Besangiz-San Romanen, San Roman abuztuaren 1ean[9].
XX. mendean bi bisita egin zituen egingo Muxika diren herrietara Indalezio Ojanguren argazkilariak, lehena 1918-1919 tartean, eta hainbat argazki egin zituen: