Sukarrieta (edo antzina Samikola[4]; gaztelaniaz: Pedernales edo San Andrés de Pedernales) Bizkaiko iparraldeko udalerri bat da, Busturialdekoa. 357 biztanle zituen 2016. urtean.
Geografia
Ingurune naturala
Sukarrieta Urdaibai inguruan dago, Gernikako itsasadarraren ezkerraldean, Txatxarramendi uhartearen parez pare. Beste uharte bat ere badago udalerriaren barruan: Sandinere. Aipatzekoa da Toña hondartza ere.
Udalerriaren garaiera, itsas mailaren gainetiko, 5 metro da batez beste.
Bizkaiko giza asentamendurik zaharrenetakoa da Sukarrieta, eta Donejakue bideko Bizkaiko adarretako bat ere izan zen Erdi Aroan.
Sukarrietan, naturalki, ez dago suharririk ("sukarririk"). Arturo Apraiz geologoaren, Txoni Matxain kimikariaren eta Mikel Gorrotxategirenonomastikan adituaren iritziz antzeko harriak badira inguruan, baina aspaldian Gernikako produktuak (gaztaina, edo armak agian) garraiatzen zituzten itsasontziek ekarriak omen dira suharri haiek, zama gisa ekartzen zutela dirudi, Gernikara hutsik ez itzuli arren, horrela nabigatzea. Sukarrietara ailegatu orduko uretara botatzen omen zuten. Sukarrieta izena Sabin Aranak asmatu zuen gaztelaniazko izen Pedernales-en itzulpena egokituta.[5][6]
Samikola izena San Nikolaitik ei dator; izan ere, XVIII. gizaldiaren amaieran, Sukarrietako eliztia Sandi Andere elizatik San Nikolai baselizara lekualdatu zuten, eta hura elizateko eliztia izan zen; geroago, eliztia Sandi Anderen berriro ezarri zuten (gaur egun bertan dago oraindikarren). Euskaltzaindiaren arabera, Samikola esparru mugaturako herriaren antzinako izena da.[4]
Ekonomia
Arrantzan eta nekazaritzan oinarritu zen bertakoen ekonomia XIX. mendearen bukaeran turismoa izugarri garatu zen arte.
Azken urteotan udaleku bihurtu da Sukarrieta. Langile gehienek zerbitzuen alorrean dihardute, udatiarrentzako azpiegiturak, oinarrizko zerbitzuak (langileen % 68).
Sukarrietako euskara mendebaldeko euskararen aldaera da, tarteko hizkeran[9] kokaturik dagoen Busturialdeko euskara[8][10], hain zuzen. 2010 eta 2011 urteetako datuen arabera, euskaldun kopurua %60,56 zen, eta euskararen erabilera %28,5.