Herriaren izenaren esanahia argia da, "giza buruen tokia". Dena den, izen horren jatorria ez dago batere argi. Juan Ramon Iturrizak 1885ean idatzitako "Bizkaiko Historia Orokorra" liburuan, azalpen bat bilatzen saiatu zen. Haren ustetan, herriaren antzinako jatorrizko izena Ibaibaso zen. Baina X. mendeanBizkaiaren eta frantsesen arteko borroka bat izan zela eta, izena aldatu eta ahozko tradizioaren bitartez, gaur egunera Gizaburuaga izenaz heldu da, "bururik gabeko gizon(ar)en lekua" esanahiarekin.
Gizaburuagako historiaren lehen aipamena XVI. mendekoa da, garai hartako Lekeitioko eta inguruko nekazaritza-herrixken arteko gatazka bati buruzko agiri batekoa, hain zuzen ere. Ispaster, Amoroto, Mendexa eta Gizaburuaga, Lekeitioko Andra Mari elizaren menpekoak ziren XVI. mendean. Egoera hori ez zen herrixketako biztanleen gogoko, eta askotan, Lekeitioko elizari ordainketarik ez egitea erabakitzen zuten.
Gatazka 1519an amaitu zen, Leon X aita santuak idatziriko agiri bat zela eta. Agiri horrek aipaturiko herriei eliza nagusiak eratzeko aukera eta sakramendu guztiak emateko ahalmena ematen zizkien. Esan liteke garai hartan bihurtu zela Gizaburuaga benetan udalerri .
Ekonomia
Gizaburuagako jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza izan da betidanik. Dena den, 1980ko hamarkadaren amaieran, Lea ibarreko herriek, bertako biztanleen etorkizuna bermatzeko asmoarekin, industrialde bat eraikitzea proposatu zuten. Horretarako Gizaburuaga aukeratu zuten, ibarrean gune estrategikoa betetzen zuelako, inguruko udalerrien erdibidean. Okamikako Industrialdea 1987. urtean zabaldu zen eta gaur egun 30 lan-elkarte inguru daude bertan, 400 lanpostu sortu direla.
Kautxoaren inguruko lan-elkarte asko sortu dira Cikautxo enpresaren eskutik, besteak beste, Armearri Kautxoak, Eluark-Lan Indar, Hodikautxo, Kautxo Tiuna Inyección eta Kautxo Tiun.
2017an langabezia tasa %11,2koa zen. Sektoreen banaketa honakoa zen: Lehen sektorea, %1,6; bigarren sektorea %71,1; hirugarren sektorea %25,1; eraikuntza %2,2.[4]
Demografia
XX. mende osoan zehar Gizaburuagak biztanleriaren erdia baino gehiago galdu zuen. Biztanleek Lekeitiora eta Bilbora jo zuten lan bila, industrializarioaren garaietan. 2000. urtetik aurrera, hogei bat etxebizitza berri eraiki dira herrian eta Lekeitioko etxeek duten salneurri garestia dela eta, bertatik hainbat gazte joan dira herrira bizitzera, eta ondorioz, herriaren biztanleria %40 igo da.
2019an herriak 210 biztanle zituen, horietatik %15,24k 65 urte edo gehiago zeuzkan, eta atzerrian jaiotakoen kopurua %10 zen.[4]
Gizaburuagako biztanleria
Politika
Udal hauteskundeak
2007ko udal hauteskundeetan Maria Angeles Aldekogarai Alastra bihurtu zen Gizaburuagako alkate. Bozka guztiak Gizaburuagako Independenteen taldearentzat izan ziren; Alderdi Popularra hauteskundeetara aurkeztu bazen ere, ez zuen boto bat bera ere lortu.
2011ko hauteskundeetan berriro ere independenteen taldeak irabazi zituen hauteskundeak, Ibaibaso izenaren pean, 94 botorekin; Alderdi Popularrak 2 bot eskuratu zituen. Jose Luis Azpiazu da alkate ordutik.
2019ko udal hauteskundeetan herri kandidaturak 80 boto lortu zituen, eta PPk 0.[5] Urte horretan Juan Miguel Arostegi Argoitia izendatu zuten alkate.[6]