Arratia ibaia eta bere ibaiadarra den Indusi erreka igarotzen dira udalerritik. Herria lautada txiki batean dago kokaturik eta udalerriaren inguruan zenbait mendi daude, hala nola, Mandoia (634 m), Arginatx (517 m); iparralderago, Aramotz mendilerroa dago (514 m) eta hego-ekialderantz, Motxogana mendixka.
Gaur egun, biztanle gehienak industria eta zerbitzu sektoreetan egiten dute lan; beraz, nekazaritza tradizioa alde batera uzten joan dira azken urteetan.
Demografia
XX. mendearen lehen erdialdean biztanle kopuru nahiko egonkorrari eutsi zion Igorrek. 1960ko hamarkadatik aurrera, berriz, hazkunde handia izan zuen, eta 1990erako populazioa ia bikoiztu egin zen. XX. mendearen azken hamarkadan, krisiaren ondorioz izandako beherakada txiki baten ondoren, XXI. mendearen hasieran hazkundeak jarraitu egin zuen.
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Beiñat Anzola hautatu zuten alkate, Bildu koalizioak boto gehien jaso izanaren ondorioz. Idatziko botazioan, Beinat Anzolak, bost boto jaso zituen, EAJko Iñigo Uriartek bost eta Iñigo Undurraga, Igorre Danontzat plataformako ordezkariak, boto bat.
2015eko udal hauteskundeetan Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk gehiengo osoa eskuratu zuen bai botoetan zein zinegotzietan (sei zinegotzi, aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago). EAJk bost zinegotzi esuratu zituen eta Igorre Danontzat plataformak galdu egin zuen zeukan zinegotzi bakarra. Beinat Anzolak alkatetza berretsi zuen.