Ermua[1]Bizkaiko ekialdeko udalerri bat da. Administratiboki Durangaldea eskualdean sartuta dago, nahiz eta geografikoki, Ego ibarrean kokatua egonik, Debabarrenekoa izan; horregatik hainbat zerbitzutarako eskualde horretan integratzen da.
GipuzkoakoEibar udalerritik abiatuta, Bizkaiko lehenengo herria da Ermua. 6,49 km²-ko azalera du, eta 1960. eta 1970. hamarkadetako biztanle hazkundearen ondorioz, Eibar eta Ermua ia bat eginda daude gaur egun.
Etimologia
Ermua 1805 urtera arte Hermua idazten zen, eta er(ria), herria, eta muga hitz elkartean uste da bere jatorria, Gipuzkoarekin duen mugari egiten dio erreferentzia.
Beste teoria batek dio Eremu hitzaren eratorria izan daitekeela, latineko eremus-etik.
Geografia
Ermua haran estu batean dago, Ego ibaiaren ondoan. Haranaren estutasunak eta erliebearen zailtasunak etxebizitza gehienak haranaren behealdean eraiki beharra ekarri zuen XX. mendeko etorkinak erruz herriratu zirenean. Ermua Oiz eta Urko mendien artean dago; hurrenez hurren, 1.026 eta 730 metro dituzte mendi horiek. Gainera, hirigunea itsas-mailatik 166m-ra dago.
Bizkaian dentsitate handienetariko udalerria da. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan eraiki ziren etxebizitza berri gehienak 9 solairuko blokeak dira.
Osaera
Udalerria hiriguneak eta hainbat auzok osatzen dute, esaterako: Ongarai, San Pelaio, Okinzuri, Santa Ana eta San Lorentzo. Dena den, auzo hauek hirigunetik oso hurbil daude eta beronen parte direla esan daiteke.
Ermua Deba ibaiaren adarra den Ego ibaiaren goialdean kokatuta dago. Berau udalerritik oso hurbil sortzen da, bada Oiz eta Urko mendietatik datozen hainbat errekek osatzen dute ekialdean. Hegoaldean, aldiz, errekak Elgeta eta Zaldibarretik etortzen dira, eta Aixolako erreka eratzen dute; beronek, izen berdineko urtegi bat du eta ura ematen die Ermuari eta Eibarri.
Harana hain da estua, ezen hainbat zatitan estalita gelditu dela herriaren hazteko premiengatik.
Historia
Ermua 1140 eta 1383 artean sortu zuten, garai hartako udalerri bizkaitar askorekin gertatu bezala, sortzearen urte zehatza ez dakigu, ordea. Gaztelako hainbat erregek hiribilduaren foruak berretsi zituzten behin baino gehiagotan. Hasierako herri txiki hartako ekonomia nekazaritza eta burdinola bakan batzuetan oinarritzen zen. Ermua Zaldibarko jaunen menpe zegoen.
1514. urtean Ermuak 320 biztanle zituen eta hiru kale. Gernikako batzar nagusietako 12. jesarlekua betetzen zuen. Mendeetan zehar izandako izurriteek eta Frantziaren inbasioek (XVIII. mendearen amaierako Konbentzioaren gerra, esaterako), biztanleriaren hazkundea moteldu zuten; hala, 1843an, 400 biztanle inguru bizi ziren Ermuan.
Industrializazioaren garapenak, ordea, hazkunde demografiko eta ekonomikoa indartu egin zuten, auzoko Eibarren gertatu bezala, burdina eta armagintzarekin erlazionaturiko industriak aurretik ezagutu gabeko garapena izan zuten. Horrek lanpostu ugari sortu eta eskulan handiaren beharra ekarri zuen. Horregatik, Ermua immigraziorako jomuga bilakatu zen Espainiako hainbat pertsonarentzat. Galiziatik eta Gaztela eta Leondik etorri ziren, besteak beste.
1997an, Miguel Angel BlancoPPko zinegotziaren bahiketak eta ondorengo hilketak, famatu egin zuten Ermua Espainia osoan. Gertaera hark euskal gatazkan eragin esanguratsua izan zuen eta manifestaldi handiak eragin zituen herri eta hiri askotan. Ermuko herri ekimenen omenez, Ermuko Foroa sortu zen, terrorismoaren biktimen alde jotzea, ETAren ekintzak salatzea eta eusko nazionalismoa kritikatzea helburu izanik.
Demografia
Espainiako Gerrate Zibilaren ondorengo urteetako hazkundeak, inolako ordenarik gabe egina, ermuarren bizi-kalitatea baldintzatu zuen urteetan zehar. Zerbitzu eta plangintza ezak ur eskasia ekarri zuen 1980ko hamarkadan. 1970eko hamarkadan hasitako krisialdi industrialak eta bizi-kalitatearen okertzeak, berriz, aurreko hamarkadetako hazkundearekin amaitu zuten. Gaur egun, Ermuak biztanleak galtzen ditu, etengabe.
Biztanleriaren bilakaera
Ermuko biztanleria
Politika
Ermuko alkatea 2018 urtea ezkeroztik Juan Carlos Abascal da, PSOE alderdikoa.
Udal hauteskundeak
2003ko hauteskundeetan PSOEk 4.698 boto lortu zituen, PPk 1.962 boto, EAJ-EA koalizioak 1.528 boto eta Ezker Batuak 928 boto. Aipagarria da baliogabeko botoek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi eta gero. Zinegotziei dagokionean, PSOEk 9 lortu zituen, PPk 4, EAJ eta EAk 3 eta Ezker Batuak 1.
2007ko udal hauteskundeetan, PSE-EEk 9 zinegotzi eskuratu zituen, PPk 4, EAJk 2 eta EB-Bk beste 2. Hauteskunde horietarako ere ezker abertzalea ordezkatzen zuen EAE-ANVren zerrenda legez kanpo utzi zuten.
2015eko hauteskundeen ondoren, Totorika berriro hautatu zuten alkate, gutxiengoan, bere alderdiaren 6 botoei esker. Gainerako alderdiek nork bere hautagaiari eman zion botoa eta EAJk eta PPk zuri bozkatu zuten.
2019 udal hauteskundeetan PSE-EE izan zen garaile, 7 zinegotzi eskuratu baitzituen. Juan Carlos Abascal hautatu zuten alkate.
Ermuan eta Mallabian Drogetenitturri izena duen hilabetekari bat dago euskaraz; bertan bi herrien inguruko berriak argitaratzen dira. Aldizkari honen argitaratzailea Ermuko Euskal Birusa Elkarte Kulturala eukara-elkartea da.
Andres Orbe Larreategi (1672-1740), Bartzelonako apezpiku, Valentziako artzapezpiku eta Gaztelako inkisidore nagusia; Ermuko eraikin eta artelanen mezenasa.