Elexalde edo Ibarruri-Elexalde Muxika herriko auzoa da. Muxikako hiru herriren arteko batura egin aurretik (1966), Ibarruriko elizatearen herrigunea zen, udaletxea bertan zegoelarik. Gorozikako herriguneak ere Elexalde izena duelarik, Gorozika-Elexalde eta Ibarruri-Elexalde formak hobesten ditu Euskaltzaindiaren EODAk[1].
Ibarruri-Elexalde, haran sakonagoan dago Ibarruriko elizateko goiko auzoetatik ikusita (Burdaria, Aiuria, Maguma, Unda); baina haranean behera dago beste auzo bat, Irazabal.
Ondarea
Eliza originalki herriaren erdi-erdian zegoen, egungo frontoitik gertu, baina 1928an erre zen. Hala ere, haren argazkiak gorde dira Indalezio Ojangurenek eginak 1918 edo 1919an[2]. Haren ordez, Andra Mari eliza eraiki zen 1930ean, modernistagoa, beheraxeago haranean.
Belaustegi baserriaren ondoan perratoki bat dago, lanerako moduan kontserbatua. Nahiko modernoa da izatez 1960eko hamarkada amaierakoa baita: gertu Zugastietan lan egiten zuen ferratzailea Bilbora joan zen lanera, eta Mendatako ferratzailearen lana errazteko, Ibarrurin ferratokia eraikitzea erabaki zuten. Erabilpenik gabe geratu zen ondoren, baina 2003an berritu zuten[3].
Barroko garaiko gurutze bat eta Ormaza jauregi barrokoa, fatxadan Ormaetxe armarria daukana, dira beste elementu destakatu batzuk[4].
Ormaetxe auzora doan bidean, eta Ibarzelai baserria baino lehen, San Pedro eta San Pablo baseliza gotikoa dago, XV-XVI. mendeetakoa.
Auzoko baserri izeneen artean: Betiondo, Sardui, Araluze (Araluzegoikoa, Araluzebekoa), Ungoetxe, Bikandi...[5]
Iruditegia
-
Andra Mari eliza, modernoa, 1930ekoa.
-
Elexalde 1919. urtearen inguruan, 1928an erre zen elizarekin.
-
Perratokia, Belaustegi baserriaren ondoan.
-
Ibarruriko udaletxe zaharra.
-
-
Bideko gurutze barrokoa.
Erreferentziak
Kanpo estekak