Erromatarrek aldaketa sakonak eragin zituzten Euskal Herriko ekonomian. Haien aurretik ere saltus (mendialdea) eta ager (ordokialdea) bereizten baziren ere, jarduera ekonomiko aski desberdinekin, hiriak bereziki mendi gailurretan ziren, arrazoi defentsiboengatik batik bat. Erromatarrak iristean gauzak errotik aldatu ziren. Hiriak ordokietan eraikitzen hasi ziren, eta nekazaritza areagotu egin zen fundi izeneko ustiapen sailetan. Meategiak ere ustiatu zituzten iritsi berriek eta bide berrietako komunikazioari esker merkataritza indartu zen. Erromatarren eraginaren ondorio gisa dirua egiten hasi zen, eta eremu honetan aurkitu diren hainbat altxorri esker, garai hartako diruaren zirkulazioaren nondik norakoa ezagutu ahal izan da. Altxor horietako batzuek lur hauetan egin ziren operazio politikoak eta militarrak islatzen dituzte.
Hiri eta fundi direlakoen funtzionamendu sistemak bere horretan jarraitu zuen, gutxi asko, III. mendera arte. Garai horretatik aurrera, krisia zabaldu zen hirietan, txikiagotu egin ziren tamainaz, eta harresiz inguratu zituzten. Merkataritzak ere behinolako indarra galdu zuen, eta eten egin ziren esportazioak. IV. mendearen bukaeran eta V. mendearen hasieran areagotu egin zen gainbehera, batez ere germaniarren inbasioengatik eta, V. mendearen erdialdean, bagauden sorreragatik. Mugimendu horrek segurtasun falta ekarri zuen eta, horren ondorioz, kobazuloetara jo zuen jendeak, eta haietan gorde zituen bere altxorrak.
Erromatarren aurreko ekonomia egoera
Erromak Euskal Herriko lurrak konkistatu izanak erabateko aldaketa ekarri zuen politikan nahiz ekonomian, batez ere nekazaritzan eta abeltzaintzan. Baina lehen erromatarrek aurkitu zuten egoera ez zen bat-bera politikan, eta ekonomia baliabideak erabiltzeko metodoa ere ez zen bakarra, antzinako gizataldeak inguruari egokitzen baitzitzaizkion, hura aldatu ezin zutenean. Era horretan, saiatzen ziren ustiatzen ez ingurune bakarra, baita bi edo hiru ere, elkarren desberdinak. Antzinateko geografoek, Julio Caro Barojak plazaratutako hipotesiaren arabera, bi parte oso desberdin bereizten zituzten Baskoniako eremuan: saltus (mendialdea) eta ager (ordokialdea)[1]. Tito Liviok aipatu zuen jadanik ager vasconum hori[1]. Mendialdeko biztanleek artzaintzan jarduten zuten, eta ordokialdekoek, berriz, laboreak lantzen zituzten, baina ustiakuntza teknika aski soilak erabiliz. Hala ere, erromanizazioaren aurretik, batean zein bestean, mendi gailurretan egoten ziren hiriak. Bestalde, modus vivendiaren banaketa horrek halako malgutasuna ematen zion bizitza ekonomiko zurrun hari, eta zerbait murrizten zuen eguraldiarekiko mendekotasuna.
Habitata
Akitania aldeko eta frantses Pirinioetako herriek, hispaniar eremukoek bezala, mendien parte gorenetan eraikitzen zituzten beren kastroak. Hauek hiri gotortuak ziren, latinezoppida deituak. Ingurune natural egoki bat hautatzen zuten beti hiriak eraikitzeko, hala nola, ibarrak eta ibaien bihurguneak, eta libre uzten zituzten zabaldiak.
Ponpeio izan zen herriak leku zelaietara jaistera behartu zituen lehena: Lugdunum Convenarum (Saint-Bertrand-de-Comminges). Fenomeno hori areagotu egin zen K.a. I. mendeko lehen urteetan. Erromatarrak saiatzen ziren.
Herri borrokalariak zirenean, jendeguneak mendi gailurretatik jaisteko arrazoiak militarrak izaten ziren, batez ere. Izan ere, erromatarrek ez zuten nahi izaten herriak leku ezin iritsizkoetan biltzerik, menderaezinak gertatzen baitzitzaizkien horrela. Baina, bake garaietan, beste gizataldeen inbasioen beldurra galduta, autoktonoek berek bilatzen zuten ingurune errazagoa beren herriguneak kokatzeko.
Hala ere, mendialdeetan antzinako bizimodua gorde zen. Hori adierazten duen geroagoko lekukotasun bat bada (K. o. IV. mendekoa), Paulino Nolakoarena. Baigorriko etxe belztuak eta lastoz estalitako txabolak aipatzen ditu, eta baita Baigorriko jendea ere, bizimodu basa egiten zuena, eta larruz jantzita ibiltzen zena. Vici edo pagi txiki horiek, Paulinok aipaturikoa esaterako, nekazari gune txikiak ziren, erromatarrak iritsi aurretik sortuak. Ager-ean, konkistaren eraginez, desagertu egin ziren batzuk eta herrigune handiago bihurtu ziren beste batzuk. Saltusean berriz, badirudi bere horretan iraun zutela, biztanleak erromatartu arren.
Mendialdea zen, leku basa, lantzeko lur urrikoa. Inguru horretan nekazaritzak oso bakuna eta pobrea behar zuen izan,eta hal ere, bazen, Burdin Aroko aztarnategietan aurkitutako haziek frogatu bezala[3]. Saltuseko biztanleak, beraz, etxe inguruko nekazaritzan, fruitu biltzen eta abeltzaintzan ibiltzen ziren batez ere. Ezkurrak jasotzen zituzten gehienbat, eta haiekin beren elikaduraren oinarri zen ogi bat egiten zuten. Abeltzaintzari dagokionez, ahuntzak eta abelgorriak zaintzen zituzten batez ere, eta baita zerriak ere. Abelgorrien irudiak agertu dira Araba eta Nafarroa Garaiko zenbait esteletan[oh 1][4].
Arratza eta arrainaren eraldaketaren industria kostaldera iritsi zen. Gipuzkoako kostan arrain kontserbak egiteko lantegi bat identifikatu da Getarian, eta Lapurdiko izen bereko herrian, beste bat. Hain zuzen, arrain kontserben lantegien latinezko izena cetaria (ketaria ahoskatua) da.[5]
Euskarazko hitz batzuek erakusten dutenez, aberastasunaren kontzeptua oso estu lotua zegoen garai hartan abere kopuruari. Aberats latinezko pecuniosus-en baliokidea da, hau da, abelburu (pecunia, abereak) asko duena da aberatsa. Badira Diodororen eta beste egile batzuen testuak, Pirinioetan bazkan ibiltzen ziren artalde izugarriak aipatzen dituztenak. Gaur egun ere, Euskal Herriko mendi askotan (artzaintza lurretan) saroiak ikus daitezke[6]. Saroia biribilean mugatutako lurra da, erdian harri bat duena (haustarri deitua), eta artaldearen babeslekua izaten zen. Udan saroi garaienetara igotzen ziren artaldeak. Neguan, berriz, saroi babestuen eta handienetara joaten ziren. Bestalde, horrelako babesak dauden lekuetan agertu dira trikuharriak ere. Artzaintzarekin loturik, Baigorriko ibarreko artilezko oihalak aipatzen dituzte egile klasikoek. Martzial, bestalde, Okzitaniako Tolosako gaztari buruz mintzatzen da.
Sertoriok suntsitu zituen, K.a. 76an, Cascantumgo biztanleen uztak, eta Ponpeiok, urtebete geroago, baskoien lurretan igaro zuen negua labore hornidura ziurtatu ahal izateko. Beste alde batetik, Estrabonek dioenez, Augustok Akitaniako garia eraman behar izan zuen Kantabriar gerren garaian.
Lur sail txikiak izaten ziren, oro har, eta garia, lihoa eta garagarra lantzen zituzten (azken hori, parte batean, garagardoa egiteko). Horren osagarri, zaldiak eta ardiak hazten zituzten.
Dirua
Estrabonek dioenez ipar-ekialdeko herriek ez zuten dirua ezagutzen, eta trukerako zilarrezko xafla txikiak erabiltzen zituzten. Egoera hori aldatu egin zen, ordea, K.a. II. mendetik aurrera, garai horretako iberiar signarioaz idatzitako txanpon batzuk agertu baitira. Fenomeno orokorra izan zen aldaketa hori gainera. Izan ere, Hispaniako hiri eta herri batzuetan iberiar tankerako diruak hasi ziren egiten. Herri hauek lotu izan dira Euskal Herriarekin: Alaun, Arsakos, Arsaos, Barskunes, Bentian, Kaiskata, Kalakorikos, Kueiliokos, Iaka, Olkairum, Ontikes, Umambaate[7] eta Uarkas. Ez dakigu ziur itxuraz herri baten izenari dagozkion esapideak delako herriaren hiriburuan irartzen ote ziren, edota leku bakarrean irartzen ote zen herri bati baino gehiagori dagokion txanpon sail bat. Era berean, diru horiek zergatik eragiten ziren ere ez dago garbi.
Esan izan da bazuela horrek zerikusirik erromatarrei zergak ordaintzearekin, eta operazio militarrekin. Alde horretatik, badirudi dirua ez zela egiten hirietako diru-igorleen ekimenez, aitzitik, erromatar Administrazioaren ekimenez egiten zela, eredu jakin baten araberakoak baitira txanponak, eta pisua ere bat baitator erromatar ereduarekin.
Garai horretako altxor batzuk aurkitu dira Gipuzkoan, iberiar txanponez osatuak, eta egin ziren lekutik urrun ezkutatuak. Altxor horiek K.a. 80-K.a. 72 urteetan Hispanian gertatu ziren Sertorioren gerrarekin dute zerikusia. Usategiko leizeko gordailua (Ataun, Gipuzkoa), zazpi txanponez dago osatua. Horien artean badira lau denario Bascunes esapidea dutenak, zenbait adituk Vascones hitzarekin lotu dituztenak.
Interesgarria da Barkoxeko altxorra (Zuberoa) ere. Guztira, 1.750 iberiar denario ziren. Horietatik, 1.375 aztertu ziren, jatorri hauek zituztenak: 922 Turiasokoak ziren, 298 Sekobirizeskoak, 105 Baskuneskoak, 33 Arsaoskoak, 12 Arekorataskoak eta 5 Bentiangoak. Iberiako penintsula barnean bazela diru zirkulazioa ematen du aditzera altxor horrek. Turiasoko txanpon kopuru handia kontuan harturik, pentsa daiteke Hispanian osatu zela multzoa, Araba eta Nafarroako hegoaldeko partetik hurbil dagoen Ebroko haranean, eta geroago eraman zutela Barkoxera. Leku horretan aurkitu izanak berretsi egiten du bazela harremanik Pirinioen bi aldeen artean.
Beste bi alxorren datuak ere iritsi zaizkigu. Horietako bat Larrabetzukoa (Bizkaia) da, XIX. mendearen bukaeran aurkitua. Hartan, diruaren ondoan, bitxiak ere baziren. Multzo honen irarguneak, parte handi batean, Barkoxen aurkitutakoen berberak dira. Bestea, berriz, Lekunberriko altxorra (Nafarroa Beherea), XIX. mendearen bukaeran aurkitu zuten. Brontzezko zazpi txanpon zituen, eta horietako bat Bentiangoa da.
Araban eta Nafarroa Garaian iberiar txanponez osaturiko altxorrik aurkitu ez den arren, azaldu dira pieza bakan batzuk iberiar ezaugarriak dituztenak. Hala, adibidez, Arabako Iruña Okan edota Nafarroa Garaiko Vianan (La Custodia), Zangozan eta Tafallan. Bizkaian eta Gipuzkoan txanponak altxorretan bilduak aurkitu izanaren arrazoia izan daiteke gehiago erabiltzen zirela bitxi gisa diru moduan baino.
Leku horietan seguraski truke sistema izango zen nagusi, eta hegoaldeko hirietan berriz hasiak izango ziren dirua erabiltzen produktuen balioaren eta trukearen oinarrizko osagai gisa. Larrabetzuko altxorrean bitxiak agertu izanak, dirudienez, lehen aipaturiko argudioa sendotzen du, alegia, ekonomia atzeratuagoa zuten eskualdeetan dirua gehiago ikusten zela bitxi baten gisara, gauzakiak trukean erabiltzea ahalbidetzen zuen bitarteko baten moduan baino.
Erromatartzea (Errepublika eta Goi Inperioa: K.a. II. mendea - K. o. II. mendea)
Hiriak
Ager-ean kokatu ziren oppida delakoak. Gehienak muga eremuetan kokatzen ziren, defentsa eginkizunak baitzituzten batez ere, inguruko nahiz urrutiko herrien kontra. Julio Caro Barojak dioenez, Iberiako penintsulako leku erromatartuenean bezain indartsua izan zen Araba eta Nafarroako hegoaldean erromatartzea eta, erromatarrek hiriari buruz zuten ikusmolde helenistikoa Euskal Herrian inon betetzen ez zen arren, eskualde horietako hiri handietan, antzinatik estatus juridikoa zuten haietan, berehala gertatu zen hiri handien kontzentrazio berezia.
Kolonia bakarra zen (Calagurris), batzuk federatuak (Tarraga) edo zergapekoak ziren (Andelos, Aracilum, Pompaelo, Segia, Caria?), eta baziren zuzenbide latinoa zutenak ere (Cascantum, Ercavica, Graccurris). Ohiko hiriak 9 hektarea inguru izaten zituen, hau da, oso eremu txikia, Caesaragusta (Zaragoza, 47 eta 60 hektarea bitarte), Emerita (Mérida, 120 hektarea) edo Amiens galiarraren (160 hektarea) tankerako hirien ondoan. Hiri horietan biltzen zen Goi Inperioko ekonomia jarduera. Bertako biztanleek ez zuten guztiek egoera ekonomiko bera. Batzuek mosaikoz apaindu ahal izaten zituzten beren gelak, eta beste etxe batzuetan berriz ez da halako oparotasunik ikusten.
Andelosen (Mendigorria) urtegi eta ur-biltegiaren hondakinak gorde dira. Ur-biltegiak 7.000 metro kuboko edukiera zuen eta berunezko hodien bitartez hornitzen zuen hiria urez[8]. Lodosa eta Alcanadre artean, 30 kilometroan zehar, Calagurris hirira ura eramaten zuen akueduktuaren hondakinak daude. Hiri honetan bertan estolda sistema eta eraikin aipagarriak ere zeuden, hala nola termak eta zirkua. Eraikin horiez gain, eskulangintzako lantegi asko behar zuen izan hiriko biztanleen beharrak ase ahal izateko, gremio ugari bilduko zituztenak: harginak, igeltseroak, margolariak, errementariak, etab.
Hegazkinetik egindako argazkien azterketaren bidez eta kartografiaren bitartez, erromatar zenturizazioak aurkitu dira, alegia, lur sail lauki-zuzenak, neurri berekoak, Gracurris eta Pompaelo inguruetan. Horrek garbi ematen du aditzera beren aurreko nekazari ustiakuntzak aldatu eta arrazionalizatu zituztela erromatarrek.
Erromatar bidea, Augustoren garaian hasia, oso garrantzitsua izan zen K. o. I. mendean. Bizigune asko sortu zen haren bazterrean, eta orobat ibai ertzetan. Herriak eta hiriak lotzen zituen bigarren mailako sare batekin osatu zen bide nagusia. Galtzada arteko komunikazioa bideratzeko, ibaiak gurutzatu beharra zegoen. Helburu horrekin, zubi handiak eraiki ziren, Arabako hegoaldeko Mantiblekoa adibidez.
Nekazaritza
Araba eta Nafarroako hegoaldean aztarna asko aurkitu da (hala, herrigune txikiak edo nekazari giroko villae delakoak, garrantzi handikoak batzuk, esaterako Ledea, Faltzes edo Tuterakoak), komunikabideen inguruan denak.
Zenbait lekukotasunen arabera, Augustoren agintaldian zailtasun handia zegoen Akitaniatik zetozen hornigaiak bide nahasietan zehar garraiatzeko. Badakigu halaber IV Legio Macedonicak bideak eraiki zituela Nafarroan[9], eta herrigune berriak sortu zirela haien inguruan eta ibai arroetan.
Bideei esker lurraren ustiakuntza areagotu zen, produktuen garraioa errazten baitzuten. Fundiak Inperioko mendebaldeko ekonomiaren oinarri bihurtu ziren. Laborantza ustiakuntzako etxalde horiek, batez beste, 1.000 eta 1.500 hektarea arteko neurria izaten zuten[10]. Ausoniok aitarengandik oinordekotzan jasotako lurrak deskribatu zituen: Bazasen zeuden, Bordeleren hegoaldean. Etxalde txiki bat osatzen zutela dio, 1.050 goldeko lur eremua hartzen baitzuten (260 hektarea): Nire lurren berrehun golde lur lantzen ditut, mahastiak ehun golde lur ditu eta belardiek horren erdia. Basoak belardiak, mahastiak eta zelaiak halako bi dira. Jabetza txikia da, beraz, Galietako ustiaketa sailen ohiko 1.000-1.500 hektareen ondoan.
Fundiari lehen jabeak bere izena ematen zion, eta huraxe geratzen zitzaion betiko erantsia, atzizki batekin. Hala, -anus atzizkia Hispania, Italia eta Galia Transalpinoan erabiltzen zen, batez ere, eta Galiako beste lekuetan -acus erabiltzen zen, jatorri zeltakoa. Ikerketen arabera, Galia, Italia eta Hispaniako herri askok etxaldearen izena gorde dute.
Euskal Herriaren kasuan, Julio Caro Barojak Nafarroan eta Araban egin dituen toponimia azterketek (Lourdes Albertosek jarraitu ditu gero), jakinarazi dute laborantzako fundien lehen jabeen izenei dagozkiela -ano, -ana, eta abarrez bukaturiko herrien izenak. Hala, adibidez, ArrianoArrius-i, AntoñanaAntonius-i edo AprikanoAper-i. Caro Barojaren ikerketei esker, egiaztatu da garai modernoagoetako laborari etxe batzuen egiturek zerikusia dutela Galia eta Britanniako villa zenbaitekin. Hispanian berriz ez dago horrelakorik.
Caro Barojak antzekotasunak aurkitu ditu Araba eta Nafarroako herrien eta antzinako fundien ezaugarrien artean. 500 eta 1.000 hektarea bitarte izan ohi zuten, batez ere labore-ekoizleak, eta gutxixeago mahasti (hegoaldean), belardi eta mendienak, Ausoniok Bazasen bere gurasoengandik harturiko jabetzak bezalaxe.
Meategiak
Ekonomia eta merkataritzari zegokion batez ere erromatarren kolonizazioa. Araba eta Nafarroako zabaldiak berehala ustiatu ziren. Eta Bizkaia eta Gipuzkoaren orografia kontuan izanik, batez ere meategiez arduratu ziren haietan erromatar negozio gizonak. Lurpea, eta meategiak beraz, erromatar estatuaren jabetzakoa zen, eta hark alokatu egiten zituen. Euskal Herrian, Arditurri, Somorrostro, Ereño eta Baigorrin ustiatu zituzten meatzeak. Meatze horien ustiakuntza publicani elkarteen esku zegoen, estatuari ordaintzen zioten maizterren esku alegia.
Arditurri, Gipuzkoako Aiako Harrian, galena, burdin eta blenda hobia da, eta 1986 arte zabalik egon zen[11]. Mea erauzteko baliabide modernoek antzinako galeriak suntsitu dituzte, ordea. Erromatarren garaian zilardun galena ustiatu zen batez ere, ia agorturik geratu zen arte, eta baita burdina ere. Zilardun galenatik zilarra eta beruna ateratzen ziren Hispaniako hegomendebaldeko mea aztarnategi gehienetan. Askotan, zilarraren ustiaketarekin lorturiko irabaziak berunarekin osatzen ziren.
Antzinako deskribapenen arabera, 46 galeria eta 82 putzu zeuden kanpoaldean, eta barne zulaketa ugari. Denetara 15-18 kilometro galeria zeuden. Hainbat egileren kalkuluen arabera, meategi horretan egindako indusketa lanetan (ia bi milioi metro kubo lur mugitu ziren) 400-600 gizon behar izan ziren, egunero-egunero lanean, 200 urtez[11]. Galeria zaharretan terra sigillata kopuru handiak aurkitu dira (alegia, erromatar zeramika), eta baita kriseiluak eta txanponak ere, Augustoren garaietatik K. o. II. menderainoko kronologiarekin. Alabaina, erauzitako meak (gordinik seguruenera) kanpora eramateko irteera naturala Irun izango zen (K.a. I. mendearen azken laurdenean kokatu da hiriaren fundazioa, eta kronologia hori bat dator Arditurrin aurkituriko diruarekin), eta orobat Bidasoa ibaiaren bokalea, ez Pasaian, ez Oiartzungo ibarrean ez baita aurkitu erromatar hondakinik. Higer edo Asturiagako kaian berriz, Bidasoaren bokalean, itsasontzi bat aurkitu zen urpean, burdin mea zuena. Hori bat dator beste ideia zahar batekin, alegia, Bidasoa eta Deba ibaien bitarteko gaurko gipuzkoar eremua eta Belateko iparraldeko nafar eremua Galia Akitaniaren mendekoak zirela ekonomian, ez hego eta mendebaldeko eremu hispaniarren mendekoak.
Bada, halaber, meagintzaren arrastorik Altamira, Zubelzu eta Ollakintan (Irunen), Adarraren inguruan (Urumea ibaitik gertu), eta erromatar galeria bat Etxeko-Errekan. Burdina Udalaitz mendiaren inguruetan erauzten zen, Eskoriatzan. Eskoriatzan bertan erromatar hondakinak aurkitu dira.
Baigorriko ibarreko meategi aberatsak ere ustiatu zituzten erromatarrek. Emankorrenetako bat Astoeskoriako zilardun galenaren ustialekua zen, Bankan, berrogeita hamar bat galeria zituena. Erromatar diruak aurkitu dira han (K.a. 43-K.a. 36koak). Diodorok zioenez, Julio Zesarren garaian akitaniarrak oso trebeak ziren meagintzan, eta Pliniok aipatzen du bazirela akitaniarrak Hispainiako hegoaldeko meategietan.
Bizkaian Somorrostroko burdin meategiak ustiatu ziren. Ospetsuak ziren erromatarren artean, eta Pliniok aipatzen ditu: Kantauriko itsasaldean, ozeanoak bustitzen duen hartan, bada mendi garai eta malkartsu bat, eta, sinets ezinezko gauza hau, dena da gai horretakoa (burdinazkoa). Bizkaian bertan, Ereñokomarmol gorrizko harrobiak zeuden. Nafarroan Lantz aldean aurkitu dira mea ustiaketen hondakinak[12].
Merkataritza
K.a. I. mendean hasi ziren euskal lurretan erromatar produktuak sartzen. Hirietan eta aztarnategietan egindako indusketetan, bai hegoaldeko Akitanian, bai Pompaelon (Iruñea) edo Oiasson (Irun), Campaniako eta Arezzoko estiloko zeramikak aurkitu dira, hasieran behintzat Italiatik zetozenak.
Horixe da Imus Pyrenaeusko kasua (Donazaharre, Nafarroa Beherea). Tobieren arabera K.a. 15. urtean sortu zen hiria, eta zeramika horiek Tiberioren garaia arte iraun zuten. K. o. 50. urtetik aurrera, La Graufesenquetik eta Montansetik datorren zeramika azpigaliarra oso ugaria izan zen Pirinioen bi aldeetako aztarnategietan. II. mendean, zeramika horren lekua, aztarnategi horietan bertan, terra sigillata hispaniarrak hartu zuen.
Lur hauetako harbide nagusiak, ia elkarren paraleloak zirenak, Ebroko ibarrean bateratzen ziren. Ebro ibaiak aukera bikoitza eskaintzen zuen, lurreko eta ibaiko bideena. Lurrekoa, gainera, egokia zen gurdiz eta ibiltzeko. Ebroko bideari esker gari eta azienda soberakinak saldu ahal zitzaizkien inguruko herriei, eta bestelako ondasunak erosi, ardoa horien artean. Salgaiak harbidez edo ibaiez garraia zitezkeen beren jomugara, Ebro ibaian barrena ontziz joan baitzitekeen Vareiaraino.
Aztarnategietako aurkikuntzek merkataritzaren garrantzia agertzen dute, lehorreko nahiz itsasokoarena. I. mendeanGaliatik ekartzen zen zeramika. I. mendearen bigarren erditik aurrera, Najerilla ibaiaren eremuan, buztingintza lantegi asko sortu zen eta, hala, hispaniar zeramika hasi zen agertzen Imus Pyrenaeus edo Akizen, besteak beste. Merkataritza harreman horien muga Garona ibaia zen. Akitania aldeko joan-etorri gehienak itsasoz egiten ziren. Hispaniar ontziek Garona alderaino eramaten zituzten zeramikak, eta handik hegoalderantz zabaltzen zituzten.
San Telmoko ainguralekuan, Bidasoaren bokalean (Hondarribia) pecium bat aurkitu da, alegia, urperatutako itsasontzi baten zatia, eremu honetan itsas trafikoa bazela aditzera ematen duena. Izan ere, erromatar hondakin asko dago Hondarribia eta Irunen. Koldo Mitxelenaren iritziz, iturri klasikoetako Oiasso izan daiteke Irun. Kabotajea zen erromatarren ohiko itsasketa modua, hau da, kostatik gertukoa. Itsasaldiaren ondoren, portu txikietan eta badietan hartzen zuten aterpe marinelek. Hori adierazten dute Hernani, Donostia, Pasaia, Errenteria eta Zarautzen aurkitu diren erromatar hondakin eta txanponek, edota, Bizkaia aldean, Sopelan, Plentzian, Gernikan, Nerbioi ibaian, Areetan edo Bermeon agertu direnek.
Azkenik, LapurdikoGetarian aurkitutako ontzi batzuk aipatu behar dira, dirudienez gatzunerako erabiltzen zirenak. Dudarik gabe, arrantzarekin loturiko azpiegiturarik izango zen, gatzuna egiteko lehengaia emango zuena, baina ez da horren arrastorik aurkitu.
Erromatarrak heldu aurretik, izango ziren harremanak, gutxi-asko estuak, Pirinioen bi aldeetako herrien artean. Horien berri bada, bai baitakigu akitaniarrek laguntza eskatu zietela kantauriarrei K.a. 56ko udan, erromatarrek eraso zietenean. Kantauriko kostaldea Akitaniako merkataritzaren eraginpeko eremua bide zen, batez ere Arditurriko meategien produkzioagatik, Akitania izaten baitzen hango meen norakoa. Merkataritza harreman horien ondorioz, galiar kolonoek Peña Foruan hartu zuten egoitza, K. o. I. mendearen erdialdean. Horixe da Bizkaiko gune erromatartu bakarra.
Dirua
K.a. 45. urtean bukatu ziren iberiar idazkundun diruak eta latindar alfabetoan idatzitako hispaniar-latinoak zabaltzen hasi ziren. Txanpon txikienak brontzezkoak izaten ziren. Gure eremuko hiriek K. o. 37. urtean egin zuten azkenekoz dirua. Hiru hiritan egiten zen, Calagurris, Cascantum eta Gracurrisen, erromatar zuzenbideko estatusa baitzuten haiek eta, hortaz, dirua jaulkitzeko baimena.
Gipuzkoan, Usategiko (Ataun) iberiarrak kontuan hartu gabe, Arditurrikoak dira diru zaharrenak. Celsakoa da bat eta Turiasokoa bestea. Nafarra da Ablitasko altxorra, brontzezko 104 txanponez osatua. Badira iberiar signarioan idatzitakoak, eta baita latindar-hispaniar ere, Bilbilis, Celse, Caeasaraugusta, Turiaso, Oska eta Calagurristik datozenak. Araban, Iruña Okan agertu direnez gainera, Arkaiako aztarnategian, eta induskatu gabeko beste batzuetan ere, aurkitu dira txanpon batzuk. Aurkikuntza horiek erakusten dutenez, erromatarren eragina garrantzitsua izan zen Augustoren garaitik aurrera, Kantabriar gerren garaian. Pirinioen bestaldean, halaber, azaldu dira Turiaso eta Calagurrisko txanpon latindar-hispaniarrak Imus Pyraneusen.
Goi Inperioan jabe aberatsak hirietan bizi ziren eta beren emaitzekin laguntzen zioten hiriari. Behe Inperioan, aldiz, gobernariek, zerga presioak guztiz pobretuta, bazterrera utzi zituzten hiritar eginkizunak. Aberatsenek, hau da, honorati eta possessores deituek, hirietatik alde egin zuten eta latifundioetara joan ziren bizitzera. Villa aberatsak eraiki zituzten haietan, pixkana-pixkana latifundioak handitu zituzten, eta autarkia aldera egin zuten.
Hiriek beren perimetroa txikitu behar izan zuten, hiriko sistema ekonomiko-sozialari eusten zioten diru sarrerak gutxitu ahala. Datuen arabera, K. o. I.-II. mendeetako egoera aski lasai eta onuragarria aldatu egin zen III. mendearen erdialdean. Eta nahiz eta gaur egun, krisiak baino areago, aldaketak aipatzen diren, Hispanian eta Euskal Herrian aurkitutako arkeologia hondakin batzuek zalantza sortu dute, K. o. 275. urtetik aurrera ez ote zen izan frankoen eta alamanen bigarren inbasio bat. Nolanahi ere, sute eta suntsiketei dagozkien arkeologia lekukotasunak ez datoz bat inbasio horrentzat proposatzen diren datekin.
Euskal Herrian, Ledeakovillaren suntsitzea, Pompaelon izan zen sua, Funeskovillaren desagertzea eta Alesbesko arazoak, horiek denak bat datoz Ledeako eta Zangozako altxorrak ezkutatu izanarekin.
Hirietan eta villae-etan handia izan zen ekonomia krisiaren eragina, eta zenbaitek ezin izan zuen gainditu. Badakigu, Ausonio eta Paulino Nolakoaren arteko gutun trukearen bidez, Ebroko haraneko hiri batzuetaraino iritsi zela egonkortasun falta hura, eta Calagurris ere gainbehera zihoala.
Gogoratu beharra dago ordea, Euskal Herriko hiriak txikiak zirela tamainari dagokionez, eta nekazaritza eta abeltzaintza zirela biztanleen ekonomia jarduera nagusiak. Horregatik, krisiak ez zituen bete-betean harrapatu. Bestalde, ez dirudi esportazioan eta merkataritzan aritzen zirenik eskulangintza gune txikiak eta, hortaz, baldintza hobeak zituzten ekonomia gorabeherei aurre egiteko. Hala ere, lapurrez mintzatzen den Oteitzako idazki batek adierazten duenez, krisi orokorrak areagotu egin zuen bideetako segurtasun falta. Antzeko zerbait ematen du aditzera Paulino Nolakoaren gutun batek, gaizkile deitzen baitie hartan baskoiei.
Merkataritzak ere, behera egin zuen bestalde, eta hispaniar zeramikaren produkzioa oparoa zen arren, gero eta gutxiago esportatzen zen. Imus Pyrenaeusen, II. mendetik aurrera, hispaniar zeramika desagertu zen, eta galiar jatorrikoa hasi zen berriz zabaltzen. Urte horietako anforarik ere ez da aurkitu, eta horrek esan nahi du oso zabaldurik zeuden gaiak ere, olioa eta ardoa adibidez, gutxi mugitzen zirela.
Garai nahasi samarrak izanik, hiriek beren babesak sendotu zituzten, eta harresiak eraikitzen hasi ziren, oso laster gainera. Zutabeen danborren hondakinak eta antzinako idatziak baliatzen zituzten, besteak beste, horretarako. Horixe da Iruña-Veleiako kasua, modu horretan eraiki baitzuten han harresia[14].
V. mendetik aurrera, politika gertaera berriek izan zuten eraginik hirietako bizimoduan, eta hirien gainbehera hasi zen. Akitaniako hegoaldeko eremuak, Novempopulania izenekoak, barbaroen erasoaldiak pairatu zituen (406. urtean gurutzatu zuten Rhin ibaia). Urte horretatik aurrera, eta 409. urtea arte, Hispaniara heldu ziren arte alegia, Akitanian egon ziren okupazio indar moduan. Urte horretan Pirinioak gurutzatu zituzten, baina ez ziren Tarraconense probintzian geratu eta, hala, probintzia horrek Inperioaren mende jarraitu zuen. Godoek, ordea, Galiaren hegoaldea menderatu zuten. 418. urtetik aurrera, hiriburua Burdigala zuen Akitaniako II probintzia hartu zuten, eta 436tik aurrera Novempopulania. Barbaroen hedapenak areagotu egin zuen hirien gainbehera, eta desagertzeko arriskuan jarri zituen fundi-ak.
Nekazaritzaren berregituratzea eta gizarte krisia
K. o. II. mendetik aurrera inoiz ez bezala ugaritu zen iparraldeko biztanleria. Aldi berean, nekazari kapitalismoa zabaldu zen eta, hala, ondoko mendeetan bizimodua zaildu zenean, ez zen izaten soldadu jubilatua edo lurjabe txikia fundi gehienak ustiatzen zituena. Aitzitik, lurjabe handien mendeko arduradunek zaintzen zituzten, lur asko eta asko baitzituzten haiek Inperioko leku askotan.
Etenak eta hondamenak definitzen dute III. mendea. Garai nahasiak ziren, eta ez zegoen egonkortasunik ez politikan, ez gizartean, ez ekonomian. Zilegi da pentsatzea izango zela, egoera hartan, lurrak galdu zituztenen bizkar ondasunak lortu zituenik. Nolanahi ere, villa batzuk berehala indartu ziren berriro, eta handitu, ez dakigun arren horrekin batera diru ondasun gehiago eskuratu ote zituzten.
Pentsa daiteke Inperioko beste jabetzetan bezalako aldaketak gertatu zirela hain gutxi ezagutzen ditugun horietan ere, hau da, jabetza txiki asko elkarturik, oso fundi handiak eratu zirela denborarekin. Pentsa daiteke, halaber, jabe txiki eta ertainen bizkar gertatu zela fundi-en hazkundea. Izan ere, haiek ez zuten babesik zerga presioaren eta klima eta politikaren gorabeheren kontra.
Hirien krisi orokorraren aurrez aurre, indar berriz agertzen da villen fenomenoa. Induskatu ez diren arren, hiriz kanpoko bizigune asko aurkitu da, bai Calahorra aldean, bai Araba eta Nafarroako hegoaldean.
IV. mendea garai lasaia izan bide zen Ebroren ibarreko villetako jabe eta biztanleentzat. Garaiotan suspertu zen Faltzeskovilla, eta gauza bera gertatu zen, indar gehiagoz gainera, Ledeakoarekin. Mende horretan bertan berregin zen Ramaleteko (Tutera) villaren parte bat, edertu zen Alesbeskoa (jabearen egoitza izateko agian) eta eraiki zen, hutsetik, Arronizkoa. Horrek agerian uzten du bazela jabe aberatsen klase bat, etxe horien itxurazko aberastasunari begiraturik, nahiz eta ezer ere ez dakigun villaen batez besteko neurriez eta produkzio nagusiaz.
Jabe handiei buruz, arkeologia indusketei esker, bada aski datu. Villae kopurua handia zen, eta hegoaldeko partean zeuden gehienak. Datu gehiago ere bada horietako zenbaitez. Adibidez, ArellanokoMusen villa, Tuterako La Mosquera eta Soto de Ramalete, Alesbes, Funes, Faltzes, Ledea edo Cabrianakoak, handiagoak bide ziren Calagurris aldeko eraikinak baino. Oso urriak dira garai hartako gizarte mugimenduei buruzko aztarna arkeologikoak.
Akitaniako alderdiari dagokionez, badakigu inguru haietan kokatu ziren godo eta alanoekBazas setiatu zutela 415ean. Esklaboen laguntza izan zuten, baina baita gazte libreena ere. Izan ere, esklaboak matxinatu egin ziren nobleen oligarkien kontra, lurraren kontrola beren esku zutelako. Ez dirudi gauza okerra denik ezinegon hori Euskal Herriko beste alderdietan ere bazela pentsatzea.
IV. mendearen bukaera aldean, ordea, beste krisi bat gertatu zen, bagaudena, gizarte sisteman eragin aski handia izan zuena. Bagaudak indarrean zegoen aginpideari eta fundi-en jabeei (sarritan egiten zieten lapurreta) kontra egiten zieten jende marjinalak ziren. III. mendean hasi ziren zabaltzen Galian, eta V. mendearen hasieran indar handia zuten. Hispaniara iritsi, eta Ebro aldeko alderdi baskoian hedatu ziren batez ere. Bagauden krisiak V. mendean jo zuen gorena. Aldi berean, zenbait pertsona leizeak erabiltzen hasi zen behin-behineko bizileku gisa, eta haietan dirua ezkutatzen hasi zen. Hori da Solacuevako kasua (Jokano, Araba).
Germaniar herriek limes-a edo muga hautsi, Iberiako penintsulan sartu, Pirinioak igaro eta Araba gurutzatu izanak, areagotu egin zuen egoera haren larritasuna. Azkenean, bagauden gatazkak erromatar gudarostearen kontrako borroka bihurtu ziren zenbait lekutan, hala nola Aracellin (Nafarroa).
Dirua
Urio Behereako leizean, Saran (Lapurdi), Pirinioen bi aldetako mendateetatik hurbil, Severo Alexandroren garaiko (K. o. 222-235) txanpon multzo txiki bat aurkitu da. Iparraldeko eremuetan eta Nafarroan aurkituriko altxorrak aipatzen dira, 275eko germaniarren inbasioaren ondoren, beste inbasio bat ere izan zela esateko arrazoi gisa. Hala, garai horretan suntsituriko guneak aurkitu dira Imus Pyraneusen (Tetrico I.arenantoniniano bat aurkitu da bertan, K. o. 270-273 urte artekoa), Pompaelon, Ledean eta, Euskal Herritik kanpora, Clunian. Antoninianoz osaturiko lau altxorrekin lotu izan dira gertaera horiek, garai bertsukoak baitira denak, eta barbaroen erasoaldi balizko batean gertatutako suntsipenekin.
Lapurdin agertu dira garai honetako bi altxor, Hazparne-Ensenan (txanpon berriena Kintiloren bat (K. o. 270) du) eta Mugerren (azkena Tetrico I.aren (K. o. 270-273) txanpon bat du). Eta Nafarroan beste biak: Ledeakoa, 105 antoniniano, azken txanpona Kintiloren bat da (K.o. 205), eta Zangotzakoa, 2.000 bat txanponez osatua, eta Postumoren batek itxia (K. o. 260-268). Altxorren azken txanponak garai bertsukoak badira ere, eta zenbait hiritan agertu diren hondakinak gorabehera, zaila da ondorio orokorrik ateratzea eta altxorrak gorde izana gertaera jakin bati egoztea, esaterako balizko bigarren inbasio horri. Izan ere, inguruko beste aztarnategietan ez da antzeman inolako aldaketa sakonik eta, gainera, geroxeagoko altxorrik ere bada. Horrelakoa da Lamarkaenian (Hazparne) aurkitu zen diru multzoa, 500 antoninianoz osatua, azkena Karinoren txanpon bat duena (K. o. 282-285)[15].
IV. mendekoa jada, bada txanpon sail bat Errigoitin (Bizkaia) aurkitua, 447 bat piezek osatua. Sail horretako azken 8 txanponetan Soli Invicto Comiti esapidea agertzen da (K. o. 318). Datu guztien arabera, urte horretan ezkutaturiko altxorra da, diru berria (Victoria Laete Princ Perp.) agertu baitzen orduantxe, 318an hain zuzen.
Cabrianako villakonekropoliko hilobi batean altxor bat aurkitu zen gorpuaren ondoan. Konstantzio II.aren txanpon bat du azkena, K. o. 355-360koa. Maxentzioren txanponak ditu altxorrak, enperadorearen aginduz 356an baztertu zirenak. Hori dela eta, altxorra eta hilobia 355-356koak direla uste da.
Azkenik, Euskal Herrian aurkitu diren eta oso arazo bereziak dituzten altxor batzuk aipatu behar dira. Leize zuloetan azaldu dira eta azken txanponak IV. mendekoak edo V.aren hasierakoak dituzte. Solacueva (Jokano, Araba), Abauntz (Arraitz-Orkin, Nafarroa Garaia) eta Sagatigorre eta Santimamiñekoak (Bizkaia) dira horiek. Oso pieza gutxi dute, guztiz hondatuak. Asko hautsita eta zatikatuta daude, galiar altxor batzuk bezala. Hori dela eta, K. o. 440-455. urtekoak izan daitezkeela dirudi, alegia, bagauden higikundea lurralde horietan gertatu zenekoa.