Kantabriar Gerrak (latinez: Bellum Cantabricum) Iberiar penintsularen erromatar konkistan izandako guda batzuk dira. Erromatarrak Iberiar penintsula konkistatzen hasi ziren k. a. II. mendean. Luzaroan borrokatu behar izan zuten bertako herri batzuen kontra, guztiok menperatu arte. Kantabriarrak erromatarren aurkako borroka luze eta gogor bat izan ondoren, azken herri menperaturik izan ziren. Guda kantabriarrak erromatarrek kantabriar herriaren kontra buruturiko kanpainei deritzegu. Zeregin horretarako, erromatarrek 10 urte (K.a. 29 – K.a. 19) eta 7 legio (Guztira 7.000 soldadu) behar izan zituzten.
Gerraren zergatiak
Arrazoi historikoak
K.a. II. mendean erromatarrak iparraldeko herriekin (galeziarrak, asturrak eta kantabriarrak) kontaktuan sartu ziren noizean behin, baina ez zuten haiek menderatzea lortu. Lehenengo kontaktu hauek gudari menderakaitzen ospea eman zieten kantabriarrei. Hori dela eta, erromatarrak berrehun urte Hispanian egon eta gero, eurak menderatzea obsesio bihurtu zen erromatarrentzat.
Arrazoi estrategiko eta ekonomikoak
Kantabriarrek, nekazaritzaren aldetik, oso lurralde pobrea okupatzen zutenez, haien bizimodua artzaintzan oinarrituta zegoen. Horregatik, auzokoen kontrako lapurretarako espedizioak osagarrizko ogibidea zuten. Euren auzokoek (autrigoi, bakzeo eta turmodigo), Erromaren menpe egonik, Erromaren laguntza eskatu zuten kantabriarrek eragindako lapurreta eta erasoekin amaitzeko. Bestalde, erromatarrek Kantabriako lurraldeen meatze-aberastasuna ezagutzen zuten, batez ere berun eta burdinari dagokionez.
Prestigio pertsonaleko zergatiak
Kantabriarrek oso herri txikia osatzen zuten eta, erromatarrenarekin konparatuz, militar baliabide gutxikoa zen. Hori dela eta, Kantabriarren intsumisioa lotsagarri ikusten zuten erromatarrek. Aitzindari horiekin, Augustok astur eta kantabriarren menderatzea pertsonalki burutu nahi zuen, prestigio eta ospe handia lortzeko, eta, era horretan, bere egoera politikoa Erroman gogorki sendotzeko.
K.a. 29. urtean bakzeoak erromatarren kontra matxinatu ziren, eta, nahiz eta auzoko harremanak aspalditik onak ez izan, kantabriarrek lagundu egin zieten. Erromatarrek irabazi zuten, eta kantabriarrek haien mendietan beren burua babestu zuten.
K.a. 29 eta 26. urteen artean, garrantzirik gabeko guduxkak baino ez ziren egon Kantauriko mendikatean zehar.
K.a. 26. urtean, Octavio Augusto enperadorea Hispaniara abiatzen da eta Segisama herrian (Sasamón, Burgos) ezartzen du bere base militarra. Ordurako, Kantabriar gerrateen ospea zabalduta zegoen inperio osoan zehar, eta Augustoren asmoa lehenbailehen fama horrekin amaitzea zen. Etsaiaren kalitateak gatazkaren lurraldera 7 legio ekartzera eragin zuen:
Gainera zenbait unitate laguntzaile ere aritu ziren:
- Ala II Gallorum,
- Cohors II Gallorum,
- Ala II Thracum Victrix Civium Romanorum,
- Cohors IV Thracum Aequitata,
- Ala Parthorum
- Ala Augusta
Hala eta guztiz ere, Kantabrian izandako egonaldia ez zen batere atsegina izan Augustorentzat: nekea, guduxkek eragindako etsipena, lurraldearen malkarra, gaixotasuna eta bere bizitzarekin akabatzear izandako tximista eta guzti. Hori dela eta, enperadorea Tarracora bueltatu behar izan zen. Bitartean armada erromatarrak hiru zutabe zabaldu zituen Kantabria osoa inguratzeko. Erdiko zutabeak ipar Kantabriako gotorleku handiak hartzen zituen: Amaya haitza eta Bernorio mendia. Geroago, izugarrizko bataila egon zen Vellica izeneko hiri kantabriarrean; horren ondorioz, kantabriarrak Vindio mendiraino (Europako Mendiak) atzeratu ziren. Erromatarrek mendia setiatu zuten, eta hor jarraitu zuten kantabriarrek udazkeneraino; ordura arte, gehienok hilda zeuden gosea eta hotza zirela eta.
Azkeneko bataila Aracillum izeneko kastroan libratu zen. Kastro honetako biztanleek izandako erresistentzia heroikoa izan zen. Baina erromatarrek errefortzu moduan Akitaniako flotarekin oste ugariak lehorreratu zituzten Kantabriako itsasertzean, eta Aracillum kastroan zeuden setiatuak atzetik eraso egin zituzten. Sarraski itzela izan zen eta kantabriar gehienek euren burua beste egin zuten, erromatarren esku ez erortzeko nahian.
Matxinada gehiagorik ekiditeko, erromatarrek mendietako biztanleak lautadara jaitsi, Juliobriga hiria fundatu, eta hiru legio utzi zituzten kantabriarrak zaintzeko. Baina Neron enperadorearen garaian (54-68 K.o.), kantabriarrak, berriz ere, matxinatu egin ziren.
Kanpo estekak