Nekropolia hildakoak ehorzteko hilerria edo hilobi multzoa da. Nekropoli hitza, egungo hilerri handiei buruz hitz egiteko erabil daiteke[1], baina gehienetan, Historian eta Arkeologian erabiltzen den hitza da. Nekropoli hitza grezierazko "nekro" (heriotza) eta "polis" (hiria) hitzen elkartea da. Normalean, hiri handien edo antzinako zibilizazioen ehortz-lekuei esaten zaie nekropoli.
Nekropoliak antzinatik erabili izan dira; Paleolitoan haitzuloen inguruan hilobiak aurkitu badira ere, Neolitoan agertzen dira lehen nekropoliak, gizon-emakumeak herri sedentarioak agertzen direnean[2] edo lehenago, Mesolitikoan[3].
Hilerri gisa bereziki aukeratutako tokietan eraiki ziren nekropoliak, tenplu eta santutegien inguruan batez ere. Europako Burdin Aroan nekropoliak populamendu guneetatik kanpo paratzen ziren. Antzinaroan, Mediterraneo inguruko antzinako hirietan nekropoliak hiriz kanpo jarri ohi zituzten ere eta mendeetan zehar inguru berean jarritako hilerri txikiek osatuak ziren askotan. Egiptoko Nilo inguruko hirietan, kasu, nekropoliak hiriaren parean eraikitzen zituzten, ibaiaren beste ertzean, eta Erroman eta Grezian hiriaren kanpoaldean, bide bazterrean. Erromatar legeak, adibidez, oso zorrotzak ziren, eta hilobiak, beti, hiritik kanpo eraiki behar ziren.
Erdi Aro hasieran, elizen aldamenean agertzen dira. Horrelako da, adibidez, Argiñetako nekropolia edo Irungo Ama Xantalengoa. Gerora ere, Europa kristauan, nekropoliak elizen lurrazpikoan egiten hasi ziren[4], Aro Modernoaren amaieran higiene legeek praktiko hori debekatu zuten arte[5].
Arkeologian funtzio garrantzitsua izaten dute; gune populatuak ez bezala, askotan deuseztatu gabe iritsi zaizkigunez, eta, gainera, milaka urtetan hildakoan hainbat objekturekin ehortzi zirenez, informazio ugaria eman izan dute.