Iruña-VeleiaArabakoIruña Oka udalerrian kokatutako aztarnategi historikoa da, lurralde historikoan dagoen garrantzitsuena, Erromatar Inperioaren garaikoa. Zadorra ibaiak sortzen duen bihurgune baten erdiko muinoan kokatzen da, ingurunearen baliabide topografikoak baliatuz, Arkitz ezproi gainean[1], Arkitz deituriko herrixka indigenaren gainean, Tresponde eta Biloda herrien artean, Gasteiztik 11 kilometrora.
2006an aurkikuntza epigrafiko harrigarri batzuk egin ziren, aitzineuskarari, hasierako kristautasunaren sinboloei eta egiptoar hieroglifoei buruz zientzialariek ordu arte ezarritakoa irauliko luketenak, antza. Polemika bizia piztu zen. Ofizialki eratutako aditu taldearen ebazpenak aurkikuntzok faltsutzat hartu zituen, eta aitzineuskarako aditu guztiak bat etorri dira ebazpen horrekin; baina beste arlo batzuetako aditu batzuek eta zenbait herritarrek babestu egin dute Iruña-Veleiako aurkikuntza horien egiazkotasuna.
Iruña-Veleiako aztarnategiak 1.500 urteko historia biltzen du.
Brontze eta Burdin Aroak (K. a. I. milurtekoa)
Iruña guneko lehen finkamendua Brontze Arokoa omen da, K. a. I. milurteko osoan hedatu zena. Topatutako etxeak laukizuzen eta zirkulu erakoak dira, gertuko Atxako herrixkan aurkitutakoen antzerakoak. Erromatarren garai aurreko Zaldizkoaren estela aurkikuntza nabarmentzekoa da.
Erromatar oppiduma IV. mendekoak omen diren harresiez gotortuta dago. 1.200 metroko luzerako harresiek antzinako hiriaren zati bat ixten zuten, 11 hektareako azalerakoa. Harresiak eraikitzeko lehenagoko beste eraikin batzuen osagaiak probestu ziren (zutabe-zatiak, esaterako). Aipatzekoak dira arrosa-leihodun mosaikoaren domusa eta Pompeya Valentinaren domusa.
Erdi Aroa
Arkeologia frogek aditzera ematen dutenez, hiribilduak Goi Erdi Aroaren hasieran bigarren loraldia izan zuen, eta gero abandonatu zuten. Zenbait historialariren iritziz, Iruña Veleia Leovigildo errege godoak sortutako Victoriacum izan liteke (batzuetan, egungo Gasteiz dela pentsatu izan da).[3] Artean, izan ere, hiribilduaren zati handi baten indusketak egitea falta da.
Alfontso errege asturiarrak 743 aldera Ebro inguruan egindako kanpainan Velegia bat baino gehiago aipatzen da. Hurrengo hamarkadetan, halaber, Velegia Alabense oppidum bat aipatzen da Kordobako armadak egindako sarraldi batean.
Iruñako aurkikuntzak XVI. mendean jada hasi ziren, 1585ean Arkaia doktoreak «hantxe aurkitutako estatuak» aipatu baitzituen. Urte hartan aurkitu zuen aztarnategia Diego Salvatierrak.
2006an, Pompeia Valentina etxean, I. mendean eraikia eta V. mende arte etengabe erabilia, multzo epigrafiko bat aurkitu omen zen, gela hertsi batean. Oihartzun handia izan zuen hedabideetan: «munduan parekorik ez duena», «erromatar garaiko garrantzitsuenetakoa» zela zioten. Hasierako une haietan ere, zenbait arkeologo eta euskaltzain mesfidati agertu ziren.[4] Ondorengo hauek aurkitu omen ziren, besteak beste:
270 idazkun eta marrazki, ostraka zeramika zatietan eginak. Batzuek Egiptoko historiaren hainbat pasarte adierazten zuten, horietako zenbait idazkera hieroglifikoan. Ikertzaileen arabera, hieroglifiko horiek ere «anakronikoak» eta «faltsukeria» dira.[5]
Egiazkoa izan balitz, mundu osoan aurkitutako kalbarioaren (Jesusen gurutziltzatzea) lehen irudikapen izango litzatekeena, hori ere faltsua adituen esanetan.[6]
Multzo epigrafiko horren garrantzia Ponpeia, Erroma edo Vindolanda (Ingalaterra) aztarnategietan egindakoekin alderatu zuten ikerlari batzuek, hainbat espezialistak faltsutzat jo baino lehen. Hala ere, auzia bizirik dago, eta zenbait adituk laidotzat jo dute aurkeztutako ustezko 400 froga arkeologikoen koherentzia estratigrafikoa zalantzan jarri izana, eta sinestezintzat jo dute «faltsugileek» horrelako ustezko faltsuketa kopuruak egin ahal izatea.[7]
Herrian ere, ezinegona sortu du auziaren egungo egoerak, eragile instituzionalek auzia orain arte ondo ebatzi ez dutelakoan, eta 2018ko ekainean babes zabala lortu zuen Euskal Herrian auzia argitzearen aldeko manifestuak.[8]
2024ko aurkikuntza: Zirku erromatarra
2024an, aztarnategiaren gainazalaren analisi zehatz bat egin zen, 251 hektareako azalera batean, eta lur azpian kronologia erromatarreko eraikin eta azpiegiturak zeudela ikusi zen. Aurkitutakoen artean, kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak, eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak bazeuden, eta aurkikuntza handiena gisa aurkeztu zena, zirku erromatarra. Hala ere, indusketak egin bitartean, eraikinen aztarnak agertuko diren edo bakarrik lurrean utzitako arrastoa, hori ezin dela argitu eta zuhurtzia eskatu zuren aztarnategiko lanen arduradunek.[9]
(Frantsesez) Hector Iglesias (2009): «Les inscriptions de Veleia-Iruña». Artxiker, bibliothèque numérique d'IKER, Centre de recherche sur la langue et les textes basques du CNRS, Baiona-Bayonne.