Arkaia Gasteiz udalerria osatzen duten herrietariko bat da. 524 metroko garaieran kokaturik dago.
Demografia
Ondarea
Andre Mariaren Jaiotzaren parrokia-eliza. Erretaula nagusia XVIII. mendekoa da. Catalina de Aberasturi andreak hartu zituen bere gain horren kostuak, 1702an. Atari neoklasikoa du elizak, arku molduradunekin, hiru baoko portada -ateburuekin-, Erdi Aroko bataiarria eta XVIII. mendeko dorrea.
Arkaiako arkeologia gunea
Aztarnategia kokatzen den lurrak 19 Ha-ko azalera du[1], Arkaia entitatearen azpian eta ekialdera dauden lursailetan, baina zati bat baino ez dago ikusgai.
Indusketak
XVIII. mendearen bukaeran Lorenzo Prestamerok erromatar termen arkeologia-aztarnak aurkitu zituen. 1976-1981 artean Ramón Loza Lengaran arkeologoak erromatar garaiko termak indusi zituen eta erabilera publikorako zirela ondorioztatu zuen.
Urte batzuk beranduago Ramón Loza berak eta Paquita Sáenz de Urturik egin zituzten indusketek (1994-1997), lekuaren tamaina eta bilakaera argitu zituzten. Indusketa hauetako materialen lagin bat Gasteizko Bibat Museoan ikus daiteke.
Hirigunea
Kokaleku indigenaren gainean Inperio garaian oin berriko asentamendu erromatarra ezartzen da. K.o. I. mende inguruan hedapen handia izan zuen, eta aztarnategi osoa hartu zuen. K.o. II. mendean, III. mendean mantenduko da. IV. mendetik aurrera, erromatar inperioko herri gehienetan gertatzen den bezala, krisiaren ondorioz, hiri hau atzerakada demografiko handi batean sartuko da, murriztu egingo duena, baina mendeetan zehar gaur egungo Arkaia herriraino mantenduko dena.
Ikerketa arkeologikoen bidez jakin izan da garaiko hirigintza arauen arabera antolatua zegoela hiria: etxe arkupedunak, erretikula formez planifikatzen diren kaleen inguruan etxadiak osatuz.
Nolabaiteko prestutasuna zuten etxeek mosaikozko zoladura zuten, eta hormak kolorezko iztukuz estalita zeuden. Sabaiak, berriz, teilaz estaltzen ziren. Marmolezko moldurak eta zutabeen hondarrak tamaina jakin bateko eraikinez ari dira, agian izaera publikokoak.
Hirigune hau Astorga Bordelerekin lotzen zuen Iter XXXIV galtzadaren ertzean zegoen. Antoninoren ibilbidearen arabera, galtzada honen ondoan karistiarren tribuko Suessatio edo Suestatiumeko mansioa zegoen; honekin jarri da harremanetan Arkaiako leku hau, civitas (hiria) maila zuena.
Mansio honetako adierazgarririk handiena multzo termala da, gaur egun ikus daitezkeen hondakin bakarrak.
Termak
Hirigune honetako terma multzoa K.o. I. mendearen bigarren erdialdean jarri zen abian eta hainbat aldiz berritua izan ondoren, IV. mende inguru aldera terma izateari utzi zion.
K.o. I. eta II. mendeetako arkitektura multzo interesgarri honek ohiko eskema du: eraikuntza lineal bat, tenperatura desberdinetako bainurako guneak jarraian dituena (frigidarium edo gune hotza, tepidarium edo gune epela eta caldarium edo gune beroa), eta, alboan, aire zabalean jarduera fisikoa egiteko erabiltzen zen palaestra, multzo horren zerbitzu eta funtzionamendurako instalazioez gain (aldagelak, komunak, labeak, estolderia …). Eremu sakratua ere badago eta bertan eskaintzarako hainbat ontzi eta botozko aldare txiki bat aurkitu dira. Termen aztarnak, ordutik eta gaur arte agerian geratu dira aztarnategiaren erdian.
2015 urtean In corpore sano. Erromatar garaiko Arkaiako termak izeneko aldi baterako erakusketa izan zen ikusgai Bibat museoan.
Erreferentziak
- Arkaiako arkeologia gunea in Kultura ondarea, www.euskadi.eus.
- Las termas romanas de Arcaya / Suestatium (Arkaia. Vitoria-Gasteiz). Memoria de las intervenciones arqueológicas en Otazibarra (1976-1982) Ramón Loza Lengaran, Miguel Loza Uriarte y Javier Niso Lorenzo, Arabako aztarnategiko memoriak, 13 Zk.
- "Arkaiako aztarnategi erromatarra (Gasteiz)"/, Paquita Sáenz de Urturi in ARKEOIKUSKA1996 (17-22 orr.)
- Erromatarren garaiko Arkaiako termak, Arabako Foru Aldundia , Arabako Foru Aldundia (pdf)
Kanpo estekak
- ↑ «Zona Arqueológica de Arcaya. Ondarea. Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).