1828. urtean Dorrego Buenos Airesko gobernutik kendu zutenean, Juan Lavalle gobernari berriaren aurka agertu zen Rosas, eta bere burua izendatu zuen gobernari (1829). Alderdi federalistaren buruzagiak batasunaren aldeko alderdiak garaitu zituen 1831n. Hiru urtez aginpidean egon ondoren, Juan Manuel Balcarceren esku utzi zuen Buenos Airesko gobernua, eta hegoalderantz jo zuen, "Basamortuko lehen konkista" izenaz ezagutzen den amerindiarren aurkako guduan borrokatzera (1833).
Buenos Airesera itzuli zenean, Balcarceren aurkako konspirazio batean parte hartu zuen, eta probintziako gobernuburu bihurtu zen, berriro ere. Federalista zela esanagatik, guztiz zentralista izan zen Rosasen diktadura: adierazpen-askatasuna kendu zuen, orobat legebiltzarra, eta ezkutuko polizia eratu zuen oposizioa deuseztatzeko. Argentinaren mende jarri nahi izan zituen Paraguai eta Uruguai, baina, azkenik, Justo José Urkiza buruzagi zuen argentinar, uruguaiar eta paraguaiar koalizioak Rosasen gudarostea menderatu zuen, 1852. urtean, Caseroseko guduan. Ingalaterrara erbesteratu behar izan zuen.