1985ean epaitu zuten lehen aldiz, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, milaka pertsonen heriotzaren erantzukizuna zuela ondorioztatu ondoan[1]. Inoiz ez zen egindako sarraskiaz damutu[2].
Biografia
1942. urtean eskola militarrean sartu zen, eta 1971. urterako jenerala zen. 1975. urtean estatu-nagusiko buruzagi eta gudarosteko komandante nagusi izendatu zuten. María Estela Martínez de Perón lehendakariaren aginduz, gogor zapaldu zituen Montonerosen eta Herriko Gudaroste Iraultzailearen jarduerak.
1976. urtean gudarosteko komandanteek estatu-kolpea eman zuten Argentinan eta Videla izendatu zuten lehendakari. Erregimen berriak alderdi-politikoak debekatu eta gerrillaren aurkako borroka indartu zuen. Giza eskubideen aldeko elkarteen arabera, 30.000 pertsona desagertu ziren haren agintaldiko errepresioaren ondorioz[3]
Ekonomiari dagokionez inflazioa gutxitzeko ahaleginak egin zituen, eta ekoizpenean estatuaren parte hartzea gero eta txikiagoa izatea bultzatu zuen. Kanpo-merkataritzako harremanei oztopoak kendu izanak, ordea, inportazioak ugaldu zituen, eta Argentinako industria asko ixtera behartu. Batzorde militarrak ezarritako bost urteko agintaldia 1981. urtean amaitu zuen Videlak eta Roberto Viola jenerala izendatu zuten lehendakari.
1983. urtean, berriro demokrazia ezarri zenean, gobernu ohiko batzorde militarreko kideak eta hauek izendaturiko presidenteak diktaduran estatuko terrorismoa erabili izanagatik epaitu zituzten. Videlak uko egin zion defentsari eta 1985. urtean bizi guztirako espetxe-zigorra eman zioten. Baina 1990. urtean, berari eta gainerako diktadurako buruzagi militarrei, indultua eman zien Carlos Menem lehendakariak.
1998an berriz atxilotu zuten, presoen haurrak lapurtzea egotzita; izan ere, haurdun zeuden emakumeak kartzeletan edukitzen zituzten umea izan arte eta ondoren emakumea hil eta haurrak militarrei edo haien senideei ematen zizkieten[4]. Espetxean 38 egun igaro ostean, etxean atxilotua egoteko eskubidea eman zioten. 2008an, giza eskubideen aldeko taldeen argudioak onartuz, epaileak kartzelara bidali zuen.
2010ean Cordobako Auzitegi Federalak bizi arteko kartzela zigorra ezarri zion 31 lagunen hilketa leporatuta[1]. 2013an, berriz, 50 urteko kartzela zigorra eman zioten, presoen haurren bahiketagatik[4]. Marcos Pazeko espetxean hil zen, 2013ko maiatzaren 17an. Antza denez, diktadore ohiaren heriotza komunean gertatutako erorketa baten ondorioa izan zen[5].
Adolfo Pérez Esquivel: «Videlaren heriotzak inori ezin dio poza eman. Bizitzatik min handia egiten eta herri oso baten balorei muzin egiten igaro zuen gizona izan zen»[6].