Villabuena[1] —beste Villabuena leku izenetatik bereizi behar denean, Villabuena Araba[1]— (ofizialki Villabuena de Alava / Eskuernaga) Arabako hegoaldeko udalerri bat da, Arabako Errioxa eskualdekoa. Gasteiztik 42 bat kilometrora dago. Izen bereko hiribildua da herriburua, udalerriaren erdialdean kokatua, Herrera ibaiaren bi aldeetan. Mahastizaintza eta ardogintza dira herriko ekonomia jarduera nagusiak.
Izena
Behinola Guardiako herrixka zen, Villaescuerna izenarekin. 1661ean hiri-titulua jaso zuen, eta herritarren eskariz Vilabuena izena hartu, Villaescuerna zelakoaz trufa egiten baitzuten inguruko herriek.[5][6]
Udalak udalerrirako izendapen elebiduna hartu nahi izan zuenean, nolabaiteko eztabaida sortu zen, ez baitzegoen euskarazko izenaren forma tradizionalik. Herriari Uriona deitzea pentsatu zen, hau da, Villabuenatik mendebaleko euskalkira hitzez hitz itzultzea, Arabako zati handienean mendebaleko euskalkia hitz egin baitzen Erdi Aroan eta geroztik ere. Beste batzuek herriaren antzinako izena, Villaescuerna, oinarritzat erabiltzea proposatu zuten, eta euskal formara egokituta Eskuernaga sortu zuten; azkenean, udalak Eskuernaga hori onartu zuen euskal izen ofizialtzat. 1996ko azaroaren 20ko erabaki baten bidez hartu zen gaur egungo izen ofizial elebiduna: Villabuena de Álava / Eskuernaga.[7][8]
Euskaltzaindiak zehaztu du, hala ere, euskara batuko izena Villabuena dela, eta Villabuena Araba erabili behar dela Villabuena izena duen beste herriren batekin nahasteko aukera dagoenean.[1]
Geografia
Ingurune naturala
Ebroren adarra den Herrera ibaia igarotzen da Villabuenatik. Udalerriaren garaierak 463-557 metro bitartekoak dira, itsas mailaren gainetik.
Herri hau antzina Guardiako herrixka bat zen, Villaescuerna izenekoa. Villaescuernako herrixka hura, beste batzuekin batera, Guardiari eman zion Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregeak, 1164an Guardiako hiribildua sortu zuenean. Hain zuzen ere, Nafarroako Erresuma musulmanen eta gaztelarren erasoetatik babesteko sortu zuen Guardia.[9]
Erdi Aro osoan zehar, nafarren eta gaztelarren arteko gerra eta liskarren ondorioz, Guardia erresumaz aldatu zen askotan. 1461ean, ordea, Henrike IV.a Gaztelakoak Nafarroari behin betiko kendu zizkion Guardiako hiribildua eta haren mendeko lur guztia, Villaescuerna barne. 1486an, hiribildua eta haren herrixkak Arabako Ermandadearen zati bihurtu ziren, Errege-erregina Katolikoen aginduz.[9]
1661eko ekainaren 4an, Filipe IV.a Espainiakoak hiribilduaren pribilegioa eman zion Villaescuernari, eta Guardiaren eskumendetik independizatu zen herri hau.[9] Herriak une hura baliatu zuen izena aldatzeko (herritarrei Villaescuerna izena itsusia iruditzen zitzaien, nonbait), eta Villabuena izena hartu zuen.[6]
Ekonomia
Villabuenako ekonomia ardoari lotuta egon da bere historia osoan. Ardogintzaren tradizio luzeari esker, mahastiarenmonolaborantzatik eta Errioxa jatorri deitura duten ardoak egitetik bizi dira, funtsean, Villabuenako bizilagunak.[10] Udalerri txikia izan arren, 50 upategi daude egun. Horietako batzuk bisitarako aukera ematen dute, ibilbide enoturistikoan, bisitariek ardogintzaren xehetasunak ikas ditzaten eta dastaketaz goza dezaten.[11]
Villabuenak upategi tradizionalen auzo bat du; hala ere, gaur egun upategiak udalerriaren lurralde osoan hedatuta daude. Ardogintzan jardun dutenei eta dihardutenei omen egitearren, bada burdinazko eskultura bat, prentsa batean dagoen gizon baten bidez ardogintza sinbolizatzen duena, auzotarrek eurek egina.[11]
1900ean, herriak 475 biztanle zituen. Geroztik, biztanleria jaisten joan da, baina hiribildua etengabe hazi da. Gaur egun, upeltegiez gain, badira jatetxeak, hotel bat, fisioterapia zentro bat, dendak, tabernak eta farmazia.[11]
Villabuenaren erdigunean badira hainbat eraikin edo jauretxe zahar bezain dotore. Horien artean, aipatzekoak dira Indianoaren etxea eta Solanoko markesaren etxea.[10]
Indianoaren etxeabarroko estilokoa da, eta Santiago Matamorosen erliebe batez hornituta dago.[10] Andres de Bençak eraiki zuen, 1608 eta 1610. urteen artean, Pedro Peciña Samaniegok aginduta. Pedro Peciña Samaniego Santiago de Compostelako arkediano eta kanonigoa zen. Indianoaren etxean bizi izan ziren Villabuenako zenbait pertsonaia karlista garrantzitsu, Francisco de Paula Rivas kasu.[22]
Solanoko markesaren etxea batez ere XVI. mendean eraiki zuten; eta ondoren, XVIII. mendean, bi hegal erantsiz handitu zuten.[22]
San Andres eliza 1538 eta 1728. urteen bitartean eraiki zuten; hortaz, estilo bat baino gehiago du, gotikotik hasi eta barrokoraino. Ataria mendebaldera begira du, eta han jarri zuten 1693. urtean santu titularra, horma hobi batean. Erretaula nagusia Errenazimentukoa da, eta gurutzaduretan erretaula barrokoak ditu, bai eta XVI. mendeko bataiarri bat ere.[10]
San Torkuato baseliza, Villabuenako santu zaindariari eskainia, herriaren iparraldean kokatuta dago.[23]
Andre Maria baseliza, jatorrian, Erdi Arokoa da, XIII. - XV. mendeetakoa,[24] erromanikotik gotikorako trantsizioko garaikoa. 1959an zaharberritu zuten. Bere jatorrizko garaitik gorde ditu leihate bat, ur bedeinkatuaren pilari eusten zion hagaburutxo bat, Andre Mariaren idulkiaren azpian zegoen harrizko friso bat eta haren irudia, bai eta sarrerako atea ere, arku zorrotzekoa. Andre Mariaren irudi hori XIV. mendekoa da, eta Villabuenako Andre Maria deritzo.[23]
El Montecillo trikuharria 2009. urtearen amaieran Villabuenako bizilagun batek aurkitu zuen. Berehala, aurkikuntza hori aztertzen aritu ziren Javier Fernandez Eraso eta Jose Antonio Mujika Alustiza Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Arloko kideak. El Montecillo trikuharriko korridore hilobia bi mahastiren artean dago. Arabako Errioxan dauden beste zazpien antzeko ezaugarriak ditu. Deformatuta dago, eta duela gutxi sortu zen harri pilo batek estaltzen du. Korridorerako sarrera, bi lursailak banatzen dituen horma batek ezkutatzen du. Hor kokatuta egoteari esker, egoera onean iraun du gaur eguneraino.[22]
Tumulua hareharriz eta horien degradaziotik eratorritako hareaz osatuta dago. Ez da egitura simetrikoa; izan ere, mendebaldera luzatzen da, eta hegoaldera zein ekialdera desmuntatuta dago, ziurrenik mahastia egokitzeko lanetan. Zalantzarik gabe, azken mendeotan handitu egin zuten, toki hori soroetako harriak pilatzeko erabiltzean. Gainera, hareharri gainean finkatuta dagoenez, hezur arrastoak ia erabat desagertu dira.[22]
Ikerketa-lanetan, pieza garrantzitsuak aurkitu eta berreskuratu zituzten, hala nola giza hezurrak (tartsokoak), hortz zati batzuk eta gazte baten lepaorno bat. Bestelako aztarna arkeologikoak ere agertu dira: kanpai-formako bi zeramika-zati (baso batena bata, eta kazola batena bestea), terra sigillata hispanikoaren bi zati txiki, eta ikatz puska batzuk.[22]
Aurkikuntza horiek erabakigarriak izan ziren trikuharriaren ikerketan, berreskuratutako hezur hondakinetako bat C-14 bidez datatzeko erabili baitzen. Lagina Miamiko (Ameriketako Estatu Batuak) Beta laborategira bidali zuten, eta trikuharria Brontze Aroaren hasierakoa dela zehaztu zuten. Teoria hori bera sostengatzen dute Ciempozuelos motako kanpai formako zeramikazko ontzien zatiek; izan ere, beren egikeran, Kantabriako mendilerroko harpeetan estratigrafia egonkorrean aurkitutako beste batzuen oso antzekoa da. Horrek adierazten du trikuharria, gutxienez, Kalkolitoa eta Brontze Aroaren hasiera hartzen dituen aldi luze batean erabiliko zela, segur aski.[22]
Erromatar zeramikaren zatiak aurkitu ziren burualdeko harlauzaren azpian, ganberaren barnean erorita. Horrenbestez, litekeena da egituraren kolapsoa garai klasikoaren ondoren gertatu izana, eta hain zuzen ere hil multzoa garai hartan arpilatu izana.[22]