Gaur egun Frantzia den lurraldea K.a. VII. mendearen inguruan hasi ziren populatzen galiarrak, hizkuntza zeltak hitz egiten zituztenak, oraindik idazkerarik gabe. Hego-mendebalderantz, akitaniarrek agian euskararen aitzindari zen hizkuntzaren bat hitz egiten zuten, oraindik ere idazkera gabe. Massilia inguruan (gaur egungo Marseillan), kolonia grekoetako biztanleek hitz egiten eta idazten zuten grezieraz, baina ez zuten beren kolonietatik haratago zabaldu.
Hizkuntza haiek eta antzinako Galian hitz egindako beste batzuk desagertu egin ziren, ziur aski, erromatarren kolonizazioaren indarrez latina ezartzearekin batera. Erromatar Inperioaren gainbeherarekin, jatorri germaniarreko herri batzuk iritsi ziren Galia erromatarrera. Haietako bi modu finkoagoan ezarri ziren: iparraldean frankoak eta hegoaldean bisigodoak, Loira ibaia mugatzat hartuta. Bi herriek beren hizkuntzak hitz egiten zituzten arren, laster hartu zuten biztanleek hitz egiten zuten latina. Hala ere, frankoek hitz egiten zuten hizkuntza nederlanderaren jatorrian dago, Herbehereetan, Belgikan eta Frantziako iparraldean gaur egun hitz egiten den germaniar hizkuntza baita.[5]
Denbora luzez, Galiaren iparraldean hitz egiten zen hizkuntza (berez, Frantzia) latin gutxi-asko eboluzionatua zen, frankoek hitz egiten zuten germaniar hizkuntzaren eragin fonetiko handi batez. Hegoaldean, bilakaera desberdina izan zen, eta, horregatik, poliki-poliki bi hizkuntza bereizten hasi ziren, hasieran Loira ibaian markatutako mugarekin, nahiz eta historian zehar hegoalderantz gero eta gehiago joango zen iparraldean hitz egiten zen hizkuntza, eta oc hizkuntza hegoalderago. Bi hizkuntzen arteko muga Erdialdeko MendigunetikLoira ibaiaren bokaleraino (Nantes) zihoan.
Antzinako frantses deritzona XI. mendetik aurrera sendotuz joan zen, eta Loiratik iparraldera hitz egiten zen guztia hizkuntza bakarra balitz bezala aztertzen bada ere, berez elementu elkartuak zituzten hizkera desberdinak ziren.[9]
Hizkuntzaren eragin germanikoa zela eta, hizkuntza berria idazterakoan zenbait digrama ―letra bikoteak― erabili behar izan ziren, latin arruntean ez ziren soinu batzuk adierazi ahal izateko. Hala, sudurkaritzea ―eragin germanikoaren elementu fonetiko bereizgarrienetako bat― adierazteko, silabaren amaieran n erabiltzen hasi zen. Latinezko o bokalak gaur egun frantsesez duen soinuaren bilakaera fonetikoaren ondorioz, ou digrama erabiltzen hasi behar izan zen, latinezko jatorrizko soinua adierazteko.
Beheko taulan bilakaera fonetiko batzuk ageri dira, mendeetan zehar gertatutako aldaketa fonetiko nagusien erritmoaren berri ematen dutenak:[10]
Latina
Aurre-
erromantzea
Antzinako frantsesa
Frantses
ertaina
Frantses modernoa
IX. mendea
XII. mendea
XV. mendea
XVIII. mendea
XXI. mendea
PĔDE oin
*'pɛde
/pieð/
/pieθ/
pied
/pie/
/pie/
/pie/
pied
MATŪRU heldu
*ma'turo
/ma'ðyr/
/mə'yr/
meür
/myr/
/myʀ/
/myʀ/
mûr
SCŪTU ezkutu
*(i)s'kuto
/es'kyð(o)/
/es'ky/
escu
/e'ky/
/e'ky/
/e'ky/
écu
SÆTA gezi
*'sɛta
/seiðə/
/seiə/
seie
/soiə/
/swɛə/
/swa/
soie
FŒMINA emakume
*'femina
/femnə/
/femmə/
femme
/fãmə/
/fam(ə)/
/fam/
femme
HŎMINE gizon
*'omine
/omnə/
/ommə/
homme
/õmə/
/ɔm(ə)/
/ɔm/
homme
BĔLLUS eder
*'bɛllos
/bɛłs/
/bɛaus/
beaus
/be'au/
/bio/
/bo/
beau
HABĒRE eduki
*a'bere
/a'veire/
/a'voir/
avoir
/a'vwɛr/
/a'vwɛʀ/
/a'vwaʀ/
avoir
IŪDICĀTU epaitu
*ʤudi'kato
/ʤy'ʤieð(o)/
/ʒy'ʒie/
jugié
/ʒy'ʒe/
/ʒy'ʒe/
/ʒy'ʒe/
jugé
CŎLLŌCĀRE jarri
*kollo'kare
/koł'ʧier(e)/
/ku'ʧier/
couchier
/ku'ʃie(r)/
/ku'ʃe/
/ku'ʃe/
coucher
Frantses ertaina
Antzinako frantsesaren eta frantses modernoaren arteko trantsizio aldaera, frantses ertaina alegia, XIV. eta XVI. mendeetan iraun zuen, nahasmendu egoera handi batez. Izan ere, XIV. mendean, Izurri Beltzak eta Ehun Urteko Gerrak erakundeen desantolaketa handia eragin zuten.
Garai hartan, garrantzizkoa izan zen John Mandevillek idatzitako Itineraria bidaia eskuizkribua, 250 bat aletan argitaratu zena, zenbait hizkuntzatan.[11]
XIV. mendean, Enseingnemenz qui enseingnent a apareillier toutes manieres de viandes sukaldaritza liburua nabarmentzen da, 1304-1314 artean idatzitakoa, besteak beste halako gomendiok egiten zituelarik:[12]
«
Por blanc mengier — Se vos volez fere blanc mengier, prenez les eles e les piez de gelines e metez cuire en eve, e prenez un poi de ris e le destrempez de cele eve, puis le fetes cuire a petit feu, e puis charpez la char bien menu eschevelee e la metez cuire ovec un poi de chucre.
»
Frantses modernoa: XVIII. mendetik gaur egunera
Frantziako Iraultzaren hasieran, Frantziako biztanleen laurdenak baino ez zuen frantsesez hitz egiten, gainerakoak eskualdeetako beste hizkuntzaren batean mintzo ziren.[13][14]
Iparraldean oïl hizkuntzak zeuden, hegoaldean oc hizkuntzak, hori da, okzitanieraren aldaerak; horiez gain, bretainiera, euskara, katalana, frankoproventzera, flandriera eta alsaziera zeuden, besteak beste. Frantsesaren batasuna, Charles Maurice de Talleyrand-Périgordek hasi zuen eta Jules Ferryk jarraitu, Frantziako lurralde osorako hizkuntza bakarra sortzeko xedez. Frantsesa nahiko azkar nagusitu zen oil eta francoprovçal dialektoak hitz egiten ziren eskualdeetan, baina beste metodo batzuk erabili ziren bretoia, okzitanoa, katalana, euskara, koroa eta abar ezabatzeko (adibidez, ikasle gazteak makurraraztea).[15]
1794ko ekainaren 4an argitaratutako txosten ospetsuan,[16]Henri Grégoirek adierazi zuen frantsesez soilik hitz egiten zela «hamabost bat departamentutan», guztira 83 zirelarik. Paradoxikoa eta ia jasanezina iruditzen zitzaion hizkuntza nazionalean hiru milioi frantsesek baino gutxiagok hitz egin zezaketela egiaztatzea; hizkuntza hori, berriz, «baita Kanadan eta Mississippiren ertzetan ere» erabiltzen bazen ere.
Gainera, frantsesa asko hitz egiten zen Europako gorte gehienetan.[17]
Eskualdeko patois guztiak alboratzea
XIX. mendearen amaieran, nahiz eta frantses estandarra eremu publikoan nagusi izan eguneroko erabileran, herriak oso maiz erabiltzen zituen tokiko hizkuntza erromanikoak (okzitanoa eta francoproventzera), bereziki herrialdearen hegoan eta ekialdean. Eskualdeko aldaera haiei patois mespretxuzko izena erantsi zitzaien: frantziar estatuaren egiturak eta indar guztiak ipini ziren gizartean maila apalagotzat joak izan zitezen eta haiek erabiltzea prestigio galera handi bat izan zedin. Horren ondorioz, XX. mendean zehar etengabe izan ziren alboratuak.[18][19][20][21][22]
1890ean, Frantziako erdialdeko zenbait herritan, hala nola Saint-Thurin edo Celles-sur-Durolle, eskualdeko hizkuntzaren erabilera biztanleen % 90-% 100 bitartekoa zen. 1950ean % 50 ingurura jaitsi zen, nahiz eta biztanleen % 70-% 80 batek ulertzen segitu. Hurrengo belaunaldiak modu masiboan utzi zion eskualdeko hizkuntza erabiltzeari, eta 1965 inguruan % 10 baino gutxiago erabiltzen zen (nahiz eta jende gehientsuenak ulertu bertako hizkuntza).[23]
Fonetika
Fonologia
Frantsesaren ahoskerakortografian oinarritutako arau zorrotzen arabera egiten da, nahiz frantses ortografia, sarritan, gehiago oinarritzen da historian ―hitzen jatorri etimologikoa eta bilakaera― fonologian baino. Ahoskera arauak eskualde batetik bestera zertxobait aldatzen diren arren, arau estandarrak hauek dira:
Hitz amaierako kontsonanteak: kontsonante bat «amaierakotzat» hartzen da bokalik ez badauka atzetik, nahiz eta kontsonante bat edo gehiago izan. Amaierako kontsonante bakartuak ―bereziki s, x, z, t, d, n, p eta g― mutuak izan ohi dira, hau da, ez dira ahoskatzen (adibidez, temps, cailloux, abaissez, donnent, placard, américain, champ, poing). Hitz amaierako f, k,q, eta l letrak, ordea, ahoskatu egin ohi dira (adibidez, sportif, kayak, cinq, personnel). Amaierako c ahoskatu egiten da batzuetan (adibidez, bac edo sac), baina mutua ere izan daiteke (adibidez, blanc edo estomac). Bi silabako edo gehiagoko hitz batean e letraren osteann mutua izan ohi da r (adibidez, métier) baina hitz batzuetan ahoskatu egiten da (adibidez, hiver, super, cancer).
Hala ere, hitz amaierako kontsonante mutu bat ahoskatu egin daiteke, hurrengo hitza bokal batekin hasten denean, bi hitzen arteko liaison edo «lotura» errazteko. Lotura horietako batzuk nahitaezkoak dira (adibidez, les amants edo vous avez, bietan hitz amaierako s mutua ahoskatu egiten baita); batzuk hautazkoak dira, aldaeraren eta erregistroaren arabera (adibidez, euros irlandais); eta beste batzuk ahaztuta dude, adibidez, s amaierako kontsonantea beaucoup d'hommes aiment esaldi zatian.
Hitz bukaerako n bat errepikatu eta e mutu bat gehitzen bazaio, femeninoa egiteko, (adibidez, chien > chienne), n hori argiago ahoskatzen da. Aldiz, bukaerako l bat bikoiztu e mutu bat gehitzen bada, femeninoa egiteko, [j] soinu bat bihurtzen da, l letraren aurretik i letra baldin badago (adibidez, gentil > gentille).
Elisioa edo bokal galera: a edo e letraz amaitzen diren funtzio monosilabikoko hitz batzuk (adibidez, je eta que) azken bokala galdu egiten dute, bokal batez hasten den hitz baten aurrean, hiatoa saihestearren. Galtzen den bokala apostrofo batez ordezten da (adibidez, je ai > j'ai). Horrek eragiten du esaldi batzuek ahoskera bera izatea, esate baterako l'homme qu'il a vu (berak ikusi duen gizona) eta l'homme qui l'a vu (bera [emakumea] ikusi duen gizona).
Idazketak ez du zerikusi handirik gaur egungo ahoskerarekin. Oro har, ahoskera baino kontserbadoreagoa ―hori da, hitzen jatorri etimologikoarekin lotuagoa― da idatzizko forma. Horren arrazoi dira antzinako frantsesaren garaietatik izandako aldaketa fonetiko handiak, idazkera aldaketak astiroago joan baitziren. Hala ere, aldaketa kontziente batzuk izan dira idazketan, latinezko ortografia berrezartzeko xedez eginak:
Antzinako frantsesean doit > doigt frantses modernoan, latinezko digitum (hatz) jatorrizkotik hurbilago.
Antzinako frantsesean pie > pied frantses modernoan, latinezko pedem (oin) jatorrizkotik gertuago.
Horrenbestez, ia ezinezkoa da idazketa iragartzea ahoskeran soilik oinarrituta. Azken kontsonanteak, bereziki s, x, z, t eta d, mutuak izan ohi dira; eta n eta m, hitzaren amaieran ere hauteman daitezke, aurretik dagoen bokala sudurkaritzen baitute. Aldiz, c, r, f, eta l azken posizioan ere ahoskatzen dira. Adibidez, hitz hauek kontsonantez amaituta idazten diren arren, bokalez bezala ahoskatzean dira: nez, doigt, pied, aller, las, lit, beaux.
Diakritikoek esanahi fonetikoa, semantikoa eta etimologikoa dute.
Azentu kamutsa (à, è, ù): a edo u baten gainean, homofonoak beren artean bereizten ditu (à preposizioa, a aditz forma; ou juntagailua, oú izenordaina); e baten gainean, /ε/ soinua adierazten du.
Azentu zorrotza (é): e gainean /e/ soinua adierazten du. Gainera, e letraren atzetik joan ohi zen kontsonante baten (normalean s bat) galera historikoa adierazi ohi du: écouter < escouter (entzun).
Azentu zirkunflexua (â, ê, î, ô, û): e letraren gainean, /ε/ soinua adierazten du. Ondoko letra baten omisio historikoa ere adieraz dezake (normalean s bat): château < c(h)astel (gaztelu), fête < feste (jai), sûr < seur (gainean), dîner < disner (afari). Hedaduraz, homofonoen arteko desberdintasuna ere marka dezake: du (de preposizioa + le artikulua) eta dû (devoir aditzaren partizipioa).
Dieresia (ë, ï): normalean diptongoa eratzen duen bokal bat hiatoan dagoela adierazten du: naïve, Noël.
Ze hautsia (ç): c letra hutsa izanda /k/ soinuaz ahoskatuko litzatekeena /s/ ahoskatzen dela adierazten du (façade, façon, reçu).
Idazkera hutsa denez, œ lotura oe bokalen hautazko laburdura baino ez da, esanahi berezirik gabekoa, latinezko grafiarekin bat datorrena, besterik gabe (bœuf, sœur, œuvre, mœurs, œil, cœur, chœur).
1990ean, Frantsesaren Kontseilu Gorenak[28] gomendio batzuk eman zituen frantsesaren ortografia eraldatzeko. Frantses Akademiak adierazi zuen gomendio berriak ez zirela aurreko sistema baino hobeak. 2007an, Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak dokumentu bat argitaratu zuen, lehen hezkuntzako irakasleei eskatuz ortografia berrituaren arabera irakasteko hizkuntza.[29]
Frantses gramatikaren ezaugarri batzuk
Frantsesaren hitz aldagarriak dira izena, determinatzaileak, adjektiboak eta aditzak. Esaldiaren hurrenkera kanonikoa da subjektua-aditza-objektua; hau da, SVO hizkuntza bat da, euskara ez bezala,[30] eta aditzak, nukleoa egiten duenak, gainerako elementuen komunztadura markatzen du.[31] Osagarri zuzena izenordain atono batek ordezten duenean, ordea, aditzaren aurrera pasatzen da (elle mange la pomme > elle la mange). Subjektua nahitaez agertu behar da beti, eta esaldian subjektu ezagunik ez dagoenean forma espletiboren bat jarri behar da (on edo il bezala).[32] Ezezko esaldiak osatzeko, ne adberbioa erabiltzen da pas batez indartua (elle ne vien pas).
Hizkuntza erromantze gehienek bezala, bi genero gramatikal bereizten ditu (maskulinoa eta femeninoa), eta latinezko erakusleetatik eratorritako artikuluak ditu.[33] Frantsesak ez dauka deklinabiderik, baina latinaren kasu arrastoak geratzen dira izenordainen forma batzuetan (adibidez, izenordain tonikoa moi eta atonoa je).[34]
Frantsesez en eta y izenordainak erabiltzen dira, beste hizkuntza erromantze batzuetan bezala (adibidez, katalana). Funtsean, en izenordainak ordezten ditu de preposizioa aurretik duten hitzak edo harekin osatzen diren aditzak; eta y izenordainak ordezten ditu lekuzko osagarriak, à preposizioa aurretik duten hitzak eta harekin osatzen diren aditzak.[35]
Aditzaren barruan, modu indikatibokopassé composé deitutako forman, bi aditz izan daitezke aditz laguntzaile ―beste hizkuntza erromantzetan ez bezala, adibidez gaztelania edo katalana―; gehienetan avoir da laguntzaile, baina être erabili behar da aditz pronominaletan (s'appeler, se laver eta gisakoak) eta mugimenduko 13 aditz intrantsitiboetan. Ezezkoetan, ne eta pasadberbioak aditz laguntzailearen ezker-eskuin ipini behar dira (elle n'est pas venu).[36]
Hiztegia
Frantses hitz gehienak latin arruntetik eratorriak dira, edo latinezko edo grekozko sustraietatik abiatuta eraiki ziren. Kasu askotan, erro etimologiko bakar batek bi emaitza sortu ditu: «herritar» edo jatorrizko bat, latin arruntetik bilakatua, eta «ikasi» edo landuago bat, latin klasikotik hartua. Bikote hauetan, izen jatorrizko bat eta adjektibo kultu bat dago:
anaia: frère / fraternel, latinez frater / fraternalis
hatz: doigt / digital, latinez digitus / digitalis
fede: foi / fidèle, latinez fides / fidelis
begi: oculus / oculaire, latinez oculus / ocularis
Izen eta adjektibo bikoteak ere badaude:
gauza: chose / cause, latinez causa
hotz: froid / frigide, latinez frigidum
Zaila izan daiteke hitz frantsesen jatorri latinoa identifikatzea, zeren eta, latin arruntaren bilakaeran, silaba atono asko murriztu baitziren, eta gainerako bokalak edo kontsonanteak nabarmen aldatu.
Berrikiago, Frantziako eta Quebeceko akademien hizkuntza politika izan da frantsesezko baliokideak ematea maileguzko hitzen ordez (batez ere ingelesetik hartutako maileguen ordez), lehendik baziren hitzen esanahia zabalduz edo hitz berriak sortuz, frantsesaren arau morfologikoak jarraituta.[37] Emaitza, sarritan, izan da fenomeno bera deskribatzeko bi hitz (edo gehiago) egotea, frantses neologismoaren arrakastaren arabera:
mercatique / marketing
financefantôme / shadowbanking
bloc-notes / blog
ailière / wingsuit
tiers-lieu / coworking
Kasu batzuetan, baina, neologismo berria guztiz finkatzea lortu dute (adibide deigarriena, logiciel, ez software; matériel, ez hardware).[38]
Begi neurriz esan daiteke hiztegi txiki batean egon ohi diren 35.000 bat frantses hitz arrunten % 12 beste hizkuntzetatik hartuak direla (grezieratik eta latinetik hartutako hitzak ez dira, noski, aintzat hartzen). Taula honetan agertzen dira frantsesaren oinarrizko hiztegiak dituen maileguen jatorria:[39]
Frantses zenbaketa sistema hein batean hogeitarra da: hogei (vingt) oinarri zenbaki gisa erabiltzen da 60tik 99ra bitarteko zenbakien izenetan. Erreferentzia gisa, euskaraz zenbaki sistema hogeitar zorrotz erabiltzen da.
Hamarrekoak markatzen dituzten izenak bereziak dira 60 arte (dix, vingt, trente, quarante, cinquante eta soixante). Hortik aurrera, sistema hogeitarrera pasatzen da: 75 zenbakia soixante-quinze esaten da, hau da, «hirurogei-hamabost» edo hirurogeita hamabost; 80 zenbakia quatre-vingts esaten da, euskararen gisara, hau da, «lau-hogei» edo laurogei, eta 98, adibidez, quatre-vingts-dix-huit, «lau-hogei-hamazortzi» edo laurogeita hamazortzi. Zenbaketa sistema hori Frantziako Iraultzaren ondoren ezarri zen, zenbaketa sistemak desberdinak bateratzeko, nagusiki hogeitarrak baitziren, hizkuntza zeltikoen (bretainieraren bidez) eta bikingoen eraginez.
Antzinako frantsesean (Erdi Aroan), 30-99 bitarteko zenbaki guztiak 10eko oinarriaren edo 20ko oinarriaren arabera esan zitezkeen: 32 esateko, vint et doze (euskaraz bezala, «hogei eta hamabi»); 50 esateko, dous vinz et diz («bi hogei eta hamar»), 80 esateko uitante edo 90 nonante.[40][41] Sistema estandar hori alda daiteke, dena dela, frantses modernoaren aldaera batzuetan, bereziki Suitzan eta Belgikan.[42]
De rien (informala) edo (il n'y a) pas de quoi; ce n'est rien (informala) («hori ez da ezer»); je vous en prie (formala), je t'en prie (informala) edo bienvenue (Quebec)
Frantsesaren eskualde aldaera edo dialektoak bi modutan uler daiteke:
Alde batetik, kontuan hartuz frantsesa oïl hizkuntzen sinonimoa dela; ondorioz, oïl eremuko aldera erromaniko guztiak frantsesaren aldaerak direla uler daiteke.
«Eskualdeko frantsesa» deritzona kontuan hartuz, hau da, frantses estandarretik hurbil jarraitzen duten eskualdeko aldaera guztien batasuna. Zentzu hori erabiltzen dugu hemen.
Zenbait neologismo eskualdeko frantsesaren hiztegitik ere har daitezke. «Eskualdeko frantsesa» frankofoniaren zati batzuetan erabiltzen diren hitzak edo esamoldeak dira, baina ez frantsesaren hiztegi arauemailean, edo ez frankofonia osoan. Ez da lagunarteko hizkuntza, baizik eta modu desberdinean eboluzionatu duen frantsesa.
Frantziako iparraldeko zati batzuetan, eta Parisko frantsesean (gaur egungo estandartzat hartzen dena), adibidez, goizeko janariari petit déjeuner esaten zaio, eguerdiko janariari déjeuner, eta gauekoari dîner;souper, berriz, izan daiteke gau-gauez egindako otordu txikia. Aldiz, Frantziako hegoaldean, Quebecen, Kanadako gainerako lekuetan, Belgikan eta Suitzan, antzinako otorduen izenak erabiltzen dira: déjeuner, dîner eta souper okzitanieraren eta katalanaren antzera.[43] Quebecen, Kanadako gainerako frantses lekuetan, Suitzan, Belgikan eta Frantziako zenbait eskualdetan, «tantôt» esaten estandarrean «tout à l'heure» esaten dena adierazteko.[44]Quebecen, magasiner esaten dute erosketak egitea, ingelesezko shopping saihesteko, baina Frantzian, ordea, barbarismotzat hartua da.[45]Senegalen eta Afrika frankofonoan, essencerie erabiltzen dute «gasolina zerbitzugune» esateko, station-service ingelesaren kalkoa saihestearren, nahiz Frantzian barbarismotzat hartzen den.[46] Quebecen eta Kanadako beste leku frankofono askotan, avoir une blonde esten dute «neska lagun bat izatea», eta avoir un chum «senargaia izatea».[47]
Frantzian
Parisko frantsesa
Parisko frantsesak ia ordeztu ditu Île-de-Francekooïl eremuko tokiko aldaera guztiak, ez bakarrik paristarrentzat ulergaitz diren patois dialektoak, baizik Parisen inguruko frantses estandarraren aldaera guztiak. Normandiako frantses gazte baten eta paristar gazte baten arteko aldeak, adibidez, oso txikiak dira kasu gehienetan, Frantzian eta, bereziki, Parisen historikoki izan den aniztasunari erreparatuz gero.[48][49]
Parisko frantsesa denbora luzez izan da frantsesaren araua munduko frankofono guztientzat, eta frantsesean eragina izaten jarraitzen du, bere osotasunean ulertuta. Hori dela eta, sarritan Parisko frantsesa hartzen da erreferentzia gisa, beste frantses aldaera batzuekin konparatu ahal izateko.
Hala ere, Parisko frantsesak baditu frantsesaren arau tradizionalaren aurkako bilakaera batzuk, Frantzia osoan onartu eta hiztegietara iritsi direnak. Halakoak ez dira aise irensten frantsesez hitz egiten den beste laku batzuetan, bereziki Quebecen, non Parisko frantsesaren eragina apalagoa baita.[50]
Quebecen, bereziki, frantses hizkuntza ez da gehienbat metropoliaren ekarpenetatik elikatu, eta ez da haren eraginpean egon ingelesek 1759an konkistatu eta XX. mendera arte. Hango frantsesak XVIII. mendeko itsastarren hiztegitik hartutako lexikoaren eraginak gorde ditu ―adibidez barrer la porte esamoldea fermer (itxi) hitzaren ordez―, baita iparramerikar frantsesaren forma arkaikoak ere: breuvage (Frantzian, edabe) esaten dute boisson (edari) termino estandarraren ordez; hori da, breuvage hitzak antzinako esanahi neutroa gorde du.[54]
XX. mendearen bigarren erditik aurrera, benetako ingeniaritza linguistikoak parte handi bat hartzen du Quebeceko frantsesaren bilakaeran, bestek beste quebectar neologismoak sortzea eta hedatzea anglizismoak ordezteko. Horrela, posta elektronikoko mezuari courriel esaten diote e-mail ordez; clavardage ―clavier (teklatu) eta bavardage (berriketa) konbinatuta― esaten dute chat ordez, eta zabor postari, berriz, pourriel esaten diote, spam ordez.
Office québécois de la langue française (OQLF, Frantses hizkuntzaren quebectar bulegoa) erakundeak bere eginkizunen artean ditu Frantses Akademiarenak, Quebeceko frantsesari dagokionez, hau da, eginkizuna aldi berean arautzaileak eta aholkularitzazkoak.[55] Frantsesez hitz egiten den herrialdeetan, OQLFren eta Quebeceko frantsesaren eragina handia da, lexikoaren arloan (anglizismoen trataera, neologismoak eta abar), baita Quebecetik kanpo ere; esate baterako, Frantses Akademiak quebectar ekarpen lexiko asko «inportatu» izan ditu, nazioarteko frantsesa aberastuz eta termino horiek mundu frankofonoan zabaltzeko aukera emanez. Adibidez, hasieran quebectar «markatutzat» hartua bazen ere, courriel (posta elektronikoko mezua) terminoa hitz estandartzat hartzen da frankofonia guztian («nazioarteko frantsesa» esaten dena), eta ez da nahitaez bereizitzat hartzen.[56]
OQLFk terminologiaren gaietan duen helburua ez da nazioarteko frantsesaren arauetatik aldentzea, baizik eta Ipar Amerikako aldaera arautzea, frantsesaren arau elkartuen arabera. Alde horretatik, bulego honetako hiztegiak Quebeceko frantsesaren nazioarteko ekarpena aberasten laguntzen du. Bulegoak terminologia hiztegi eta terminologia tresna ugari eskaintzen ditu Interneten.[57]
Frantses Hizkuntzaren Kartak edo «101 Legeak» (1977) Quebeceko probintzian frantsesa formalizatu eta babesteko aukera eman zuen. Gainera, Quebeceko gobernuaren lehentasunetako bat da herritar iritsi berriek frantsesa ikastea.[58]
Frantsesa munduan
Frantsesa herrialde askotako hizkuntza ofiziala da, eta beste herrialde askotan erabiltzen da. Frantsesez egiten duten herrialdeetako batzuk «frankofoniaren» barruan biltzen dira. Testuinguru linguistikotik haratago, Frankofoniaren Kontseilu Gorena plataforma bat da munduko herrialdeen heren baten trukeetarako. Joera horrek berretsi egiten du munduan frantsesaren lekua birdefinitu egin dela. Frantziako Kanpo Gaietako Ministerioak 2022an egindako kalkulu baten arabera, 361 milioi frantses hiztun dago munduan, horietatik %61,8 Afrikan; 131 milioi pertsona ari da frantsesez ikasten; eta frantsesa da laugarren hizkuntza erabiliena Interneten.[59]
Taula honetan laburtzen dira munduan frantses hiztun gehien dituzten herrialdeak:
Latinaren ondorengo izanik, frantsesak nazioarteko hizkuntza gisa ordezkatu zuen hura XVII. mendean, baina Bigarren Mundu Gerraren ostean, ingelesari lekua utzi behar izan zion.[61] 1685ean, Pierre Bayle filosofo eta lexikografoak idatzi zuen frantsesa zela «Europako herri guztien komunikazio era».[62] Hegemonia horren arrazoi nagusia zen estatu frantsesak garai hartan zuen boterea. 1714komartxoaren 6an, Espainiako Ondorengotza Gerraren amaiera markatu zuen Rastatteko Ituna frantsesez soilik idatzi zen.[63]
Esan daiteke frantsesa nazioarteko hizkuntza nagusia izan zela 1919 arte. Izan ere, urte hartan Georges ClemenceauFrantziako lehen ministroak onartu behar izan zuen Versaillesko Ituna, Lehen Mundu Gerrari amaiera eman ziona, frantsesez eta ingelesez idatzia izatea.[64] Orduz geroztik, ingelesak eremua irabazi besterik ez du egin nazioarteko harremanetan, frantsesaren kaltez.
XXI. mendearen hasieran, frantsesak oraindik ere bere aldeko lehentasun asko gordetzen zituen.. Nazioarteko erakundeek hizkuntza ofizial bat baino gehiago onar badezakete, gatazkarik izanez gero erreferentzia hizkuntza frantsesa da nagusiki.[65]
Horren adibide izan zen ingelesa ezarri nahi izan zutenean frantsesaren ordez, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen hizkuntza gisa. Karta Olinpikoaren 23. artikuluak honela dio: «NOBen hizkuntza ofizialak frantsesa eta ingelesa dira. (..) Karta Olinpikoan eta NOBen beste edozein dokumentutan frantsesezko eta ingelesezko testuak bat ez badatoz, frantsesezkoa nagusituko da, non eta berariaz besterik idatzirik ez dagoen».[66]
Nazioarteko erakunde batzuetan, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da; hori da kasua, esate baterako, Posta Batasun Unibertsalean.[67] Hala ere, ingelesa lehenetsia da frantsesaren aldean zientzia argitalpenetan edo NBEren tribunatik egindako diskurtsoetan, adibidez. Europar Batasunean, ingelesaren gailentasuna gero eta nabariagoa da.[68]
Frantsesak bere posizio instituzionalari eusten dion arren, eguneroko bizitzan lan hizkuntza gisa duen erabilera higatzen doa, baita Frantzia barnean ere.[69]
Praktikan, frantsesa lan hizkuntza gisa erabiltzea ordenagailu tresnen erabileran islatu beharko litzateke, hala nola web semantikoan.
Atzerriko hizkuntza
Afrikan azkarren hazten den hizkuntza da frantsesa, erakundeen edo unibertsitateen hizkuntza ofizial edo atzerriko hizkuntza gisa.[71]
Frantsesa mundu osoko unibertsitate askotan irakasten da, eta eragin berezia du mundu diplomatikoan, kazetaritzan, esparru judizialean eta akademikoan. Frantsesa Europar Batasuneko eskoletan gehien irakasten den atzerriko bigarren hizkuntza da. Errumania eta Bulgaria 2007ko urtarriletik Europar Batasunean sartu zirenez geroztik, frantsesak aurrera egin zuen Europar Batasunean gehien irakatsitako atzerriko hizkuntza gisa, ingelesaren ondoren. Oro har, frantsesak munduan gehien irakatsitako hizkuntzetako bat izaten jarraitzen du.[72]
GaztelaniakLatinoamerikan duen hedadura eta sustraitze handiaren ondorioz, kontinente horretan bakarrik ez da frantsesa atzerriko lehen hizkuntza. Ingelesez mintzo diren beste herrialde batzuetan (Irlanda, Kanada, eta abar), frantsesak eutsi egiten dio irakasten den atzerriko lehen hizkuntza izateari, luzaz beste hizkuntzen aurretik.[73]
Hizkuntza bateko hiztunen kopuru osoa zehaztasunez neurtzea zaila den arren, munduan gehien hitz egiten diren 10 hizkuntzetako bat frantsesa dela kalkulatzen da. Zehazki, Ethnologue ikerkuntza eta datu biltegiak 2023an emandako datuen arabera, frantsesa munduko 5. hizkuntza mintzatuena da.[74]
NBEren proiekzioek zenbait agertoki garatu dituzte frankofoniaren etorkizunari buruzko hipotesiak ebaluatzeko, 2050. urteari begira. Frantsesaren etorkizuna, neurri handi batean, Afrikako irakaskuntzaren garapenaren mende egon daiteke; hiztunen kopurua nabarmen alda dezakeenez.[75] Agertoki ezkorrenaren arabera, egungo kopuruan eta aldaketa demografikoetan oinarritua, frantsesak 276 milioi pertsona izango ditu mundu osoan 2050ean. Agertoki baikorrenean, aldiz, zifrak erabat desberdinak izango lirateke. Mundu guztiarentzako irakaskuntzarekin eta Afrikako biztanleriaren hazkundearekin, frantses hiztunen kopurua 680 milioitik gorakoa izatera iritsi daiteke. Jakina, hori ez da gertatuko iparraldeko herrialde frankofonoen laguntzarik gabe.[75]
Hori hala baldin balitz, frankofonoek munduan duten pisu demografikoak beste dimentsio bat hartuko luke: munduko biztanleen %8 frantsesez mintzatuko da 2050ean, 2020ko %2,9ren aldean. Hegoaldeko herrialdeen eskolatze orokortua gertatzen bada, afrikarrak frantses hiztun guztien %80 baino gehiago izango dira, eta europarrak, berriz, %11 baino gutxiago.[75]
Antzinako frantseseko lehen idatzia Estrasburgoko Zinaren erromantzezko bertsioa da (842). XII. mendean historia kronikak idatzi ziren batez ere; egitandien kantak, horietako zaharrena Chanson de Roland (1100), Ingalaterrako eskuizkribu batetik kopiatua. XIII. mendean frantses literatura lan garrantzitsuenak, normandiarren konkistaren ondorioz, Ingalaterran egin ziren, baina XIV. menderako Frantzian idatzi ziren berriro.
Ahozko literatura bidezko epikak Erdi Aro osoan aurrera egin zuen (Roman de la rose). Antzerki zaharrenak liturgikoak izan ziren, eta lan horiez gainera, fabulak ere ugari idatzi ziren mende berean. XVI. mendea aberatsenetakoa izan zen literatura emaitzetan: Errenazimentu garaikoak dira François Rabelais, Pierre de Ronsard eta Michel de Montaigne. Antzerkian eta poesian Italiatik etorri ziren aldaketak eta berrikuntzak, eta prosan teologia, politika eta zientzia gaiak erabili ziren. François de Malherbe XVII. mendeko poeta eta teoriagile garrantzizkoa izan zen, eta hizkuntzaren dotoretasunaz arduratu zen. René Descartes eta Blaise Pascal hitz lauzko saioengatik eta filosofia lanengatik dira ezagunak. Antzerkian, Pierre Corneille eta Jean Racine Frantziako tragedia klasikoaren idazle nagusiak dira, eta Molièrek arrakasta handiko komediak idatzi zituen.