Johannes Chrysostomus Wolfgangus Theophilus Mozart (Salzburgo (Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1756ko urtarrilaren 27a - Viena (Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1791ko abenduaren 5a) Wolfgang Amadeus Mozart izenez ezagunagoa, konpositore, Piano-jotzaile, orkestra-zuzendari eta irakasle alemaniarra[1] izan zen antzinako Salzburgoko artzapezpikutzan (lehen antzinako Erromatar Germaniar Inperio Santuaren zatia eta gaur egun Austriarena), Aro Klasikoko austriar konpositore handi eta emankorra izan zen. 600 obra baino gehiago konposatu zituen; haietako asko, musikagintzaren gailurtzat aitortuak hainbat arlotan: opera, musika sakratua, ganbera-musika, orkestrarakoa, sinfoniak eta abar. Konpositore klasikoen artean, ezagunenetarikoa da.
Bere garaiko musika genero guztiak hartzen ditu, eta seiehun sorkuntza baino gehiago biltzen, gehienak musika sinfonikoaren, kontzertuaren, ganberako musikaren, pianoaren, operaren eta koralaren maisulantzat aintzatetsiak eta nazioartean ospea eta hedapena lortu dutenak.
Bere haurtzarorik goiztiarrenean, Salzburgon, Mozartek izugarrizko gaitasuna erakutsi zuen teklatuko instrumentuak eta biolina menderatzeko. Bost urte besterik ez zituela, musika-lanak konposatu zituen, eta haren interpretazioak europar aristokrazia eta erregetzaren mirespenezkoak ziren. Hamazazpi urte zituela, Salzburgoko gortean kontratatu zuten musikari gisa, baina kezkak posizio hobeago baten bila bidaiatzera eraman zuen, beti ere modu oparoan konposatuz. 1781ean, gortean zuen lanpostutik bota ondoren eta Vienara egindako bisitan, hiri horretan kokatzea erabaki zuen, non bere bizitza osoan iraun zuen ospea lortu baitzuen, finantza-egoera zailak bizi arren. Azken urteetan, sinfonia asko, kontzertu eta opera ezagunenak, baita Requiema ere konposatu zituen. Bere heriotza goiztiarraren inguruabarrak espekulazio ugariren objektu izan dira, baita mito mailara jasoak ere.
Musika kritikariek, hala nola Nicholas Tillek, diote Mozartek beste musikariengandik ikasten zuela beti, eta argitik eta dotoreziatik iluntasunera eta pasiora zihoan estiloaren distira eta heldutasuna landu zituela —dena gizateriaren ikuspegi batean ongi oinarritua eta «arteak berreskuratua, barkatua eta naturarekin eta absolutuarekin adiskidetua»—[2]. Eragin handia izan zuen mendebaldeko geroko musikan; Ludwig van Beethovenek Mozarten itzalean idatzi zituen bere lehen konposizioak, eta Joseph Haydn-ek hauxe idatzi zuen hartaz: «Geroak, ezta ehun urtean ere, ez du horrelako talenturik ikusiko berriro»[3].
Wolfgang Amadeus Mozart 1756ko urtarrilaren 27an jaio zen Salzburgon, egungo Austrian, garai hartan Germaniako Erromatar Inperio Santuko artzapezpikutza independentea zena. Leopold eta Anna Maria Mozarten senar-emazteen arteko zazpi haurretatik laugarrena, Maria Anna (Nannerl) (1751ko uztailaren 31n jaioa) eta, gazteena, Wolfgang (1756ko urtarrilaren 27an jaioa) bakarrik irten ziren haurtzarotik bizirik. Jaio eta hurrengo egunean, San Ruperteko katedralean, Joannes Chrysostomus Wolfgangus Theophilus Mozart izenarekin bataiatu zuten; bere bizitzan, jatorrizko izenaren zenbait aldaketarekin sinatuko zuen, gehien errepikatzen denetako bat «Wolfgang Amadè Mozart» izanik[4][5]. Haurrak etxean hezi zituzten, Leopolden zuzendaritzapean irakurketan, idazketan, marrazketan eta aritmetikan oinarrizko trebetasunak ikasiz, historia eta geografiarekin batera[6]. Leopoldek eta bere kide musikariek etengabe entseatzen eta jolasten aritzeak lagundu zion musika-hezkuntzari.
Mozarten jaiotetxea Salzburgo hiriko Getreidegassen dago. Gaur egun, Mozarten haurtzaroko objektu eta instrumentu ugari dituen etxea da. Salzburgoko toki bisitatuenetako bat da, eta santutegi moduko bat mundu osoko musikari eta musikazaleentzat[7].
Leopold aitak konposatu eta musika klaseak ematen zituen. Wolfgang jaio zen urtean, Versuch einer gründlichen Violinschule izeneko biolina jotzeko tratatu arrakastatsua argitaratu zuen. Wolfgang jaio ondoren, dena utzi zuen (bere karguari zegozkion lanak izan ezik) soilik semearen prestakuntzan jarduteko. Zorrotza izan zen aita zein irakasle gisa, eta uneoro egon zen Wolfgangen prestakuntzaren gainean, gizon eta artista bezala gidatzeko[8].
Nannerlek eta Wolfgang Amadeusek txiki-txikitatik erakutsi zituzten musikarako gaitasunak. Nannerl, izan ere, zazpi urte zituela hasi zen bere aitarekin teklatu klaseak jasotzen, eta bere anaiak, bera baino lau urte t'erdi gazteagoa, txundituta begiratzen zion. Bere anaia hil eta urte batzuetara, Nannerlek gogoratu zuen:
Pieza txiki horien artean daude teklaturako andantea do maiorrean, Köchel Verzeichnis (KV) 1a, eta teklaturako allegroa do maiorrean, Köchel Verzeichnis (KV) 1b.
Wolfgang Amadeusek klabikordioa jotzen zuen lau urte zituela, eta zailtasun handiko obra txikiak konposatzen zituen; sei urte zituela, berriz, klabezina eta biolina jotzen zituen trebeki. Musika lehen begiratuan irakur zezakeen; oroimen miresgarria zuen, eta, esaldi musikalak inprobisatzeko, gaitasun agorrezina.
Ez, ez zen ume arrunta. Aita gizon argia, harroa eta erlijiosoa zen. Uste zuen semearen musika dohaiak jainkozko miraria zirela, eta berak, aita zenez, landu egin behar zituela[9]. Haurrak sei urte bete behar zituenean, Leopoldek erabaki zuen bere seme-alaben musika-dohainak erakustea Europako gorte nagusien aurrean. Wolfgangen lehen biografoen arabera, aitak «semearen talentu miragarria munduarekin partekatu nahi zuen...». Leopoldek uste zuen munduari mirari hori aldarrikatzea bere herrialdearekiko, bere printzearenganako eta bere Jainkoarenganako zorra zela; beraz, Europako goi-gizarteari erakutsi behar zion, beste modu batean bera haurrik eskergaitzena izango baitzen[10].
Maynard Solomon biografoaren esanetan, Leopold bere seme-alabenganako irakasle leiala zela, baina, ebidentziek erakusten dutenez, Wolfgang gogor egiten zuen lan irakasten ziotena baino harantzago joateko[11]. Bere lehen konposizio inprimatua eta biolinarekin egin zituen ahalegin goiztiarrak bere kabuz egin zituen, eta Leopold, aita, biziki harritu zen. Aita-semeek oso harreman estua zuten, eta haurtzaroko lorpen horiek, behin baino gehiagotan, alaitasun negarrak atera zizkioten Leopoldi[4].
Azkenean, Leopoldek konposatzeari utzi zion, semearen aparteko talentu musikala agerian geratu zenean[12]. Bera izan zen Wolfgangen irakasle bakarra lehen urteetan, eta musika irakatsi zion, baita gainerako ikasgai akademikoak ere[11].
Mozart osatzen ari zen urteetan, bere familiak Europan zehar hainbat bidaia egin zituen, non bera eta bere arreba Nannerl haur prodijiotzat erakusten zituzten. 1762an, Leopold aitak, Munichera eraman zituen haurrak, Maximiliano Bavariako hauteslearen aurrean jo zezaten[14]. Urte berean, Leopoldek familia osoa eraman zuen Vienara, hiru hilabete iraun zuen bidaia batean[15]. Hainbat nobleren gonbitak jaso zituen, eta, iritsi eta hiru egunen buruan, haurrak Collalto kondearen jauregian jotzen aritu ziren. Bildutakoen artean, Karl von Zinzendorf lehen ministroa zegoen, eta, bere egunkarian adierazi zuenez, «haur batek bost urte eta erdi besterik ez zituela (Wolfgang-ek ia zazpi zituen), ederto jo zuen»[15]. Kantziler-orde Inperialaren aurrean agertu ondoren, mozartarrak gortera gonbidatu zituzten. Maria Theresa enperatrizak Wolfgangen abileziak probatu zituen, teklatu estaliarekin jolasteko eskatuz[15]. Gortera egindako bisita horretan, Wolfgang Maria Antonia artxidukesarekin, Frantziako Marie Antoinette erregina izango zenarekin, bildu zen zeina bere adinekoa zen[16].
Mozarten familiak, 1763tik 1766ra, Mendebaldeko Europan zehar bidaiatu zuen. Leopold Mozart eta Anna Maria senar-emazteak bidaia erabili zuten Maria Anna (Nannerl) alaba eta Wolfgang semea nolako musikarako talentua zuten erakusteko. Biraren hasieran, neskak hamaika urte zituen, eta mutikoak, zazpi.
Bidaia edo biran, haurren Wunderkinden izaera baieztatu zen, haien emanaldi goiztiarrek harritu eta poztu baitzituzten ikusleak.
Bidaiaren lehen etapan, familia, Munich eta Frankfurt zeharkatuz, Bruselara eta, gero, Parisa joan zen bost hilabetez. Londresera joan zen gero, eta, han, urtebetez baino gehiagoz, Wolfgangek orduko musikari nagusienetako batzuk ezagutu zituen; musika asko entzun zuen, eta lehen sinfoniak konposatu zituen. Ondoren, familia Herbehereetara joan zen, eta emanaldien ordutegia eten egin zen bi haurren gaixotasunengatik, nahiz eta Wolfgangek oparo konposatzen jarraitu zuen. Etxera itzultzeko bidean, bigarren geldialdi bat egin zuten Parisen, eta bidaia bat Suitzan zehar familia Salzburgora itzuli aurretik 1766ko azaroan.
Jaioterrian, Haydn irakasle zuela, musika ikasketak osatu ondoren, 1773. urtean, Vienara itzuli zen. Harizko tresnetarako kuartetoak eta sinfoniak idatzi zituen bertan; Haydnen musikaren eragina sumatzen zaie lan haiei.
1770eko apirilaren 11n iritsi ziren Erromara, eta Gregorio Allegriren Miserere obra entzun zuen behin Kapera Sistinoan egindako antzezpen batean. Lan hori sekretua zen, leku horretan bakarrik interpreta baitzitekeen, eta partitura argitaratzea debekatua zegoen Eskumiku zigorraren pean. Hala ere, ostatu hartua zuen ostatura iritsi orduko, konpositore gazteak partitura osoaren bertsio aski hurbila idatzi zuen buruz. Clemente XIV.a aita santuak, 14 urteko musikariaren talentuaz miretsirik, ez zuen eskumikatu, Urrezko Ezproiaren Ordenako Zaldun izendatu baizik.
1781eko urtarrilean, Mozarten Idomeneo, re di Creta (KV 366) opera arrakasta handiz estreinatu zen Munichen[17], eta, martxoan, konpositorea Vienara deitu zuten, non bere ugazaba, Colloredo artzapezpikua, Jose II.a Habsburgokoa enperadore[Oh 1] gisa austriar tronuan sartzearen ospakizunetara joan baitzen. Mozart, Munichen jasotako laudorioek indarberriturik, minduta sentitu zen Colloredok zerbitzari soil gisa tratatu zuenean eta bereziki artzapezpikuak debekatu zionean enperadorearen aurrean jotzea Maria Wilhelmine Thun kondesaren etxean, non Salzburgon kobratzen zuen urteko soldataren erdia adinako lansaria jasoko baitzukeen.
Liskarra maiatzean iritsi zen, Colloredok Salzburgora bidalitako pakete bat eramateari Mozartek uko egin zionean. Mezulari bihurtu nahi ez zuela eta, ugazabak Mozart iraindu zuen, eta konpositoreak, ausarki, haren haserrearen erdian eten zuen: «Berorri ez al dago nirekin ados?». Colloredoren erantzuna izan zen irain gehiago, eta «oha!» batekin bukatu zen. Mozart bere postutik dimititzen saiatu zen dimisioa artzapezpikuaren laguntzaileari, Arco kondeari, aurkeztuz, baina artzapezpikuak atzera bota zuen. Hurrengo hilabetean baimena eman zioten, baina modu iraingarrian. Egun batzuk geroago, Mozart Colloredori azken memorial bat ematen saiatzen ari zela, Arco kondeak artzapezpikuaren aurre-gelan itxi zion bidea, eta beste eszena bortitz bat gertatu zen, eta konpositorea literalki «ipurdian ostikada bat emanez» kanporatu zuten[18].
Artzapezpikuarekin izandako eztabaida oso gogorra izan zen Mozartentzat aita bere aurka azaldu zelako, izan ere, kartsuki espero baitzuen Colloredori men eginez jarraituko zuela Salzburgora itzultzen zenean. Leopoldek gutunak trukatu zituen erratutako bere semearekin nagusiarekin adiskidetzeko eskatuz, baina Wolfgangek sutsuki defendatu zuen Vienan karrera independente bati ekiteko asmoa. Eztabaida Mozartek bere postuari uko egin zionean amaitu zen, patroi zapaltzaile baten eta aita arduratsuegi baten eskarietatik askatuz. Solomonen hitzetan, Mozarten dimisioa «urrats iraultzailea» izan zen, eta bere bizitzaren norabidea erabat aldatu zuen[19]. Vienan, Mozart aukera on batzuez ohartu zen, eta interprete eta konpositore independente gisa bertan kokatzea erabaki zuen[18].
Mozarten ibilbide berriak Vienan, hasiera ona izan zuen. Askotan, interpretazioak egiten zituen piano-jotzaile gisa. 1781eko abenduaren 24an, Enperadorearen aurrean, Muzio Clementirekin norgehiagoka batean nabarmendu zen, eta, laster, Vienako teklatu-interpreterik onena bihurtu zen[18]. Konpositore gisa ere aurrera egin zuen, eta, 1782an, Die Entführung aus dem Serail (Bahiketa serrailoan), KV 384 opera osatu zuen; urte horretako uztailaren 16an estreinatu zuten, eta sekulako txaloak jaso zituen. Gainera, singspiel edo opera alemaniarra izenez ezagutzen den opera-generoari hasiera eman zion italiera zenean operarako hizkuntzarik ohikoena. Obra laster interpretatu zen germaniar hizkuntza zuen Europan[18], eta Mozarten konpositore ospea erabat sendotu zen. Anekdota gisa, Jose II.a enperadoreak operaren estreinaldiaren amaieran esan zuen: «Musika zoragarria gure belarrientzat, benetan uste dut nota gehiegi dituela», eta musikagileak erantzun zion: «Zehazki, zenbat dira beharrezkoak?».
Nahiz eta Mozartek oraindik ez zuen bere behin betiko heldutasun eta sakontasuna lortzen, obra horretan, agian lehen aldiz, adierazten da Salzburgoko konpositorearen ondorengo operetan nabari den dimentsio dramatikoa. Opera horrek, bizirik zegoela, ezagutuko zuen antzerki-arrakastarik handiena eman zion Mozarti.
Colloredo artzapezpikuarekin liskarrak gorenean zeuden garaian, Weber familiarekin joan zen bizitzera Mozart, Vienara joanak baitziren Mannheimetik. Aita, Fridolin, hila zen, eta familiako gainerakoek apopiloak hartzen zituzten bizibide gisa[20]. Aloysa Weberrekin porrot sentimentala izan ondoren, orain Joseph Lange aktorearekin ezkonduta zegoena, Constanzerekin, ahizpa gaztearekin, aurkitu zuen kontsolamendua. Baina bazekien bere aita Leopoldek ez zuela familia hori estimatzen, izan ere, ez arrazoirik gabe, horiek (batez ere amak) bere semearen arrakastaz baliatu nahi zutela uste baitzuen. Hala ere, bada nahikoa aurrekari adierazten dutenak Constanzek benetan maite zuela Mozart, eta inoiz ez zituen bere amaren azpijokoak partekatu. Aitaren baimena ezinbestekoa zenez Mozartentzat, Salzburgora joan nahi izan zuen emaztegaia formalki aurkezteko, baina zenbait gertakizunek atzeratu egin zuten aitari aurre egiteko bidaia beldurgarria.
Azkenean, 1782ko abuztuaren 4an, aitaren baimenik gabe, Wolfgang Amadeus eta Constanze Vienan ezkondu ziren. Batasuna ospatzeko eta aita lasaitzeko, Mozartek amaitu gabeko Meza handia do minorrean (KV 427) konposatu zuen. Salzburgon estreinatzeko asmoa zuen Constanze lehen soprano bakarlari zelarik, baina 1783ko abuztuan baino ezin ahal izan zuen egin, eta ez zuen bere helburua lortu. Familiari erakutsi nahi zion bazekiela aukeratzen, baina Leopoldek eta Nannerlek ez zuten sekula Constanze onartuko. Ezkontza-kontratuan, Constanzek «bere senargaiari bostehun florin ematen dizkio (...), eta, gero, mila florinekin handitzea agindu du», guztizkoarekin «biziraun ahal izateko». Gainera, ezkontzak iraun bitartean elkarrekin egindako eskuratze guztiak bien jabetzakoak izango ziren[21]. Sei seme-alaba izan zituzten: Raimund Leopold (1783ko ekainaren 17a - urte bereko abuztuaren 19a), Karl Thomas Mozart (1784-1858ko urriaren 31), Johann Thomas Leopold (1786(e)ko urriaren 18(e)tik urte horretako azaroaren 15(e)ra), Theresia Constanzia Adelheid Friedericke Maria Anna (1788ko abenduaren 27a – 1788ko ekainaren 29a), Anna Maria (1789ko abenduaren 25a, jaio eta gutxira hila) y Franz Xaver Wolfgang Mozart (1791ko uztailaren 26a - 1844ko uztailaren 29a), horietatik bik bakarrik iraun zuten bizirik, Karl Thomas y Franz Xaver Wolfgang.
1784ko abenduaren 14an, Mozart framazoi bihurtu zen, eta Zur Wohltätigkeit logiak onartu zuen. Framazoneriak paper garrantzitsua izan zuen konpositorearen bizitza osoan zehar, bilkura askotara joan baitzen; bere lagun asko masoiak ziren, eta musika masoia konposatu zuen behin baino gehiagotan.
Mozartek gizarte-erreformak nahi zituen aurrerapenaren zentzuan, baina ez Pierre-Augustin de Beaumarchais-ek Le nozze di Figaro (Figaroren ezteiak) lanaren jatorrizko piezan defendatzen zituen gizarte-aldarrikapenak babesteraino. Mozartek masoien idealen espiritua jakobinoenaren guztiz kontrakoa zuen. «Etxeko» edo «lekaioa» izatea ez zitzaion desohoragarria iruditzen[22].
Garai hartan, Salzburgoko Colloredo artzapezpikuarekin zituen harreman txarren ondorioz, Mozart eta bere ama Parisera joan ziren. Ama hil zitzaionean, Salzburgora itzuli zen, eta gorteko eta katedraleko organista postua hartu zuen.
Aldi hartan idatzi zituen Mozartek lehen lan nagusiak. 1781. urtean, Vienan jarri zen bizitzen, eta, opera zuzendaria zen Antonio Salierirekin, lehen gatazkak izan zituen. Constanze Weberrekin ezkondu zen, eta Josef II.a enperadorearen gorteko musikagile postua eman zioten.
Piano jotzaile eta inprobisatzaile gisa gogotik lan egin bazuen ere, Mozarten diru egoera ez zen inoiz oso ona izan, eta okertu egin zen 1785-1791 urteetan. Nolanahi dela ere, bizitzako azken hamar urteetan idatzi zituen lanik bikainenetako batzuk. Opera handiak idazteaz gainera, Mozartek sinfonia ere landu zuen, eta genero horren adibide ederrak utzi zituen. Eliz musikan ere gailendu zen, eta aipagarria da ganbera musikaren eremuan lortu zuen malenkoniaren eta sormen indarraren arteko oreka.
1791. urteko udan, Requiem bat idazteko enkargua jaso zuenean, oso gaixo zegoen[23]. Urte hartako abenduan hil zen, pozoitua izan zen mitoa zabaldu zen, baina egia dena da bere heriotzaren jatorria ezezaguna dela; lurperatutako lekua ere ezezaguna da[24].
1780ko hamarkadaren amaiera aldera, Mozarten egoera ekonomikoak okerrera egin zuen. 1786. urtearen inguruan, sarritan, kontzertu publikoetan agertzeari utzi zion, eta, ondorioz, bere diru-sarrerak murriztu egin ziren[25]. Garai hartan, Vienako musikari guztiek zailtasun handiak izan zituzten Austria eta Turkiaren arteko gerraren ondorioz, eta aristokraziaren oparotasun-maila eta estatus ekonomikoa, berak finantzatzen baitzituen, urritu egin zen[26].
Vienako hiriak Mozartenganako interes musikala galduz joan zen, beste piano-jotzaile batzuk etorri zirelako askoz ere teknika zorrotzagoarekin, hala nola Muzio Clementiren kasuan, eskala hirudunetan eta akorde soinudunagorekin. Eskala eta akorde horiek ezin hobeak ziren Ingalaterrako eraikuntza-pianoetarako, sonoritate sendoagoa baitute (Vienako sonoritate finekoak ez bezala, piano mozartiarraren eskala eta sotiltasunetarako egokiagoak). Haren akademiak edo harpidetza bidezko kontzertuak, Vienan egon zen bitartean sarrera-iturririk onenetakoak izan zirenak (inspirazio eta piano eta orkestrarako kontzertuak konposatzeko arrazoia 11.etik aurrera, KV 413), audientzia galtzen hasi zirenez, dagoeneko ez zioten etekin ekonomikorik ekartzen.
1788. urtearen erdialdera, Mozart eta bere familia Vienako erdigunetik Alsergrund auzo periferikoko etxe merkeago batera joan ziren bizitzera[25]. Mozart, gero eta maizago, dirua maileguan eskatzen hasi zen Johann Michael Puchbergi logia masoniko bereko lagun eta anaiari; «maileguak erregutzen dituzten gutun-segida tamalgarri» batean dokumentatuak[27]. Maynard Solomon eta beste hainbat egilek iradoki dute Mozart depresioa pairatzen ari zela eta horrek susperraldi ekonomikoa mantsotzen zuela[28]. Garai honetako lan nagusiak azken hiru sinfoniak dira (39. zk. mi bemol maiorrean, KV 543; 40 zk. sol minorrean, KV 550, eta 41. zk. do maiorrean, KV 551 Jupiter), guztiak 1788koak, eta Da Ponterekin elkarlanean idatzitako hiru operetatik azkena, Così fan tutte (KV 588), 1790ean estreinatua.
Gutxi gorabehera garai hartan, Mozartek bidaia luze batzuk egin zituen diru-sarrerak handitzeko asmoz: Leipzig, Dresden eta Berlinera 1789ko udaberrian eta Frankfurt, Mannheim eta Alemaniako beste hiri batzuetara 1790ean. Bidaia horiek arrakasta isolatuak baino ez zituzten eragin, eta ez zituzten familiaren sufrimendu ekonomikoak arindu.
1789an, Johann Peter Salomon enpresari ingelesaren eskaintza jaso zuen, berak eta Haydnek Ingalaterran barrena kontzertu-bira bat egin zezaten proposatu zion. Lehen, Haydn joatea erabaki zuten, 1791-1792 denboraldian, eta Mozart hura itzulitakoan joango zen, baina ezin izan zen egin, Mozarten heriotza gertatu baitzen.
Mozarten bizitzako azken urtea, 1791, azken gaixotasuna arte, emankortasun handiko garaia izan zen, eta, zentzu batean, errekuperazio pertsonaleko aldi bat. Konposizio ugari egin zituen, bere lan miretsienetako batzuk barne: Die Zauberflöte, KV 620) (Txirula magikoa opera); piano eta orkestrarako azken kontzertua (27 zk. si bemol maiorrean, KV 595); klarineterako kontzertua la maiorrean KV 622, soka-kinteto sail handiko azkena (mi bemol maiorrean KV 614), Ave verum corpus KV 618 motetea, eta amaitu gabeko Réquiem re minorrean KV 626.
Mozarten egoera finantzarioa, 1790ean antsietate iturri ikaragarria, azkenean hobetzen hasi zen, izan ere, ebidentziak eztabaidaezinak ez badira ere[29], babesle aberatsak agertu baitziren Hungarian eta Amsterdamen Mozarti urteko sariak aginduz noizbehinkako konposizioen truke. Segur aski, inperioko ganbera-konpositore gisa egindako dantza-musika konposatua ere saldu zuen[29]. Mozartek ez zion berriro Puchbergi dirurik eskatu maileguan, eta zorrak ordaintzeari ekin zion[29].
Bere lan batzuen arrakasta publikoarekin poztasun handia izan zuen, Txirula magikoa nabarmentzen delarik (estreinaldiaren eta musikagilearen heriotzaren arteko tarte laburrean askotan antzeztua)[30] eta Kantata masoniko txikia, KV 623, 1791ko azaroaren 15ean estreinatua[31].
1791ko martxoan, Mozartek Vienan eman zuen bere azken kontzertu publikoetako bat; Piano eta orkestrarako kontzertua KV 595 jo zuen. Bere azken semea, Franz Xaver, uztailaren 26an jaio zen.
Konpositorearen osasuna gainbehera zihoan, baita bere kontzentrazioa ere. Irailaren 6an, Mozartek bere burua gaixo sentitu zuen Pragan, La clemenza di Tito (KV 621) bere operaren estreinaldian, Leopoldo II.a enperadorearen koroatzearen ospakizunetarako enkargu gisa idatzi zuena urte hartan. Publikoak hoztasunez hartu zuen antzezlana. Vienara itzultzean, Mozart Requiemean hasi zen lanean eta, Emanuel Schikaneder antzerki enpresari eta abeslariarekin batera, Txirula magikoa obraren entseguak prestatu zituen. Obra irailaren 30ean estreinatu zen arrakasta handiz, Mozart bera zuzendari zela.
Garai hartan, Mozartek Klarineterako kontzertua la maiorrean (KV 622) idatzi zuen, Anton Stadler klarinete-jotzailearentzat konposatua. Urrian, haren osasunak okerrera egin zuen; emaztearekin Praterretik gora zihoala, bat-batean banku batean eseri zen, eta, asaldaturik, norbaitek pozoitu zuela esan zion Constanzeri. Azaroaren 20an, gaixotasuna areagotu egin zen, eta ohean etzanda erori zen, hanpadura, mina eta gonbitoak pairatuz[32].
Mozartek Constanze emaztearen eta Sophie ahizpa gaztearen zainketak jaso zituen azken gaixoaldian, eta Thomas Franz Closset doktoreak artatu zuen. Frogatuta dago bere Requiemaren amaieran buru-belarri sartuta zegoela. Hala ere, Franz Xaver Süssmayr bere dizipuluari pasarteak diktatu zizkiolako ebidentziak oso urrunak dira[33][34].
1791ko abenduaren 4an, gaueko hamaikak inguruan iritsi zen Closset doktorea operatik, eta, sukarra jaisteko, ur eta ozpin konpresa hotzak jar ziezazkiotela kopetan agindu zuen (Sophiek, ordea, ez zuen nahi, uste baitzuen ez zela ona gaixoarentzat hain tenperatura-aldaketa bortitza). Horrek hainbesteko eragina izan zuen Mozartengan, non konortea galdu baitzuen, eta ez zen gehiago bere onera etorri. Sophiek dioenez, Mozarten azken hasperenak izan ziren «ahoz bere Requiemaren tinbalak imitatu nahi izan balitu bezala»[35].
Goizaldeko hamabiak eta berrogeita hamabost minutuetan, Mozart Vienan hil zen 35 urte, 10 hilabete eta 8 egun zituela, eta bere hileta Vienako Doneztebe katedralean izan zen (lehenago Constanzekin ezkondu zen lekuan.) abenduaren 6an. Hileta-erritu masonikoaren arabera beztitu zuten (mantu beltz txanoduna).
Mozarten hileta oso apala izan zen, hirugarren mailakotzat hartua, zortzi florin eta berrogeita hamasei kreutzer (gehi hiru florineko gehigarri bat hileta-autoa ordaintzeko), burgesia ertaineko kideentzat ohikoa zena. Iluntzean ehortzi zuten, zerraldoa Vienako San Marx hilerriraino zaldiz eramanez, non hilobi komunitario sinple batean hilobia jaso baitzuen (hobi komun baten antzekoa)[36]. Gau hartan, eguraldi goxo eta lasaia zegoen, eta lainoa ugari, eta ez ekaiztsua edo haizetsua oker pentsatu denez. Otto Jahn biografoak hauxe esan zuen 1856an: «hiletara Antonio Salieri, Süssmayr, Gottfried van Swieten eta beste bi musikari joan ziren»[37].
Mozarten hiletara jende gutxi joan izanak ez zuen islatu konpositore gisa zuen maila, Vienako eta Pragako hileta eta kontzertuek jende ugari erakarri baitzituzten[38]. Egia esan, hil eta hurrengo aldi hurbilean, Mozarten ospea asko handitu zen: Solomonek bere lanengatik «aurrekaririk gabeko gogo olatu» gisa deskribatu du[38]. Hainbat idazlek konpositoreari buruzko biografiak idatzi zituzten, Friedrich Schlichtegroll, Franz Xaver Niemetschek eta Georg Nikolaus von Nissenek, besteak beste; eta argitaratzaileak lehian aritu ziren beren lanen argitalpen osoak argitaratzeko[38].
Mozarten ezusteko heriotza misteriotsuak interes handia piztu du hasieratik. Heriotza ofizialaren aktan agertzen zen austriar konpositorea hitziges Frieselfieber baten ondorioz hil zela (sukar miliar akutua, artatxiki hazien antzeko azaleko erupzioa duena), medikuntza modernoan arrazoia identifikatzeko aski ez den deskribapena eta zabalegia eta zehaztugabea dena. Izan ere, ez zuten autopsiarik egin, gorpua oso deskonposatuta baitzegoen.
Konpositorearen heriotzari buruzko teoria ugari proposatu izan dira: trikinosia, gripea, merkurio bidezko pozoidura eta giltzurrunean atxekitze arraro bat barne. Garai hartan, ohikoa zen odol-ateratzeak egitea pazienteetan, eta heriotza eragin zezakeen faktoretzat ere aipatzen da. Hala ere, bertsiorik zabalduena da sukar erreumatiko akutu batek eragindako heriotza. Ezaguna da haurtzarotik hiruzpalau eraso ere izan zituela, eta, gaixotasun hori, behin eta berriro agertzen da, eta gero eta ondorio larriagoak ditu eraso bakoitzean, hala nola kontrolik gabeko infekzioa edo bihotz-balbuletako kaltea.
Mozarten musikak mugak gainditzen ditu, italiar, frantses, alemaniar eta austriar musikaren elementuak biltzen baititu. Sortu zuen musikaren nagusitasunaz, sinfonia, piano kontzertu, harizko kuarteto, sonata formen ibilbidea aldatu zituen. Mozarten musikaren azalean, alaitasuna eta distira dira nagusi, baina, barrualdean, tristura eta malenkoniaren itzal iluna nagusitzen dira; bi alderdi horien baturak etengabe liluratu ditu musikazaleak. Garaiari dagokionez, klasizismoaren aldikoa bada ere, aditu askok erromantizismoaren aitzindari garbitzat jotzen dute. 600 obra inguru idatzi zituen.
4 kantata eta aria ugari osatu zituen, Laudate Dominum (1780) nagusia; Ave verum corpus, lau ahots eta orkestrarako (1791); 18 meza, Koroatze meza (1779) eta Do minor meza (1782-83) azpimarratzekoak; bukatu gabeko Requiema (1791).
Orkestrarako 52 sinfonia egin zituen: re maior sinfonia (1774), re maior sinfonia, Praga (1786), do maior sinfonia, Jupiter (1788), famatuenak. Ariak, liedak, ganberako musika, biolin, piano eta orkestrarako kontzertuak ere idatzi zituen.
Biolin eta klabezinerako, 35 sonata osatu zituen.
Musikaren historian Mozarten lanak izan duen eragin argiaz gain, beste kultura adierazpide batzuetan ere oroitua izan da haren figura.
Salzburgo jaioterrian, Mozarteum izena du hiriko musika eskola, orkestra, fundazioa eta kontzertu aretoak jasotzen dituen erakundeak, 1841ean sortua[39]. Salzburgon, halaber, ezagunak dira Mozartkugel izeneko gozokiak, 1890an bertako gozogile batek sortuak eta, harrezkero, jaki tradizional bilakatuak[40].
Aleksandr Puxkin idazleak, 1830ean, bertsozko drama bat idatzi zuen historialariek gezurtzat jotzen duten kondaira batean oinarrituta[41]. Drama horren arabera, Antonio Salieri gorteko beste musikagile ezagunak gaztea pozoitu zuen Mozarten arrakasta ikusita eta inbidiaz jota. 1897an, Puxkinen lan hori, Nikolai Rimski-Korsakoven opera lan labur baten oinarri bihurtu zen, Mozart eta Salieri[42].
1984an, Miloš Forman zuzendariak egindako Amadeus filma da musikagileari buruzko ezagunena, eta, horretan ere, Salieri da Mozarten nemesisa, bien arteko etsaigoa istorioaren ardatza; eta, narratzailearen paperean, Salieri bera agertzen da, zahartua, iragana gogoratzen[43].