Aita 14 urte besterik ez zituela hil zen eta, erregetu bitartean, ama erreginaren eta handiki nafarrek osatutako erregeordetza-kontseilu baten menpe egon zen.[1] Lurretik goratua izan aurretik Nobleek Foruak sinarazi zioten, 1253ko azaroaren 27an. Hala ere, ez zegoen gustura eta Alexandro IV.ari esker 1257an eta 1259an, hurrenez hurren, gantzutze eta koroatze zeremoniak lortu zituen. Horrela, bere eskubide jainkotiarrak aldarrikatu zituen. Luis IX.aren alaba Elisabetekin ezkondu zen; Frantziako erregearen eraginpean erregetu zen Nafarroan. Xanpainan bizi izan zen eta bost aldiz baino ez zen joan Nafarroara, eta orduan, gobernuaren berri jakitera.[2] 1257an ParisenHôtel de Navarre eraikina hasteko agindua eman zion, Gortean bizitzeko.[3] Frantziako koroarekiko loturari esker, kanpo harremanak indartu egin ziren. Iberiar penintsulako beste monarkiekin harreman onak izan zituen, Gaztela, Aragoi eta Ingalaterrarekin batez ere. Frantziako erregearen alabak Alfontso X.a Gaztelakoari ezkon-hitza eman zionean, honek 1256ko urtarrilaren 1ean Donostia eta Hondarribitik nafar salgaiak ateratzeko eskubidea eman zion.
Bere aita Tibalt I.ak hasitako administrazio-berrantolaketari segida eman zion eta Nafarroako hirietako burgesek begi onez ikusi zuten egitura berria. Iruñeko forua Lantzi eta LizarrakoaTebasi eta Torralbari eman zizkion. 1269an Aurizberri sortu zuen. Erresumako lehendabiziko errolda egin zuen, 30.000 su baino gehiago, hau da, 150.000 biztanle inguru, zituela ondorioztatu zuena. 1266ko aurrekontua kontuan hartuta, diru-sarreren %6,75a burokrazia zibilentzat, %33,84a armadarentzat eta %59,6a erregearentzat izan zen.[4]
Aitak hasitako gatazkari ekin zion. Nabarreriaren ordez, San Nikolas burgua babestu zuen, okzitaniarrez bete zuena. 1255ean hitzarmen bat sinatu zuen Iruñeko apezpikuarekin hiriaren gobernuari buruz, baina, aita santuak ez zuen onartu hiriaren gobernua erregearen esku uztea. 1266an, berriro saiatu zen hiru burguak batzea baina ezin.
1270eko uztailean aitaginarrebarekin batera Zortzigarren Gurutzadara joan zen. Tunis setiatu eta Frantziako erregea disenteriaz jota hil zen setioan. Handik itzultzean, Tibalt berak izurriak jota hil zen Siziliako Trapani herrian, baina, Provinsko Cordeliers frantziskotar komentuan lurperatu zuten. Ez zuen ondorengorik utzi eta bere anaia Henrike I.a Gizenak hartu zuen erregetza. Elisabet emaztea Frantziako Gortera itzuli zen baina handik hilabete gutxitara hil zen.
Nafarroako erregearen eta Frantziakoaren arteko harreman pertsonal eta politiko onak zirela eta, lehenak bigarrenari gurutzaden doktrinek bultzatutako kanpaina militarrean laguntzea onartu zuen. San Luisek 1267komartxoaren 24an hartu zuen gurutzea bere nobleen aurreko batzar batean. Bigarren zeremonia 1267ko ekainaren 5ean izan zen, Parisko Notre-Damen aita santuaren legatu baten aurrean. Nafarroako Tibalt II.a erregea, gurutzea hartu zuena, bertan izan zen.
1270eko uztailaren 13an Luis IX.ak gurutzadaren lehen helburua Tunisia zela iragarri zuen eta 1270eko uztailaren 15ean Tunisiara abiatu ziren. Espedizioa Tunisiara desbideratu zen, Karlos Anjouren bultzada politikoengatik segur aski, Afrikako Erresuma sortu nahi baitzuen bere nagusitasuna handitzeko eta Aragoiko Koroaren merkataritza murrizteko Mediterraneo aldean, Tunisia aldean. Dena dela, Frantzia eta Nafarroako espedizioa uztailaren 18an iritsi zen Tunisiara.
Abuztuaren 25ean, Frantziako erregea gaixotasun baten ondorioz hil zen Tunisiako setioan. Karlos Anjou tropekin iritsi zen ingurura errege frantziarra hil ondoren, baina errege nafarrak enpresa militarrari uko egin zion eta nafar eta frantziar tropak Europako kontinentera itzultzeko bidean gidatzea erabaki zuen.
Azaroaren 1ean, Tibalt "gazteak" kontratu komertzial bat sinatu zuen Tunisiako hafsida Emirerriko sultanarekin, Abû `Abd Allah Muhammad al-Mustansirrekin. Ondoren, espedizioatik geratzen zena Siziliara eraman zituen, non azaroaren 22an iritsi ziren.
Handik aste pare batera, 1270eko abenduaren 4an, Tibalt II.a hil zen Trapanin (Siziliako itsas portu garrantzitsu bat), Iberiar penintsulara itzuli aurretik.
Tibalt 1258an ezkondu zen Frantziako Luis IX.a erregearen Elisabet alabarekin. Ez zuten haurrik izan eta, senarra bezala, Elisabet ere 1271n hil zen, Gurutzadatik itzultzean.
↑García Arancón, María Raquel. (1985). Teobaldo II de Navarra (1253–1270). Gobierno, Monarquía y R. Fin. ISBN84-235-0686-X..
↑García Arancón, María Raquel. (1986). Teobaldo II. Iruñea: Mintzoa ISBN84-85891-30-9..
↑Marquis de Rochegude. (1910). Promenade dans toutes les rues de Paris, par arrondissement. Paris: Hachette et Cie.
↑Juan Carrasco Pérez (zuz.), Fermín Miranda García eta Eloísa Ramírez Vaquero. (2000). Registros de Teobaldo II, 1259, 1266. Iruñea: Nafarroako GobernuaISBN84-235-1868-X..