Estatuaren zentralizazioan aurrera egin arren, eutsi egin zion Nafarroa-Biarnoren eta Frantziaren arteko bereizketari, eta haren agintaldian ez zen moteldu Nafarroaren gainean Gaztelako Koroarekin zegoen gatazka. Pierre de Lancre jujea bidali zuen Lapurdiko sorgin ehizara. Urtebete geroago, Espainiar Inperioaren aurkako kanpaina militar bat prestatzen ari zela, François Ravaillacek erail zuen Parisen.
Aitona gizonezko oinordeko baten irrikan zegoen. Izan ere, Antonio Borboikoaren eta Joana Labritekoaren lehenbiziko semea, hura ere Henrike deitua, 1553ko abuztuan hila zen, bi urteak bete gabe.[3] Kondairak dioenez, umea sortu orduko bere gelara eraman zuen, ezpainak baratxuriz igurtzi eta kopa bat Jurançongo ardo usaintzera eman zion. Bilobak biziki erantzuten zuela ikustean, «Hi benetako biarnesa izanen haiz!» oihu egin omen zuen.[4]
Nahiz eta katoliko bataiatua izan, amak fede kalbinistan hezi zuen. Haurtzaroaren zati handiena Coarrazeko gazteluan igaro zuen, baina 1561ean aitak Frantziako gortera eraman zuen. Han pasatu zituen sei urteetan heziketa humanista jaso zuen eta Nafarroako ikastetxeko ikasle izan zen. 1562koekainaren 1ean, aitak katolizismoari leialtasuna zin eginarazi zion. Urte bereko azaroaren 18an, Antonio Borboikoa hil zen, Rouengo setioan zauritua izan ostean.
Aitaren heriotzaren ondoren, Vendômeko eta Borboiko duke eta Odolezko lehenbiziko printze bihurtu zen. Katalina Medicik, Frantziaren eta Nafarroaren arteko bakea bermatzeko asmoz, gortean atxikitzea erabaki zuen. Ordainez gaztea Guienako amiral izendatu zuen, eta haren heziketa Joana Labritekoaren kontrolpean gelditu zen. Ondorioz, Henrikek, berriz ere, Erreforma besarkatu zuen.[1]
1572koekainaren 9an, ama hil eta gero, Nafarroako errege bihurtu zen. Urte bereko abuztuaren 18an, Margarita Valoiskoarekin ezkondu zen Notre-Dameko plazan. Ezkontza ez zen izan, ez katolikoen, ez protestanteen gustukoa. Protestanteak ez ziren Karlos IX.az fidatzen, eta Guisetarrek gidatutako katolikoen ustez naturaren kontrako elkartzea zen. Sei egun geroago, San Bartolome gaueko sarraskia gertatu zen: milaka higanot, Parisen bakarrik 2.000 eta 3.000 artean, erailak izan ziren, tartean Gaspard Colignykoa buruzagia. Bizia salbatzeko, irailaren 26ean Henrike katoliko bihurtu zen, eta ondoko lau urteetan gortean gatibu bizitzera behartu zuten. Politikoki Alençongo dukearekin elkartu zen eta 1573anArroxelako setioan parte hartu zuen. Azkenik, 1576ko otsailean ihes egitea lortu zuen, eta 1576ko ekainaren 13an kalbinismora itzuli zen.[1]
Ihes egin ondoren, Henrikek Albreteko dukerrira jo zuen. 1577an Nérac-en sartu zen eta hango gazteluan ezarri zuen bere gortea. Erlijioen arteko elkarbizitza bultzatu zuen eta inguruan kontseilari higanotak eta katolikoak izan zituen.[1]1578ko urritik 1579ko maiatzera, Katalina Medici Henrikerengana joan zen bakea lortzeko helburuarekin eta Neraceko konferentziak antolatu ziren.[7]
Margarita, Henrikeren emaztea, 1579an kokatu zen Néracen. Zenbait urte geroago Oroimenak liburuan idatzi zuenez, "Néraceko gortea hain zen eder eta atsegina ezen ez baitzuen Frantziakoaren bekaitzik".[8] Izan ere, Margot erreginak, ederra eta kultura handikoa baitzen, distira handiko gortea eratu zuen, artistak eta idazleak, Du Bartas eta Montaigne besteak beste, bertara bilduz. Shakespeare bera gorte horretako giroan inspiratu zen Love’s labour’s lost ("Galdutako amodioen penak") komedia idazteko.[9] Baina bataren eta bestearen amodio kontuek kolokan jarri zuten bikotearen harremana. Azkenik, 1582an Margarita Parisera itzuli zen
Muturreko katolikoek, ordea, ez zuten onartzen higanot bat Frantziako erregegai izan zedin. GuisetarrekLiga Katolikoa suspertu zuten, eta 1585ean Henrike III.a Frantziakoak Nemoursko ediktua sinatu behar izan zuen, Nafarroakoari ondorengotza eskubideak kentzen zizkiona.[10] Berehala Zortzigarren Erlijio gerra piztu zen. 1587kourriaren 20an, higanotek errege armada garaitu zuten Coutrasen, baina Henrike Nafarroakoak, guduan isuritako odolaz hunkiturik, ez zuen abantaila baliatu eta erretiratzea erabaki zuen.[1][11]
1588ko maiatzaren 13an, Barrikaden Egunaren biharamunean, Henrike III.a Frantziakoak ihes egin behar izan zuen Paristik, eta hiria Liga Katolikoaren esku geratu zen.[12] Urte bereko abenduaren 23an, Henrike I.a Guisakoa, katolikoen buruzagia, eraila izan zen Bloisen, Frantziako Henrike III.aren aginduz. Hilketa hau mendekatzeko, 1589koabuztuaren 1eanJacques Clément fraide fanatikoak Frantziako erregea hil zuen. Honek, azken hatsa eman baino lehen, Henrike Nafarroakoa legezko oinordekotzat onartu zuen.[2]
1599an, Klemente VIII.ak Henrikeren eta Margaritaren arteko ezkontza deuseztatu zuen (1585etik bereizirik bizi ziren). Hurrenho urtean, Henrike Maria Medicirekin ezkondu zen, eta 1561eanLuis semea, koroaren oinordekoa izango zena, jaio zen.[1]
Erregealdi osoko ministrorik aipagarriena Sullyko dukea izan zen, Henrikeren laguna eta konfiantzazko laguntzailea. Sully, besteak beste, erresumako finantzak ordenan jartzeaz arduratu zen. Izan ere, gerra zibil luzeen ondoren estatua oso zorpeturik zegoen: 1596an 200 milioi libera zor zituen, urteko diru sarrera 10 milioikoa besterik ez zenean. Beraz, hartzekodunekin negoziatu behar izan zuen, zorraren zati bat barka zezaten. Horrez gain, uko egin zion lukuruan emandako kredituak ordaintzeari, eta finantza departamentuan zegoen ustelkeriaren kontra borrokatu zen. Nekazariek ordaintzen zituzten petxak (frantsesez: taille)[13] murriztu zituen eta zeharkako zergak handitu.[2][14]
Henrikeren agintaldia erabakigarria izan zen absolutismoaren ezarpenean: erregearen boterea sendotu zuen, ez zituen Estatu Orokorrak deitu eta probintzietako parlamentuak eta herrietako administrazioak estuki kontrolatu zituen. Nekazaritza sustengatzeaz gain, industria, ehungintza batez ere, garatu nahi izan zuen. Xede horretan Barthélemy de Laffemasen laguntza izan zuen. Manufaktura fabrikak (oihal, parpaila, tapiz eta beira lantegiak) ireki ziren eta zetarraren hazkuntza sustatu zen. Salgaien garraioa errazteko errepideak hobetu eta Briareko ubidea eraiki zen [1][2]. Hirigintza ere interesatu zitzaion. Paris modernizatzeko helburuarekin Pont Neuf, LouvrekoGrande Galerie, Errege plaza eta Saint-Louis ospitalea eraiki eta 68 kale berri egiten hasi zen. Fontainebleauko jauregia edertu eta Saint-Germain-en-Layekoa eraiki zituen[2].
Henrikeren erreinalditik aurrera Frantziako erregeek Frantziako eta Nafarroako errege izendapena hartu zuten, Frantziako Iraultzanmonarkia ezeztatu zen arte. 1607an, Nafarroa Beherea eta Biarno espresuki Frantziako koroatik banandurik eta zein bere subiranotasunari atxikirik mantendu zituen.[oh 1] Bestalde, Ipar Atlantikoaz bestaldeko lurralde eta itsas eremuen gaineko bere aginpidea sendotzen saiatu zen, eta Samuel de Champlain joan zen Ternua eta San Laurendira, bere ordezkari lanetan. 1609an, Pierre de Lancre epailea Lapurdira bidali zuen bertako sorginen kontuak ikertzera[15].
Henrikeren hilketa
Erregealdiaren azkenaldian, Alemaniako printze protestanteekin elkarturik, Habsburgo etxearen eta Espainiaren aurkako gerra prestatzen hasi zen. Espainiari aurka egiteaz gain, Henrikek beste arrazoi bat ere bazuen gerra honetarako: Brusela hartzea, non bere maitale Charlotte Marguerite de Montmorency bahiturik baitzen. Gerrak, ordea, aurkari anitz zituen Frantzian.
François Ravaillac irakurle katoliko sutsua zen, eta Juan de Mariana jesuitaren De Rege et Regis Institutione ere irakurri zuen, Erromako dogmaren obedientziarik gabeko errege-erreginak erailtzea justifikatzen zuena. Ingurumari horretan, 1610komaiatzaren 14ean Ravaillacek labankadaz erail zuen erregea.[2] Hiltzailea berehala atzeman zuten, eta exekuzio publikoan hilarazi Parisen, lau zaldiren indarrez haren gorputza laurdenkatuz. Juan de Marianaren liburuak sutan erre zituzten ekitaldi ofizialetan.
Henrike III.a erregea PariskoSaint-Denis basilikan lurperatu zuten 1610ean, baina 1793anFrantziako iraultzaileek haren hilobia arpilatu egin zuten. Besoak eta burua moztu zizkioten, eta gorpuzkinak nonahi barreiatu. Frantziako Iraultzaren ostean, erregearen atalak agertu ziren, baina burua ez.[16]
1919an zaharki erosle batek Henrike III.arena omen zen burua erosi zuen enkante batean, hiru liberaren truke, baina inork ez zion sinetsi. Parisko Louvre museoak ere ez zion onartu nahi izan. Zaharki eroslea hiltzean, 1940an, desagertu egin zen berriro ere burua, 2008an erretiratu baten etxean berriro agertu zen arte. 1955etik gordea zuen, eta etxekoek ere ez zuten horren berri. 2010ean, Philippe Chartierrek gidatutako aditu talde batek buru hura Henrike III.arena zela baieztatu zuen.[16]2013an, ordea, kontrakoa ebatzi zuen beste ikerketa batek.[18]
↑Honela dio, frantsesez: "[...] que nostre domaine ancien tant en nostre royaume de Navarre, souverainetéz de Béarn et de Donezan, pais bas de Flandres, que nos duchés, comtés, viscontés, terres et seigneuries enclavées en ce roiaume feust et demeurassent désuny, distraict et séparé de celuy de nostre maison et couronne de France sans y pouvoir estre aucunement comprins ni meslés [...]"; ikus URZAINQUI, TOMAS. Navarra, sin fronteras impuestas (2011). Iruñea: Pamiela, 182-186. or.
↑Fernández, Tomás y Tamaro, Elena. Biografia de Enrique IV de Francia y Navarra. Biografías y Vidas. La enciclopedia biográfica en línea [Internet]. Barcelona, España, 2004, biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2011-11-10).
Bryson, David M. Queen Jeanne and the Promised Land: Dynasty, Homeland, Religion and Violence in Sixteenth-century France.Leiden eta Boston, MA: Brill Academic, 1999. ISBN 90-04-11378-9.
Finley-Croswhite, S. Annette. Henry IV and the Towns: The Pursuit of Legitimacy in French Urban Society, 1589–1610.Cambridge: Cambridge University Press, 1999. ISBN 0-521-62017-1.196
Love, Ronald S. Blood and Religion: The Conscience of Henri IV, 1553-1593 McGill-Queen's University Press 2001
Major, J. Russell. From Renaissance Monarchy to Absolute Monarchy: French Kings, Nobles & Estates.Baltimore: Johns Hopkins University Press, 1997. ISBN 0-8018-5631-0.
Mousnier, Roland. The Assassination of Henry IV: The Tyrannicide Problem and the Consolidation of the French Absolute Monarchy in the Early Seventeenth Century.Londres: Faber and Faber, 1973. ISBN 0-684-13357-1.