Bilboko burtsa orain dela mende asko sortu zen Zazpikaleetan hiriaren merkataritza jarduera eta egoera ekonomiko onaren ikur moduan. Dena den, ez zen erakunde ofiziala izan 1890 arte. Artean, Espainiako Maria Cristina erreginak burtsari eragiketak egiteko baimena eman zion.
Egungo burtsaren eraikina 1905ekomaiatzaren 29an inauguratu zuten, burtsa Alde Zaharretik Abandora mugitu zutenean. Enrique Epalza arkitektuak diseinatu zuen. 1991n barrutik berregituratu zen. Burtsako eragiketak parket izeneko gunean egiten ziren bertan idazten ziren enpresek izandako aldaketak.
Aurrealdearen ikuspegi orokorra.
Espainiako merkatu baloreen erreforma egin zenean 1989an, burtsako eragiketa guztiak automatizatu egin ziren, eta bertan ziharduten agenteak, hau da, salerosketetaz arduratzen ziren pertsonak, desagertu egin ziren. Gaur egun, burtsako parkean telebista pantailak eta ordenagailuak baino ez daude. Bilboko burtsak Espainian duen garrantzia gutxituz joan da urteak aurrera egin ahala. 1998an mugitutako dirutzan, Espainiako bigarren burtsarik garrantzitsuena zen, Madrilgoaren atzetik. Egun, ordea, laugarrena da, azken urteetan Valentzia eta Bartzelonakoek gainditu egin baitute Bilbokoak salerositako akzioen balioa. Jaitsiera horrn azalpena Eusko Jaurlaritzak egindako jaulkipenen gutxitzean dago. Izan ere, 1998an eta 1990eko hamarkadan zehar, Eusko Jaurlaritzak euskobonoak (errenta finkoa) jaulkitzeko ohitura zuen. EAEko egoera ekonomikoa hobetu eta zor publikoa asko murriztu den heinean, jaulkipenak ere asko murriztu dira.
Horregatik, nahiz eta errenta mugikorreko salerosketen kopurua asko handitu den, 1998an burtsak mugitutako diru kopuruaren erdia zen errenta finkoak garrantzia galtzerakoan gainditu ahal izan dute Bilboko burtsa Espainiar estatuko beste bi burtsa txikiagoek.
Bilboko Burtsako lehen indizea 1986. urtean sortu zen. Horrez gain, burtsako akzio desberdinak sektoreka biltzen zituzten indizeak sortu ziren. 2000. urtearen hasieran Bilbao Burtsa 2000 Indizea sortu zen, 2.000 puntuko hasierako balioarekin.