Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Txanpiñoia (Agaricus bisporus), barrengorri edo champignon de Paris izenaz ere ezaguna, Agaricaceae familiako onddobasidiomizeto bat da..[1]Europa eta Amerikan hedatua, gastronomia erabilpenerako asko ereina da. Sukaldaritzan onddo jangarri erabiliena da. Zuntz eta bitaminatan aberatsa. Gastronomian asko erabilia. Gisatuetan erabiltzen da, eta baita haragia, arraina eta barazkiak laguntzen ere. Gordinik entsaladan ere bai.
Deskribapena
Kapela: 5 eta 10 cm arteko diametrokoa, globo itxurakoa, erdian laua, gero ganbila eta azkenean zabaldu egiten da. Fibriloso-ezkatatsua da, marroi argi kolorekoa eta ertzetan errezel zurixkaren hondarrak ditu.
Orriak: Estuak eta estu, hasieran arrosa zikin kolorekoak eta gero marroi, beltzaxkak.
Hanka: Laburra eta sendoa, hasieran betea eta gero fistulosoa. Zuria da eta mintzezko eraztuna du, behetik biltzen duena eta kapelaren ertz inkurbatuan errezel hondarrak uzten dituena.
Haragia: Zuria, igurtzita eta aireak ukituta, pixka bat gorritu egiten da, usain atseginekoa, hur usaina eta zapore garratz samarra, baina ona. Landatzen den txanpiñoia da, perretxiko honen industriak garapen handia lortu du.[2]
Etimologia:Agaricus terminoa grekotik dator, perretxikoa esan nahi duen "agarikón" hitzetik. Bisporus epitetoa berriz latinetik dator, bi espora esan nahi duen "bisporus" hitzetik. Bere basidioak, bi esporekin bakarrik dituelako.
Psalliota hortensis espeziea batzuentzat beste espezie bat da, handixeagoa, eta beste batzuentzat landatutakoaren aldaera basatia.
Tamaina handixeagoa dute, orriak hasieran arrosa-izokin kolorekoak, oina altuagoa eta inoiz ez erraboilarekin oinarrian, eraztun bikoitza, baina bi zatiak ez dira ondo bereizten, kapelako errezel hondarrak zabalagoak dira, oinaren oinarrian eta kapelaren ondoan, bispora espeziean baino gehiago gorritzen da haragia.[4]
Sasoia eta lekua
Udan eta udazkenean, ongarritutako larreetan, hiribideetan, lorategietan, bideen ertzetan etab. taldeak osatuz.[5]
Banaketa eremua
Europa, Ipar Amerika, Errusia, Japonia, Australia, Zeelanda Berria.