Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Onddo lingirdatsua (Suillus viscidus edo Boletus viscidus) Suillaceae familiako onddoespezie bat da.[1] Jangarria, baina kaskarra. Haragi arroa du eta ez oso trinkoa.
Deskribapena
Kapela: 12 cm-ko diametroa izatera iristen da. Hasieran erdiesferikoa da, gero ganbila titi apur batekin eta ertzean errezelaren aztarnak izaten ditu. Azala bereziki likatsua du, beste Suillus generokoak baino likatsuagoa; distiratsua da, erdian gris-berdexka kolorea du eta ertzetan zurixka.
Tutuak: Dekurrenteak.
Tutu dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.
Poroak: Handiak, angelutsuak, konposatuak, zurixkak edo krema argiak, gero gris bihurtzen dira.
Hanka: Tutuen dekurrentziagatik goiko aldean erretikulatua. Likatsua da eta zuri- berdexka kolorekoa eraztunaren gainetik eta hori grisa azpitik.
Eraztuna: Mintzezkoa da, iheskorra, hasieran zurixka, gero, grisaxka da, eta, azkenik oliba antzeko kolorekoa.
Haragia: Biguna, kapelan zuria eta oinean hori-berdexka. Usain leuna du eta zapore gozoa.[2]
Etimologia:Suillus hitza, latinezko "su", "suis", txerritik dator, bere zaporeari erreferentzia eginez, edo agian kapelaren izaera likatsuari erreferentzia eginez. Viscidus epitetoa ere latinetik dator, likatsua esan nahi duen "viscidus" hitzetik. Kapela lirdingatsua duelako.
Bresadolae aldaera lirainagoa, baina txikiagoa da, kolore hori-gorrixka du, grisaxka izan beharrean, errezela horixka eta poroek lila koloreko tinduak dituzte. Suillus tridentinus delakoarekin nahas daiteke, honek kapela eta tutuak laranja kolorekoak ditu.[4]
Sasoia eta lekua
Udaberritik udazkenera, alertzeen azpian, mendietan eta lautadetan.[5]
Banaketa eremua
Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Europa, Errusia, Mongolia, Txina, Koreako penintsula, Japonia.