Frédéric Mistral (Maillane, Rodanoren Ahoak, 1830eko irailaren 8a — ibidem, 1914ko martxoaren 25a) poeta frantziarra izan zen, okzitanierazko kulturaren pizkundean ikur nagusietakoa izan zena. 1904an Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen José Echegaray idazlearekin batera. Haren omenez, Lucila Godoy Alcayaga poeta txiletarrak haren deitura ezizentzat hartu zuen, Gabriela Mistral, alegia.
Haurtzaroa nekazari giroan eman ondoren Avignonera joan zen bizitzera, eta bertan Roumanilleren ikasle izan zen. Zuzenbidea ikasi zuen Aix-en-Provencen; zuzenean parte hartu zuen okzitanierazko literaturaren berpizkundearen aldeko higikundean, eta Félibrige eskola sortu zuen 1854an. Mistralek berak itzuli zituen bere lan gehienak frantsesera. Haren literaturgintzaren oinarriak folklorea, ohiturak eta bere jaioterriko paisaia dira. Okzitanieraz idatzitako poesiaren berritzailerik garrantzizkoenetakoa izan zen.Harenak dira Mireille (1859, Mireio, Orixek euskaratua), Calendau (1867), Nerto (1884), Lou Pouèmo dou Rose (1897, Larrosaren poema) eta Lis Oulivados (1912).