1960ko hamarkadan idatzitako La ciudad y los perros (1962), La casa verde (1965), eta Conversación en La Catedral (1969) liburuekin irabazi zuen nazioarteko ezagutza. Literatura eta kazetaritza lanak egiten ditu, oso genero ezberdinak landuz. Idazlanetako asko Peruko bizimoduaren inguruan ari dira, edo bere esperientziez perutar gisa. Hala ere, munduko beste leku batzuetara ere hedatzen ditu gaiak azken aldi honetan
Biografia
Mario Vargas Llosa 1936komartxoaren 28an, Peru hegoaldeko Arequipa hirian jaio zen. Ordurako gurasoak bereizirik zeuden eta hamar urte izan arte ez zuen aita ezagutu. Lehenbiziko ikasketak Cochabambako (Bolivia) La Salle ikastetxean egin zituen. 1945ean familia Perura itzuli zen, eta Mariok Piura zein Liman ikasi zuen. Aitarekin berriz bildu zelarik, haren heziketaren norabidea aldatu, eta bi urtean Limako Leoncio Prado eskola militarrean jardun zuen; hala ere, bigarren hezkuntza Piurako San Miguel ikastetxean amaitu zuen[1].
1953an Limara itzuli eta Universidad Nacional Mayor de San Marcos-en zuzenbidea eta letrak ikasten hasi zen. 1955ean, 18 urte besterik ez zuela, Julia Urquidirekin ezkondu zen[2]. Hori zela eta, ikasketekin batera, hainbat lanetan aritu behar izan zuen. 1959an, Javier Prado diru-laguntzari esker, filosofia eta letretako doktoregoa lortu zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Ondoko urtean Parisen kokatu zen. Bertan, besteak beste, gaztelania irakaslea, France-Presseko kazetaria eta ORTFko esataria izan zen. 1959n bere lehenbiziko liburu Los jefes ipuin bilduma argitaratu zuen[1].
1964an Perura itzuli, Julia Urquidirengandik dibortziatu eta Amazonian zehar ibili zen, oihanari eta oihaneko biztanleei buruzko informazioa biltzen. 1965eanLa Habanara joan zen. Casa de las Américaskubatar aldizkariaren erredakzio batzordekidea izan zen, harik eta 1971n bertako erregimen sozialistatik erabat aldendu zen arte[1].
1975ean Peruko Hizkuntz Akademiako kide izendatu zuten. 1976 eta 1979 bitartean Nazioarteko PEN Clubeko lehendakaria izan zen. Perun, 1981eanLa Torre de Babel telebista emankizuna aurkeztu zuen, eta 1983an Uchuraccay herrian gertatutako 8 kazetariren hilketa argitu behar zuen Ikerketa Komisioaren burua izan zen[3]. 1987an politika munduan sartu zen, Alan García Pérez presidentearen aurkako Movimiento Libertad alderdiaren buru. 1990eko presidentetzarako hauteskundeetan parte hartu zuen, baina Alberto Fujimorik gainditu zuen[4]. Horren ostean, Londresera itzuli eta idazteari ekin zion, berriz ere[3].
1993ko martxoan espainiar hiritartasuna lortu zuen, perutarrari uko egin gabe. 1994anEspainiako Errege Akademiako kide aukeratu zuten, eta urte horretan bertan Miguel de Cervantes saria jaso zuen. Hainbat unibertsitatek honoris causa doktore izendatu dute[3].
Idazlanak
1959an, Leopoldo Alas saria lortu zuen Los jefes (Buruzagiak), kontakizun laburren multzoarengatik. Lehiak eta gogorkeriak markatzen dituzte kontakizun guztiak, eta bai liburu horren, bai ondorengo eleberrien osagai nagusietako bat giro dramatikoa, zoria edota halabeharraren mendekoa dira. La ciudad y los perros (1962, Hiria eta txakurrak) eleberri trinkoa da, aldi berean klasikoa eta abangoardiakoa. Limako eskola militar bateko kadeteen bizimodua erakusten du (egileak berak bertan eman zituen urte batzuk), zapalkuntzak dakarren giro guztiz bortitza eta, mikrokosmos baten moduan, Peruko gizartearen irudia islatuz.
La casa verde eleberriarekin (1966, Etxe berdea), Peruko iparraldera eta oihanera aldatzen da gertalekua. Etxe berdea, putetxea, zenbait istorioren gurutzagunea da: mojek hazitako indiarra, putetxera joan beste aukerarik ez duena; Fushia bidelapurra; oihaneko biztanleen bizimodua eta zuriekin dituzten istiluak. Modu polifonikoan, oihal zabal batean, Peruko gizartearen beste alderdi bat aurkezten du egileak, José María Arguedas edo Ciro Alegríaren indigenismo pintoresko zein protestazaletik oso urruti. Datuen zehaztasunak frantses eleberrigile handien tradizioa darama gaztelerazko eleberrigileen eremura, Honoré de Balzac eta Gustave Flaubertena bereziki (azkenaren mireslea izanik, liburu bat eskaini zion Vargas Llosak).
1967koa da Los cachorros (Txakurkumeak), Limako gazte burgesei buruzkoa. Liburu horretako prosaren arintasunak, indarrak eta oparotasunak egilearen obra handienetako bati zabaldu zioten bidea: Conversación en la catedral (1971, Elkarrizketa katedralean). Errealismo gogor eta lizunenak iradokizun sinboliko eta alegorikoaren ahalmen harrigarria hartzen du hor. Obra horretan, Santiago Zavala protagonistak bere aitaren txofer ohiarekin duen elkarrizketa luzera mugatzen da kontakizuna, baina hor ateratzen dira, nahasmendu zurrunbilotsuan, Santiagoren bizitzako azken hamar urteak, eta jakiten da haren aitaren benetako izaera: homosexuala, hiltzailea, gaizkilea.
Ondoko bi lanak, Pantaleón y las visitadoras (1973, Pantaleón eta bisitariak) eta La Tía Julia y el escribidor (1977, Izeba Julia eta eskribatzailea), eleberri komiko eta parodikoak dira. Lehenbizikoa Peruko Amazonian gertatzen da: oihan horretara igorritako soldaduen sexu-grinak asetzeko, prostituta konboiak antolatzen dira. Isileko zeregin horren arduraduna, bere printzipioen aurka bada ere, Pantaleón Pantoja kapitaina da. Eleberri labur horretan, oso kontaera berritzailea erabiliz, hipokresia sozialaren kritika zorrotza egin zuen[5]. La Tia Julia y el escribidor, berriz, 1950eko hamarkadako Limaren oroitzapena da, eta idazlearen lehen ezkontzan oinarriturik dago.
Literaturan gogor lan egiteaz gainera, politikagintzan jardun du beti; jadanik unibertsitateko urteetan, 1950eko hamarraldian, Peruko Alderdi Komunista berregituratzen saiatu zen. 1960tik aurrera sozialismotik aldentzen hasi zen, benetako sozialismoaren huts egitea zela eta. Orduz geroztik, totalitarismoa etengabe gaitzesteaz gain, liberalismoaren bidetik abiatu zen.
1987an, Alan García presidenteak bankuak nazionalizatzeko asmoa iragarri zuelarik, neurri horren aurka agertu eta Peruko politikaren lehen lerrora igaro zen. 1990eko hauteskundeetan, zentro-eskuineko FREDEMO koalizioaren presidentegaia izan zen, baina Alberto Fujimorik garaitu zuen[7].