Lima[1] (gaztelaniaz ˈlima, kitxuaz ˈlɪma eta aimaraz ˈlima ahoskatua) Peruko hiriburua eta hiririk populatuena da. Herrialdearen erdialdean dago, Ozeano Barearen eta Rimac ibaiaren ertzean, Ande mendietatik hurbil. Hirialde bakarra osatzen du 13 kilometrora dagoen Callao portuarekin batera. 2672 km² ko azalera du eta 2007an 7.605.742 biztanle zituen[2]. Hego Amerikako laugarren hiririk handiena da.
Izena
Lima izena aimara hizkuntzatik (lima-limaq, «lore horia») edo ketxuatik (Rimac, «hiztuna»), Rimaq errekarengatik, dator.
Klima
Tropikoan egon arren tenperatura apalak izaten dira Ande mendien hurbiltasuna eta Humboldt itsaslaster hotzaren eraginez (17 °C neguan eta 14 °C udan).
Iturria (2): BBC Weather (sunshine, humdity data, record high and record low).[4]
Historia
1535ekourtarrilaren 18an sortu zuen Lima hiria Francisco Pizarro konkistatzaile espainiarrak, Ciudad de los Reyes («Erregeen hiria») izenaz, eta Peruko Erregeorderriaren hiriburua izan zen bi mendez. San Marcos unibertsitateak etorrarazi zituen zuzendari zibilek eta erlijiosoek, mea aberastasunak eta merkataritza oparoak Peruko hiri garrantzitsuena ez ezik Hego Amerikako hiri nagusi bihurtu zuten Lima XVII. menderako. 1821eanJosé de San Martín jeneral argentinarrak hiria espainiarren mendekotasunetik askatu eta Peruren burujabetasuna eskatu zuen bertan.
Demografia
Hiria kanpotik etorririkoek eraiki dituzten etxadi eta aldiri txiroez inguratua da, inguruko eskualdeetako biztanleak etengabe biltzen baitira Errepublikako hiriburura.
Ekonomia
Peruko politika, administrazio, finantza, industria eta merkataritzagune nagusia da. Ehungintza, plastikoak, zurgintza, kimika industria, eraikuntza eta industria astuna (altzairugintza, automobilgintza) dira industria nagusiak. Industria horiek Vitarte auzotik Callaorako eremuan eta Pan-American autobidearen alboetan daude. Merkataritza aldiz hiriaren hegoaldean dago.
Ondarea
Espainiarren konkistaren garaiko monumentu ugari gorde ditu Limako hiriak, baina horietako asko eta asko berritu edo berriro eraiki dira, lurrikarek erabat edo neurri handi batean hondatu baitituzte jatorrizko eraikuntzak. Aipagarri dira, besteak beste, 1540. urtean eraikitako katedrala (XVIII. mendean berritua), XVI. mendeko San Francisco eliza eta komentua, XVIII. mendean erabat berritu zen Santo Domingo komentua, XVII. mendeko San Agustin komentua (XVI. mendeko kanpandorrea, klaustroa, erretaula barrokoa), Santa Rosa de las Monjas eliza (1704-1708), Corazón de Jesús eliza (1758-1766), Nazarenas eliza (Peruko rokoko estiloko eredurik garbiena, 1766-1771) eta XVII.-XVIII. mendeetako hainbat etxe eta jauregi, barroko eta rokoko estiloan eginak. Ikusgarriak dira, halaber, arkeologia museoa eta urrearen museoa (Kolon aurreko artelanak). Liman dauden hiru unibertsitateetatik San Marcos da garrantzizkoena, 1551n sortua.
Lima Iberoamerikako Hiriburu Hirien Batasunaren (gaztelaniaz: Unión de Ciudades Capitales Iberoamericanas - UCCI) (portugesez: União de Cidades Capitais Ibero-americanas) partaide da, 1982ko urriaren 12tik, jarraian agertzen diren hiriekin senidetarsun erlazioak hasiz: [7]