Krahn leinuko kidea zen. Hemezortzi urterekin soldadu egin zen. Krahn indigenen eta koloniaren fundatzaile amerikar-liberiarren ondorengoen arteko tirabirek krisi sakona eragin zuten 1980an, Doeren gidaritzapean ziharduen Krahn talde batek William Tolbert lehendakaria eta honen hamahiru laguntzaile hil zituenean.
Doek jeneral kargua eskuratu zuen, eta Herria Askatzeko Batzorde bat osatu zuen, berak izendatutako hamalau kiderekin, herrialdea gobernatzeko. 1985ean hauteskundeak irabazi zituen iruzur eginez, eta zenbait estatu-kolpe saio eragotzi zituen. Basakeriaz eta ustelkeriaz akusatu zuten, eta produkzio nazionalaren beherapenari, auzo herrialdeen etsaitasunari eta baldintza ekonomikoen hondamendiari aurre egin behar izan zion. Bere leinuko kideak oposiziokoak zapaltzera bultzatu zituen eta matxinada herrialde osora zabaldu zen. Gerra zibila hasi zen eta 1990eko erdialdean Liberia osoa, Monroviako alde batzuk izan ezik, matxinatutako talde etsaien mendean zegoen. Urte hartan bertan atxilo hartu eta hil egin zuten.