- Artikulu hau idazle eta euskalariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lafitte».
Piarres Lafitte Iturralde[1] (Luhuso, Lapurdi, 1901eko maiatzaren 21a - Baiona, Lapurdi, 1985eko otsailaren 23a) apaiz katolikoa, euskal idazlea, euskalaria eta kazetaria izan zen. Herri literaturaren gainean egin zituen ikerketa lanengatik da bereziki ezaguna. Aitzina eta Herria agerkarien zuzendari izan zen. Ipar Euskal Herriko lehen talde abertzalearen sorkuntzan akuilu lana egin zuen.
Bizitza
Luhusoko Salaberrian jaioa, aita gaskoi jatorriko baigorriarra eta ama uztariztarra izan zituen. Zazpi urte zituela umezurtz geratu zen, eta osaba-izeben etxean hezi zuten Ithorrotze-Olhaibin. Izeba bearnesak ez zekien euskaraz, ez frantsesez: hori zela eta, okzitaniera ikasi eta euskara aski ahaztuta utzi zuen. 1912an Belokeko monasterioan sartu zen, eta 1919an Uztaritzekoan; orduan berreskuratu zuen euskara. Lafittek berak aitortzen zuenez, Jean Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zen euskaltzale eta abertzale. Hark ematen zizkion hegoaldeko aldizkari abertzaleak. Baionan segitu zituen ikasketak.
1924an apaiztu zen. Tolosa Okzitanian izan zen ikasten bi urtez, eta 1926tik aurrera Uztaritzeko apaizgaitegi txikian irakasle izan zen. Le Carillon des Jeunes aldizkari feministan idatzi zuen, emakumeen eskubideen alde, Pierrette Labé izengoitiaz. Uztaritzen, berriz, lan arazoetarako zentro bat zabaldu zuen. Garai hartako idazlanak Eskualduna, Gure Herria, Le Courrier de Bayonne, La Presse eta La Liberté de Sud-Ouest aldizkarietan argitaratu ziren.
1932an, Aitzol ezagutu zuen eta hegoaldeko abertzaleekin harremanak sendotu zituen. EAJren ideologia oinarri hartuta, Programme Eskualerriste idatzi zuen. 1934an Aitzina izeneko hilabetekaria sortu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren garaian hegoaldeko euskal herritarrei laguntzeko talde bat eratu zuen iparraldean.
Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, eta gero Frantziako Erresistentzian.[2] 1944an Herria aldizkaria sortu zuen, Telesforo Monzonen eta Manu Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. Langile porrokatua izaki, lehen bi urtean Lafittek berak bete zuen aldizkari ia osoa, izenordeaz sinatuta edo izenik jarri gabe.[3] 1952an, euskaltzain oso izendatu zuten; 1961ean, ohorezko kalonje Baionako katedralean; eta 1982an, honoris causa doktore Euskal Herriko Unibertsitatean.
Euskara batuaren sorkuntzan zinezko detonagailua izan zen 1964an Baionako Euskal Idazkaritza. Txillardegiren bultzadaz abiaturik, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Piarres Lafitte, Piarres Lartzabal, Piarres Xarriton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). 1964ko abuztuan abiatu zen zorioneko biltzar hura, eta hango iritziak eta erabakiak urtebete geroago argitaratu ziren. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu zorioneko hatxe hura. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean eskaria eginez Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan.[4][5]
1985eko otsailaren 23an eman zuen azken hatsa, Baionako Ospitalean.[6]
Idazlanak
Alor asko landu zituen Lafittek bere idazlanetan: 15 orrialdeko zerrenda betetzeko adinako artikulu eman zituen argitara[3] (Patri Urkizuk, 1990ean, Euskal Literaturaz izenburu pean bildu eta argitaratu zituen euskaraz idatzitako batzuk); besteren lanak bildu eta argitaratu zituen (Salvat Monho, Piarres Ibarrart, Mañex Etxamendi, Charles Bécas, Julien Héguy, Arnaut Oihenart, Jean Saint-Pierre eta abar); euskal literaturaren antologiak egin zituen (1931, Eskualdunen Loretegia).
Beste lanak: hitzaldiak (1932, Les études basques à travers les siècles; 1942, Les Basques et la littérature d'expresssion basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule); gramatikak eta hiztegiak (1944, Grammaire basque, Navarro-labourdin littéraire; 1941, Vocabulaire français-basque; 1953, Lexique français-basque); olerkiak (1932, Ithurralden kantuak); ipuinak (1945, Murthuts eta bertze; 1990, Historio-misterio edo eiherazainaren ipui hautatuak, hil ondoan argitaratutako ipuin bilduma); antzerkiak (Sarea, Orratza, Merkatuan, Maritxu, San Frantses, Amerikanoa, Chalbaten mertchika-ondoak, Egiazko argia, Mirikuan, Oyharzunak, Eguberri, Illargia, Hil biziaren ordenua, Gonzalve edo ostatu betea, Betelemenko artzainak).
1983an Euskaltzaindiak haren omenez liburu bat kaleratu zuen, 50 bat ikertzaileren lanekin. 1993an Serge Monier-ek, Lafitterekin izan zituen solasaldietatik abiaturik, liburu bat argitaratu zuen, oroitzapen liburu gisa (Le père Lafitte, entretiens, souvenirs avec Serge Monier).
«
|
- Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?
- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker.
Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin...
|
»
|
—Xipri Arbelbide[7]
|
Idazlanen zerrenda
Hizkuntzalaritza
- Grammaire basque: navarro-labourdin littéraire (1944)
- Grammaire basque pour tous II - Le verbe basque (1981)
Narrazioa
- Murtuts eta bertze... (artho churitzeko zonbait ichorio chahar), 1945, Aintzina
- Historio-misterio edo etherazainaren ipui hautatuak (1990, Herri-Egan Argitaldaria)
Saiakera
- Koblakarien legea (1935, Gure Herria)
- Mende huntako euskaldun idazleen Pentsa-bideak (1974, Gure Herria)
- Pierre Topet-Etxahun (1970, Editions Herria)
Antologia
- Eskualdunen Loretegia. XVI-garren mendetik hunateko liburuetatik bildua. Lehen zatia (1645-1800) (1931, Lasserre)
Antzerkia
- Egiazko argia. 1933, Antzerti, Tolosa.
- Hil biziaren ordenua (1963, Herria)
- Santcho Azkarra (1954, Ed. Herria)
- Lafitteren antzerki kaierak (2009, Hiria argitaletxea) Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak prestatu edizioa.
Bertsoa
- Mañex Etchamendi bertsularia (1972, Auspoa)
- Murtuts eta bertze... (artho churitzeko zonbait ichorio chahar) (1945, Aintzina)
Bilduma
- Kazetari lan hautatuak (2002, Elkar)
Erreferentziak
- ↑ Goitizen asko erabili zuen, adibidez Ithurralde, Pierres Ithurralde, Eiherazaina eta Pierrette Labé.
- ↑ Madariaga, Ainize. (2023-11-26). «Piarres Lafitten tiroa» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
- ↑ a b Maria Isabel GOIKOETXEA: «Piarres Lafitte zenaren lanak (bibliografia)», Euskera, XXXI, 1986.
- ↑ «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
- ↑ Emile LARRE: «Piarres Lafitte joan zaiku (1901-1985)», Euskera, XXX.
- ↑ Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
Bibliografia
Kanpo estekak
- «Piarres Lafitte», Literaturaren Zubitegia.
- Joseba Aurkenerena: Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts [1]