Le Nord-du-Québec ("Quebeceko iparraldea") Quebecekoeskualde administratiboa da. 10 kodea erabiltzen da eskualde hau identifikatzeko. Biztanle gehien duen hiria Chibougamau da.
Eskualdeak (839.000 km²) Quebec osoko azalaren % 55 okupatzen du; aldiz, biztanleriaren % 0,5 (40.000 lagun) besterik ez da bertan bizi. Jatorriko herriak (kasu honetan inuit eta creeak) gehiengoa (% 60) diren eskualde administratibo bakarra da; europar jatorriko ia guztiak frantses hiztunak dira. Dena batera eskualde bakarrean bilduta badago ere, hainbat arlotan hiru eskualde bailiran ari dira Nunavik (inuitena), Eeyou Istchee (creeena) eta Jamésie ("zuriena").
Hala ere, "hegoaldeko quebectarrek" orain dela oso gutxi arte apenas izan duten kontakturik eskualdearekin; 1960ko hamarkadan hasi ziren geroago izugarri garatu diren proiektu hidroelektrikoak. Nord-du-Québeceko hegoaldean azken hamarkadetan eraiki diren hiri berriak daude: Chibougamau1952an jaio zen, Lebel-sur-Quévillon1965ean, Radisson1974an.
Jatorriko herrietako kideak ez direnen artean ia guztiak frantses hiztunak dira.
Inuktituteraren eta cree hizkuntzaren ezagutza ehuneko oraindik oso altuak dira komunitate horietan. Inuit eta creek bigarren hizkuntzatzat ingelesa dute gehienbat, bi europar inperioen arteko talkaren ondorioz. Quebeceko gobernuaren ahaleginei esker frantsesa hirugarren hizkuntzaren gisan gero eta zabalduago dago. Hala ere, hiru gizataldeek elkarren artean komunikatzeko lingua franca ingelesa da[2].
Banaketa administratiboa
Osorik 14 "iparraldeko herri" (village nordique, inuitena, 10.000 bat biztanle), 9 "herri cree" (village cri, 14.000 bat) eta 5 udalerri (europar jatorrikoak nagusi, 17.000 bat). Bere azalera eta nazio aniztasunagatik, hiru administraziotan banatuta dago eta arlo askotan eskualde bakarra dela ezin esan, bakoitzak kudeaketarako aparteko egiturak dituelako.
Nunavik
Tundrak ia erabat estalita, Nunavik ("bizi den lekua" inuktituteraz) Quebeceko administrazioaren menpeko inuiten lurraldea da. Bere lur eremu tradizional osoa Nunaviken barruan sartuta dago.
Kudeaketa administratiboari aurre egiteko Kativik ("biltzera joaten den lekua") izeneko egitura dago, 1978an sortua. Egoitza Kuujjuaqen dago[3].
Eeyou Istchee
Inuiten kasuan ez bezala, cree herriari ez zaio bere lur historiko guztien gaineko kontrola eman eta herri bakoitzaren inguruko lurrekin sortutako barrendegi sortak Eeyou Istchee (edo Iyyu-Isci, "herriaren lurraldea" cree hizkuntzan) izenekoa eratu du. Administrazioaren egoitza Nemaskan dago[4].
Jamésie
Hegoaldeko zatiaren gehiengoa berez ia biztanlerik gabea da herri bakanak kenduta eta cree herriaren lur tradizionalak dira baina aparteko administrazio batean bilduta daude, Jamésie izena duena eta bertako biztanleriaren gehiengoa "zuria" da; horrek gobernuek dituzten proiektu hidroelektriko edo beste motatakoak aurrera ateratzeko erraztasunak eskaintzen ditu. Egoitza Matagamin dago[5].
Jamésieko ia lurralde osoa Baie-James udalerrian dago; 333.000 km²rekin munduko udalerririk handiena da.