Antzinako Nafarroako errege-erreginen jauregia egun Nafarroako Artxibo Orokorraren egoitza da eta Iruñeko eraikin historikorik zahar eta adierazgarrienetakoa da[1].
Historian zehar, hainbat izen izan ditu, hona hemen:
1189 eta 1841 artean: San Petri errege jauregia, San Petri apezpiku eta errege jauregia, eta Errege-erreginen jauregia. San Petri izena bertan zegoen elizatik zetorkion (egun, Aldapa kaleko San Fermin elizan dago kokatuta).
1841 eta 1872 artean: Kapitaintza Jeneralaren jauregia.
1876 eta 1971 artean: Gobernu Militarra.
2003az geroztik: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia.
Tibalt I.ak, 1246anIruñera ailegatu eta, Petri Ramirez Piedrolakoa apezpikuak jauregia okupatu izan zuela topatu zuen. Hori zela eta "jauregi zaharretan" jarri izan behar zuen egoitza, katedralaren klaustroan zegoen Jesukristo kaperaren ondoan. Honek bien arteko tirabirak areagotu zituen: Tibaltek Petri Ximenez Gatzolatzekoa gotzaina saltzailetzat salatu eta apezpikuak erregea eskumikatu zuen. Honen ondorioz, apezpikuak Aragoiko erresuman zegoen Navardúnera ihes egin behar zuen. hiru urte eman zituen hantxe. Tibaltek Erromara jo zuen eskumikua kentzeko. Gazolazkoak Tibalt II.ari Jauregia itzuli bazion ere, Alexandro IV.a aita sainduak itzulpena indargabetu zuen.
1276ko Nabarreriako Gerran, Jauregia kaltetua oso izan zen, bertatik Nabarreriakoek San Zerningotarrei katapultaz eraso zietelako.
Espainiako armadak 1971n utzi arren, 1976an Kultura Ondasun izendatu zuten. Berreraikitzeko lanak hasten ari zirela, eraikina hainbat aldiz su eman zuten, 1978ko maiatzetik ia hilabetero eta 1983ko urriko hamabost egunetan hamabi aldiz.
1987ko irailean Manuel Iñiguez eta Alberto Uztarroz arkitektoek Nafarroako Gobernuari Nafarroako Historia Museoa eraikitzeko aurreproiektu erakutsi zioten. 1993an, berriz, Nafarroako Agiritegi Nagusia eraikitzea erabaki eta Rafael Moneo nafarrari proiektua eskatu zioten. 1994an lanak hasi eta 2003an zabaldu zuten.
Arkitektura
Ziur asko 1189 inguru eraikia izan bazen ere, badaude aurrekoa dena esaten dutenak. Oraindik gela erromaniko bakarra geratzen da, 26,8 x 7,1 metrokoa eta mendebaldean erregeen gelak zituena.
1733an lehergailuen biltegia eztanda eta zeharo kaltetu zuen eraikina. XVII. eta XVIII. mendeetan berrikuntza asko egin zituzten.
XIX. mendean eskailerak eta galeriak berritu zituzten, gobernadore militarrak aginduta. 2003an Rafael Moneok eraikin berria egin zuen, harresiak mantenduz eta gaztelu itxura berreskuratuz.