Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959ko azaroaren 1a) gizarte-antropologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta erreferentea da Euskal Herriko feminismoan. Txikitatik Basaurin bizi izan da.
Antropologia feministan, medikuntzako antropologian eta gorputzaren eta emozioen antropologian aditua izanik bost liburu ezagun hauek argitaratu ditu, besteak beste: 1) Antropología del cuerpo. Género, itinerarios corporales, identidad y cambio, 2) Crítica del pensamiento amoroso, 3) Amaren heriotzak libreago egin ninduen , 4) Feminismoa eta politikaren eraldaketak, eta 5) Andrezaharraren manifestua.
Mugimendu feministako kidea ere bada.[1] Haren liburuek hedapen zabala izan ohi dute bai arlo akademikoan baita sozialean ere. Irakaskuntza, ikerkuntza, literatura eta konpromiso soziala bateratzen dira Mari Luz Estebanen jardunean. Hainbat ekimenetan parte hartu du, esaterako, Marienea Basauriko Emakumeen Etxearen partaide aktiboa da eta Foro Sozial Iraunkorraren barruan, justizia feministari buruzko batzordearen kide.
Medikuntza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (1983), Gizarte Antropologia doktore-titulua Bartzelonako Unibertsitatean lortu zuen (1993), baita Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua gero Mondragon Unibertsitatean (2012). Familia-Plangintzako mediku izan zen Bizkaian 1984tik 1996raino, eta harrezkero antropologiako irakasle eta ikertzailea izan da gero unibertsitatean.[2]
Medikuntzako titulua lortuta irakasle hasi zen Leongo Unibertsitatean (1994-96), gero Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1996-98), eta 1998tik Euskal Herriko Unibertsitatean non hainbat ardura hartu izan dituen, besteak beste hauek: Gizarte-Antropologia arloko irakasle, Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko burua, Ikasketa Feministak eta Generoa masterreko koordinatzailea (2008-2013). (2009tik). 2009tik aurrera Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktorego-Programako arduraduna da eta AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldearen koordinatzailea.[3][4]
Oraindik mediku-lanak egiten zituela, doktore-tesiari ekin zion eta bertan ugalketa- eta sexu-osasunari buruz emakumeen jarrerak eta pertzepzioak ikertu zituen Teresa del Valleren zuzendaritzapean, eta 1993an defenditu zuen Bartzelonako Unibertsitatean (Actitudes y percepciones de las mujeres respecto a su salud reproductiva y sexual). Ikerketak berretsi egin zuen antropologia medikoan irakurketa bereiziak egitea garrantzitsua dela, populazioaren osasun-beharren arabera; herritarren eta, batez ere, emakumeen ikuspegi indibiduala eta kolektiboa kontuan hartzea funtsezkoa da. Bai azterketa epidemiologikoetan, bai eguneroko asistentzian, kontuan hartu behar dira ikuspegi desberdinak: "emakumeak" kolektiboaren heterogeneotasun eta hainbat bizi-eredu; baita sintoma askoren eta emakumeen errealitate sozialaren arteko harreman estua dela ere. Lan hau aitzindaria izan zen Espainiako estatuan, arlo horretako ikerkuntzako lehen lana izan zen eta, horrezkero, hainbat tesi zuzendu ditu arlo berean.[5]
Bere ikertzaile-formakuntza aberasteko hainbat unibertsitate bisitatu ditu geroago, besteak beste hauek: Granadako Unibertsitatea (2021, Instituto Universitario de Investigación de Estudios de las Mujeres y de Género), Veronako Unibertsitatea (2020, Dipartimento di Science Umane), Sussex-eko Unibertsitatea (School of Global Studies (Bretainia Handia): Visiting Research Fellow), Londresko Unibertsitatea (2013, Department of Anthropology. Goldsmiths College, Visiting Research Fellow), Renoko Unibertsitatea (1997, Basque Studies Center, eta Parisen (1995, Laboratoire d'Anthropologie Sociale de l'Ecole des Hautes Etudes en Sciences Sociales).
Gai zehatz hauek ikertu ditu Estebanek: "osasuna eta generoa”, “genero ezberdintasunak", "genero-identitateak eta harremanak", "maitasuna eta emozioak".
Osasun eta generoaren alorrean eginiko aurrekari-lanez gain, azken hamarkadetan, gorputz-etnografia edo etnografia korporala deitzen den ikuspegi teoriko-metodologikoaren arloan dihardu, non hurbilpen fenomenologikoa eta kritikoa lantzen den. Arlo horretan egindako lanak erreferentzia izaten ari dira gizarte-antropologian, eta hainbat ikertzaileren lanen zuzendari izan da eta izaten ari da. "Gorputzez gorputz" perspektiba hori lantzerakoan bizitzaren haragitasuna begiratzea proposatzen du Estebanek, diskurtsoei eta teoriari erreparatzeaz gain, gorpuztasunari erreparatzeak ikerketan dakartzan onurak azpimarratuz.
Haren ikerlanetako beste ezaugarri bat pertsonen agentziari ematen dion garrantzia da. Genero-desberdintasunen gaietan emakumea biktima moduan bakarrik ikusteko joera egon da eta emakumeak (eta oro har, azpiraturiko sektore sozial guztien partaideak) agente moduan ikustea defendatzen du. Emakumeak biktimatzat hartzeak bi osagai ezkor dakartza: pertsona horiei ekintzarako ahalmena kentzea, eta laguntza bakarrik kanpotik helduko dela aurreikustea, ondorioz, duten subjektutasun-posizioak ezabatuz.
Egun, gizarte-mugimenduen aliantzak aztertzen ari den lantalde zabal baten koordinatzaile da Ikerketa horretan, generoa, sexualitatea, klasea, arraza eta hizkuntza batera kontuan hartzea herritartasun kontzeptua zabaltzeko aukera dela defendatzen du. Zabaltze prozesu hori lortu ahal izateko batetik mugimendu herritarren arteko aliantzak aintzat hartu behar direla, eta bestetik, ikuspegi feminista bera ere berritu behar dela dio. Bide horretan feminismo dekoloniala Euskal Herrira egokitzea aukera aparta da berarentzat.[7][8]
Proiektu horretan, gizarte-mugimenduen ekimenak eta gizartearen aniztasuna ikertzen ditu, herri-ekimenetatik komunitateak ehuntzeko dauden aukerak bilatzen ditu. Gure gizarteetako errealitate ukaezina eta aberasgarria da aniztasuna; ugariak dira herrialde guztietan dauden jatorri, genero, hizkuntza, klase, ingurune-justizia edo bestelako aldagaiekin loturiko bereizkeriak eta bazterketa soziala. Horien kontra aritzeko nahitaezko da berariazko diren neurri eraginkorrak bilatzeko ikertzen du. Hor, ikerketaren hipotesia, abiapuntua, hau da: gizarte-testuinguru horretan, eta oztopoak oztopo, sareak eta elkarlanak sortzen ari dira, eta horien artean egitasmo, elkartasun eta herritartasun modu berriak gauzatzen ari dira, maila materialean zein sinbolikoan. Bost ardatz nagusi bereizten dituzte: (1) kultur-aniztasuna eta gizarte-aniztasuna (migrazioa); (2) genero-berdintasuna; (3) hizkuntzen aldeko ekimenak eta, bereziki, euskararen gaineko pertzepzioa edota erabilera; (4) jasangarritasuna eta ingurune-justizia; eta (5) herritartasunaren konfigurazioak.[9][10][11]
AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldea: Eusko Jaurlaritza talde finkatu gisa onartua izan zen 2015ean GIC15/126, 2016-2021), Esteban bera ikertzaile nagusia zela.[14]
2018tik 2021ra bitartean NOR, PARTE-HARTUZ eta EKOPOL ikertaldeekin lankidetzan zuzentzen du proiektu bat Josu Amezagarekin eta Espainiako Ikerketa-agentziak finantzatuta: "Solidaritate, elkarrekikotasun eta aliantza berriak: parte-hartze politikoko lankidetza espazioen sorrera eta herritarren birdefinizioa / Nuevas solidaridades, reciprocidades y alianzas: la emergencia de espacios colaborativos de participación política y redefinición de la ciudadanía” (Ref CSO2017-82903-R, 2018-2021).
2013tik 2016ra, Bartzelonako Unibertsitateko Ignasi Terradas Saborit irakaslearekin eta Maggie Bullen-ekin Emakumearen Institutuko proiektu batean jardun zuen (Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko 170/12 proiektua zen). Proiektuaren izena hau zen: "Emakumeen aurkako indarkeria egungo testuinguru sozial eta ekonomikoan. Baldintza soziokulturalen azterketa antropologikoa praxi judizialean. / La violencia contra las mujeres en el contexto social y económico actual. Un estudio antropológico de las «condicionantes socioculturales» en la praxis judicial".
2010etik 2012ra bitartean proiektu bat zuzendu zuen genero-harremanak eta gorputz- eta emozio-praktikak euskal gazteen artean ikertzeko ("Continuidades, conflictos y ruptura frente a la desigualdad: relaciones de género y prácticas corporales y emocionales en las/os jóvenes vascos", Ref FEM2009-07679").
2004tik 2007ra bitartean I+D+I programaren barruan Emakumearen iInstitutuarekin (Instituto de la Mujer) proiektu bat zuzendu zuen Osasuna, maitasuna eta desberdintasuna aztertzeko, genero-identitateak eta emakume- praktikak ikertzeko ("Salud, amor y desigualdad: identidades de género y prácticas de mujeres").
20 doktore-tesi zuzendu ditu bai UPV/EHUn bai Estatuko beste zenbait unibertsitatetan: Universitat Autònoma de Barcelona, Universitat de Barcelona, Universitat Rovira i Virgili, Universidad de Zaragoza eta Universitat de Valencia. Erdarazko tesigile horien artean hauek daude: Yolanda Bodoque Puerta, Clara Juárez-Ramírez, Maria Jesús Montes, Inmaculada Hurtado García, Jose Ignacio Olaizola, Almudena Marí Sáez, eta María A. Zapata.
Erdarazko beste batzuez gain, AFIT ikerketa talde barruan euskarazko tesi hauek zuzendu ditu Estenbanek EHUn:[15]
Ibilbide unibertsitarioaz gain, konpromiso argia erakutsi du beti gizarte mailan unibertsitateko, eta pentsamenduko arlo horiek hedatzen, eta lan handia egin du alor horretan hainbat argitaletxe, kultur-elkarte, komunikabide edota aldizkariren bidez. Hainbat liburu, monografiko eta artikulu idatzi ditu aldizkari eta argitaletxe espezializatutan. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 40 lan bildu dira.[16][17] Bere arloan 10 liburu argitaratu ditu, horietako seitan bera egile bakarra izanik. Horrez gain artikulu bilduma diren beste 10 liburu koordinatu ditu editore gisa, eta beste 16 monografia ere bai. Katalanera eta gaztelaniara itzuli izan dira liburu horietako lau. Besteak beste bere lan hauek dira aipagarrienak:
Oso ezaguna da bai Espainiako estatuan baita Latinoamerikan eta Europako zenbait herrialdetan ere; 58 ponentzia gonbidatu eman ditu estatuko eta nazioarteko kongresutan.