Juan Nepomuceno Orbe Mariaka (Ermua, 1817ko maiatzaren 2a – Ermua, 1891ko apirilaren 21a), laugarren Valdespinako markesa, bizkaitar jeneral eta politikari karlista izan zen[1].
Orbetarrak Ermuan markesak ziren[2]. Aitarekin Lehen Gerra Karlistan, Azpeitia, Gares, Larraintzar, Etxarri-Aranatz, Abartzuza, Jurramendi, Arlaban, Bilbo eta Ondarroako guduetan parte hartu zuen eta ondoren, Bergarako besarkadaren aurkaria izanik, Frantziara erbesteratu zen bere aitarekin. 1850ean titulua ez ezik aitaren ospea karlisten arten jarauntsi zituen.
1860an Sant Carles de la Ràpitan matxinatu zen arrakastarik izan gabe eta Frantziara ihes egin behar izan zuen berriro 1868. urteko iraultzaren ondorioz. 1871an senatari hautatu zuten Bizkaia ordezkatuz. Mañaria, Oñati eta Gernikako guduetan borrokatu zen hurrengo urteetan eta Frantziara alde egin behar izan zuen berriro. 1873. urtean itzuli zen mariskal graduaz eta Markina, Etxebarri, Gernika, Sollube, Oñati, Azkarate, Urizaharra, Eraul, Ibero, Lizarra, Allo, Deikaztelu, Viana eta Jurramendiko guduetan borrokatu zen. 1874. urtean Bizkaiko komandante nagusi izendatu zuten eta Bilbo, Irun eta Lakarreko guduetan parte hartu zuen Karlos erregegaiaren agindupean. Frantziara erbesteratu zen gerra amaitutakoan. 1880. urtean itzuli eta karlisten buruzagietako bat izan zen. El Estandarte Real agerkari karlistako erredaktore izan zen. 1891. urtean Kapitain Nagusi izendatu zuen Karlosek; handik gutxira hil zen.
Juan Nepomucenok seme bi, José María eta Cándido María, izan zituen, biak karlisten buruzagiak izan zirenak.