Stéphane Grappelli (Paris, Frantzia, 1908ko urtarrilaren 26a - Paris, 1997ko abenduaren 1a) jazzeko biolin-jotzaile frantsesa izan zen. Biolinaren doinua jazz musikan arrakastaz txertatu duen musikari bakarretakoa.
Parisko Kontserbatorioan biolina jotzeko teknika klasikoa ikasi zuen, baina jazz musikako diskoak entzun zituen orduko, erabat aldatu zuen jotzeko bere moldea. 1930eko hamarraldian, kontzertuak emateaz gainera, zenbait abesti grabatu zituen, Frantziako ereserkiaren jazz-bertsio bat eta guzti, Django Reinhardt gitarra-jotzailearekin batera. Jazz libreko inprobisazioak jotzen zituzten, estilo hori musika-joera independentetzat ezagutua izan baino hogeita bost urte lehenago. Grappellik osaturiko boskotea Frantziako ospetsuenetako bat izan zen. Garai hartako musikari onenekin jo zuten, hala nola Joséphine Bakerrekin, George Gershwinekin eta Louis Amstrongekin. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Frantziako eta Britainia Handiko klubetan lan egin zuen, eta 1968an, Estatu Batuetan jo zuen lehenengo aldiz, Newport Jazz Festival jaialdian.