Piperbeltza (Piper nigrum) espezia estimatua da, Piper generoko zuhaitz baten fruitua. Fruitua drupa bat da (5mm-koa gutxi gorabehera), osorik edo hauts moduan erabil daitekeena. Piper ale hauek heltze prozesuaren arabera berdeak, beltzak edo zuriak izan daitezke.
Piperbeltz aleak Indian "piperbeltzaren kosta" izenez ezagutzen den Malabar eskualdean hazten den tropikoko landare baten baiak dira.
Deskribapena
Piperbeltza landare bizikorigokaria da, 4m baino gehiago hazi daitekeena euskarri baten inguruan. Erraztasunez ugaltzen da zurtoinek lurra ukitzen dutenean sustraituz. Hostoak 5-10cm ko luzera eta 3-6cm ko zabalerakoak dira.
Heltze-mailaren araberako motak
Piperbeltz berdea heldu gabeko alea da; gainontzekoak ez bezala, hauts eran baino gehiago erabiltzen da osorik. Lehor edo ozpinetan kontserbatuta saldu ohi da. India, Madagaskar, Brasil eta Malaysian ekoizten da gehienbat.
Piperbeltz soila heltze-fasearen erdialdean jasotzen da; munduan erabiliena da. Aurretik aipatutako lurraldeez gain Vietnam, Indonesia eta Sri Lankan ere ekoizten da.
Piperbeltz zuria guztiz heldutako alea da, oskolik gabekoa eta piperbeltz arrunta baino leunagoa; Indonesia, Txina, Brasil eta Malaysian ekoizten da.
Sichuan edo Jamaikako piperbeltz modura ezagutzen direnak edota piper arrosa modukoak izenez antzekoak izan arren ez daukate piperbeltzarekin inongo harreman botanikorik.
Historia
Piperbeltza antzinatetik hazi izan da, jatorriz Indian. Erdi Aroan jaki ustelen zaporea arintzeko erabiltzen zelako ustea dago; baieztapen hori ez dago frogatua eta historialarien ustez ez da oso probablea, garai horietan piperbeltza luxuzko produktua baitzen, goi-klaseetako pertsonek soilik eskura zezaketena, eta horiek egoera onean zeuden jakiak ere eskuratzeko ahalmena zeukaten[1].
Arabiarrek, piperbeltzaren eta beste espezia askoren merkataritza kontrolatu zuten mendeetan zehar, eta Bizantziar Inperioaren gainbeheraren ondoren Venezia izan zen ia era esklusiboan aritu zena merkataritza horretan. Produktu arraro eta garestia izanik, moneta gisa erabili izan zen Erdi Aroan.
Zuen balio handi horregatik, portugaldarek ekialdeko espezia irlen bila bidea hasi zuten, Afrika inguratuz.
Zaporea
Piperbeltzak duen zapore pikantea piperina izeneko konposatu batek eragiten du, fruituaren oskolean eta hazian dagoena. Piperbeltz arruntean badagoen oskolean beste terpeno usaintsu batzuk aurki daitezke, besteak beste, pinenoa, sabinena, limonenoa, cariofilenoa eta linaloola, zapore zitriko, zurkara eta loreena ematen dituena. Aldiz, piperbeltz zuriak, oskolik ez duena, ez du halako zaporerik eta beste usain batzuk har ditzake azken heltze-fasean[2].
Piperbeltzak zapore eta aroma galtzen du behin jasotakoan ondo gordetzen ez bada; horregatik, ontzi hermetikoetan gordez gero luzeago irauten du. Argitan denbora gehiegiz utziz gero ere zaporea galtzen du, piperina isochavicina bihurtuz, ia zaporerik ez duena. Ehotutakoan piperbeltzaren konposatu armoatikoak azkar lurrundu egin daitezkeenez, sukalde errezetetan aleak justu erabili aurretik ehotzea gomendatzen da. Horretarako motrailua erabili izan da, eta ehogailua ere bai Europan XIV. mendetik aurrera.
Erabilerak
Mundu osoan ongailu gisa erabiltzen da hestebete eta haragi onduak prestatzeko, eta marinatu eta saltsa ugariren oinarrizko osagaietariko bat ere bada. Gatzarekin batera erabili ohi da.
Antzinatean gonorrearen eta bronkitis kronikoaren tratamendurako erabili zen, eta beste zenbait gaitz sendatzeko balio zuelako ustea ere bazegoen, esaterako, idorreria, insomnioa, abzesuak, eguzki erredurak eta haginetako mina. Eztularen aurkako erremedio gisa erabiltzen da, eta duen piperminak osasunerako zenbait onura ematen ditu. Zenbait ikerketak baieztatzen du hanturaren aurkako erremedio ona dela eta baita zahartze goiztiarra saihesteko, dituen antioxidatzaileengatik.
Uste da garuneko endekapenezko gaixotasunak saihesteko eta azaleko pigmentazioa estimulatzeko garrantzia izan lezakeela, bitiligodun pertsonentzat onuragarria izan daitekeena.
Medikuntza tradizionalaren kasuan, piperbeltza Samaññaphala Sutta Budistan agertzen da, 5. kapituluan, monje batek eraman ditzakeen ezpezie urrietako bat bezala[3].